Hizkuntza gutxituak defendatzen dituen Atlasa

9 November, 2016

Donostiak Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa ostatatuko du abenduaren 15ean eta 16an.

 

24 hizkuntza ofizialez gain, Europar Batasunean 90 hizkuntza daude eskualdekoen edo gutxituen multzoan sartzen direnak eta Europako biztanleen %10ak hitz egiten dituenak, eta UNESCOren arabera, hirutik bat desagertzeko arriskuan dago. Aurrera egin nahirik hizkuntza horien guztien eskubideak bermatzeko bidean, Unesco Etxeak eta DSS2016k Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa antolatuko dute abenduaren 15ean eta 16an.

 

Bi egun horietan, esparru akademikoko, publikoko eta gizarte zibileko adituak elkartuko dira topaketan, eta eztabaidagai izango dituzte hizkuntza aniztasunaren defentsak dauzkan erronkak Euskadin, Europan eta nazioartean. Foroak aniztasun hori errebindikatzen du Europa demokratiko, inklusibo eta sostengarriago baten funtsezko ardatz gisa.

 

Topaketa horretan aurkeztuko da UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlas berria. Proiektu hori lehenagoko ekimen batean oinarrituta dago, hain zuzen Arriskuan dauden hizkuntzen atlasean, baina mapa honetan beste hizkuntza batzuk ere sartu dira, leialago islatzeko planetan bizirik dauden hizkuntzen ekosistema aberatsa. Jardunaldian orobat aurkeztuko da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa; prozesu parte-hartzaile baten bitartez osatutako dokumentu bat da, non hizkuntzen defentsarekin lotutako Europa osoko eragile eta elkarteek parte hartu baitute. Topaketa horietan jasotako 400 bat proposamenetatik 150 neurri zehatz atera dira, inplementatu egingo direnak. Protokoloa ekitaldi publiko batean aurkeztuko da Donostian, abenduaren 17an.

 

Foroko egitaraua Suzanne Romaine nazioarteko adituaren hitzaldiarekin hasiko da, zeinak hizpide izango baitu hizkuntza aniztasuna eta sostengarritasuna. Ondoren, hainbat mahai-inguru egingo dira bertatik bertara aztertzeko hezkuntza eleanitza, Europako hizkuntza politikak eta Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, 1998an martxan jarri zena.

 

Topaketa honek helburutzat dauka Europako hizkuntza komunitateen egungo egoera eta erronkak aztertzea, esperientzia praktikoak bateratzea, eta estrategia berri zehatzak bideratzea hizkuntza kalteberen etorkizuna bermatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow