Arantza Tapia: «Grifols Progenikan sartzearekin, euskal know-howak posizioak irabaztea lortzen dugu eta merkatu gehiagotara iristen gara I&G-n erreferentzia izanik»

4 March, 2013

Ekarpen kapital sozialera gehituko da eta eragiketak Progenikaren nortasuna babesten du, Euskadiko enpresa gailen gisa.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantza Tapiak, balorazio positiboa egin du Grifols multinazionalak Progenika euskal enpresa erosi izanaz, «Euskadin diseinatutako produktu berritzailea merkaturatzea sendotzeaz gainera, euskal know-howaren posizioak biderkatzen baititu munduan».

Plasmatik eratorritako sendagai biologikoen ekoizpenean munduko hirugarrena den Grifols konpainiak Progenika enpresa bioteknologikoaren kapitalaren % 60 erosi duen albistearen aurrean, Tapiak honako hau adierazi du: «honek berresten du Euskadik, 2000. urtetik aurrera, bereziki, ikerketa biomedikoaren alde egindako apustua egokia izan zela eta proiektu estrategiko pribatuak, baina euskal erakundeek babestuak, erreferentzia bilakatu direla munduko merkatuan».

Esan behar da, bide batez, Ekarpen sozietate publiko-pribatuak sostengatutako proiektu estrategikoetako bat izan dela Progenika Biopharma. Ekarpen sozietateko partaide dira Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Lagun Aro eta Foru Aldundiak, 7,5 milioi euroko partaidetza-mailegu baten bitartez, zeina Ekarpenek berreskuratu baitu orain, itun globalaren esparruan.

Nolanahi ere, Grifols multinazionalaren eta Progenika konpainiaren artean adostutako itun horrek Ekarpen Progenikaren kapital sozialera gehitzea aurreikusten du, 5 milioi euroko zenbatekoarekin, «Progenikak Euskadiko ehun ekonomiko-enpresarialeko elementu nabarmen gisa duen nortasuna babesteko intentzioz». Ekarpenek egingo du lan hori Progenikako administrazio-kontseiluko kide izango den neurrian, «oinarrizko betebehar gisa ikusi baitugu hori euskal erakundeetatik».

Euskal produktuaren nazioarteko zabalkundea sendotzea

Progenika Biopharma konpainia Derion sortu zen 2000. urtean, medikuntza pertsonalizatuaren merkatuan erreferentzietako bat bihurtzeko xedez. Horretarako, hainbat gaixotasunen –minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta inflamatorioak– diagnostikora bideratu zuen bere jarduera, odol analisien eta beste mota batzuetako laginen prozeduretan oinarritutako diagnostiko metodoak garatuz.

Azken 10 urteotan, I&G-ren arloko jarduerek medikuntza pertsonalizatuaren sektoreko abangoardiara aupatu dute Progenika Biopharma. Konpainiak, Ekarpenekin elkarlanean, nazioartean hedatzeko prozesu bati ekin dio eta bide horretan sendotzen da orain Grifolsen eskutik.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow