Arantxa Tapia: “Euskadik jakin du topaguneak garatzen negozio berriak sorrarazten ari diren bi sektoreren artean: fabrikazio aurreratua eta bio-osasuna”

28 September, 2016

Biospain 2016 azoka munduko bost bio-teknologia ekitaldi onenetako bat da, eta aurreikuspenen arabera aurtengo edizioan 700 erakunde, 1.500 bisitari eta 45 inbertitzaile erakarriko ditu. Aurten nobedade gisa, Pazienteen Foroa egingo da, bertatik bertara lantzeko gaixotasun arraroak, esklerosi anizkoitzaren arloko aurrerapenak eta paziente elkarteen papera. Bio sektorera bideratzen da Euskadin enpresen I+G-ko inbertsioaren %11, eta baditu 80 agente, kluster elkarte bat, eta Europako aitorpena Bio-eskualde bezala.

 

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantxa Tapiak, inauguratu du gaur Biospain azokaren zortzigarren edizioa. Bio-teknologiaren sektoreko nazioarteko topaketa hori hiru egunez luzatuko da BECen, eta bio-teknologiaren eta bio-zientzien nazioarteko topagune bihurtuko da. Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Aukera paregabea dugu aurrean enpresa-sektore berri bat dibertsifikatu eta sendotzeko; sektore bat, zeinetan sektore tradizionalek, Makina Erremintarenak adibidez, puntako konponbideak garatzen dituzten osasun arloko nitxo oso espezializatuetan”.

 

Tapiak orobat esan du harro dagoela Euskadiko bio sektoreak foroan duen presentzia zabalarekin, sektoreko euskal enpresetatik ia erdiek izango baitute stand propioa eta hizlari gisa parte hartuko baitute enpresa-mahai guztietan, argi geratu delarik sektoreak asko duela eskaintzeko nazioarteko markoan.

 

Espainiako Bio-enpresen Elkarteak (ASEBIO) eta SPRIk (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak) antolatzen duten Biospain 2016 ekitaldia munduan egiten diren bost bio-teknologia ekitaldi onenetako bat da, eta aurreikuspenen arabera aurtengo edizioan 700 erakunde, 1.500 bisitari eta 45 inbertitzaile erakarriko ditu. AEBak izango dira herrialde gonbidatua, eta dagoeneko baieztatuta dago herrialde horretako enpresa eta zientzialari ugariren etorrera. Beste 25 herrialdetako parte-hartzaileekin osatuko da hiru egunotan Euskadi bisitatuko duen nazioarteko bio ordezkaritza.

 

“Biospain bezalako ekitaldi bat hemen egiteak aukera ematen digu esparru horretan garatzen dugun jarduera nazioartean aurkeztu eta posizionatzeko, eta, aldi berean, sektoreak merkataritza, inbertsio eta informazio alorretan eta mundu akademikoan dauzkan premiak asetzeko”, adierazi du Alexander Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariak. Orobat  azpimarratu du Euskadin egiten den bigarren edizioa dela. “Horrela, Euskadi indartu egingo da ezagutzan eta teknologian intentsiboak diren ekimenentzako erreferentziazko toki gisa eta, bestalde, aitorpen bat egiten zaio Eusko Jaurlaritzaren bizitza-zientzien aldeko apustuari, zeina 2000. urtean abiarazi baitzen euskal ekonomiari bultzada bat emateko eta gero eta aldakorrago eta lehiakorrago den mundu honetara egokitzeko”.

 

Biospain 16 azokako nobedadeen artean aipatzekoak dira: Pazienteen Foroa, arreta jarriko duena gaixotasun arraroetan, esklerosi anizkoitzaren arloko aurrerapenetan eta paziente elkarteen paperean, III. Prestakuntza eta Enplegu Foroa, eta Big Data eta CRISPR (geneak editatzeko teknika, bio-teknologian anitz aplikazio dituena) joera teknologikoak.

 

 

Euskal presentzia Biospain ekitaldian

 

BIOBASQUE euskal pabilioiak 2800 m2 ditu, eta 32 agentek parte hartuko dute bertan: ALBIAN GROUP / BASQUE BIOCLUSTER / BIAL / BIOBIDE / BIOGENETICS / DYNAKIN / HISTOCELL-Artinvet / INNOPROT / I+MED / MICROLIQUID / MONDRAGON HEALTH / NORAYBIO / ONCOMATRYX / OWL / PRAXIS PHARMACEUTICAL / SENDABIO / STEMTEK THERAPEUTICS / VITIA HEALTHY EXPERIENCE / VIVEbioTECH / CIC bioGUNE  / CIC biomaGUNE / IK4 Research Alliance / TECNALIA / Azti-Tecnalia  / Neiker-Tecnalia / BIC GIPUZKOA /BIC BIZKAIA / BIC ARABA / TECNUN / UPV/EHU / BTI Biotechnology Institute.

 

Saio industrial guztietan euskal hizlari bat ariko da, gutxienez: hala, Regenerative Medicine mahai-inguruan parte hartuko dute BTI eta Histocell enpresek, CRISPR saioan Vive Biotech enpresa egongo da, New Oncology Therapies, Oncomatryx, Vaccines mahai-inguruak, berriz, Bial enpresaren presentzia izango du, Public Procurement of Innovation saioan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila egongo da, Food&Health saioan AZTI izango da euskal ordezkaria, Innovation in Diagnostics saioan Owl, Nanobiotechnology mahai-inguruan IK4-CIDETEC, Cosmetics saioan Tecnalia, eta, azkenik, Animal Health saioan Artinvet eta Neiker.

 

Euskal Bio-eskualdeak saio espezifiko bat antolatu du: MEDTECH: An opportunity for a manufacturing región. Saio horretan aurkeztuko dira sektore industrialetik bio-osasungintzaren sektorera jauzi egin duten lau enpresaren kasuak, bertatik bertara erakutsiko dizkigutenak nolako negozio aukerak ekar ditzakeen bio-osasungintza/fabrikazio aurreratua binomioak. Hauek dira: KIRO ROBOTICS, CIKAUTXO MEDICAL, I-LINE Micro Systems eta BTI, Biotechnology Institute.

Bio enpresen sektorea Euskadin

Une honetan badira EAEn 80tik gora erakunde bioteknologia arloko ikerketan lan egiten dutenak, eta horietatik 71 enpresa bioteknologikoak dira. Sektoreak 304 milioi eurotik gora fakturatzen ditu urtean, eta produkzioaren %18 esportatzen du.

Euskadiko bioteknologia-enpresen sektorean enpresa txiki-ertainak dira nagusi, langile kualifikatuetan intentsiboak direnak, eta gehienbat gizakion osasunari, nekazaritza eta elikadura sektoreari eta industriari aplikatutako produktu eta zerbitzuak garatzen dituztenak.

Bio sektoreak 1.183 langile ditu lanaldi osoan, hau da, Euskadin I+G arloan aritzen diren langile guztien %6,4, tartean anitz emakume, Bioteknologian ari diren langile guztien %60 baitira. 2009tik hona sektoreko enplegua %28 baino gehiago hazi da.

Euskal enpresa bioteknologikoak. Biobasque 2016 argitaralpena

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow