Gidaritza egokitua pertsona guztientzat

22 February, 2017

Irrintzi aitzindaria da ezgaitasun larriei egokitutako konponbideetan.

 

Basaurin kokatutako Irrintzi autoeskola famili enpresa bat da, hogeita hamar urtetik gorako esperientzia duena ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako prestakuntzan. 2008an lorpen handi bat erdietsi zuen bai enpresarentzat eta bai ezgaitasun larriak dituen jendearentzat: joystick bidez egokitutako Estatuko lehen autoa atera zuten errepidera. “Bageneuzkan ezgaitasun larridun ikasleak, eta merkatuko egokitze-sistemek ez zuten balio haientzat” dio Iratxe Andrések, Irrintzi enpresako merkataritza arduradunak. “Ikusi genuen Alemanian bazegoela joystick bat erabiliz gidatzeko sistema bat, eta orduan borroka bat hasi genuen, ibilgailu hura Espainian homologatzeko”.

 

Ez zen prozesu erraza izan, baina urtebete pasatuxeko lanaren ondoren, bi lorpen handi erdietsi zituzten: Industria Ministerioak autoa homologatzea eta gidabaimenak egokitzea. Hala ere, ikusi zuten Estatuan ez zegoela horrelako zerbitzuak eskaintzen zituen tailerrik, eta erabaki zuten bat sortzea. “Alemaniako banatzailea ekarri genuen, eta horrela, geure tailerra sortu genuen 2014an”.

 

Bi enpresen artean (autoeskola eta Irrintzi konponbide egokituen tailerra) zerbitzu integrala eskaintzen diete ezgaitasun larriak dituzten pertsonei, aukera emanez giharretako distrofiak, tetraplegiak edota garuneko paralisia duten pertsonei ibilgailu propioarekin eta modu autonomoan ibiltzen ikasteko. Hala, ezgaitasun fisikoak dituzten pertsonei guztiz pertsonalizatutako egokitze-sistemak eskaintzen dizkien Estatuko zerbitzu bakarra da. “Neurrira eginiko traje baten modukoa da; behar dituen egokitze-sistema guztiak eskaintzen dizkiogu bezeroari, auto batean sartu eta gai izan dadin gidatzeko” azaldu du Iratxe Andrések, “banatzaile asko dauzkagu erabiltzaile bakoitzak behar dituen osagarriak eskuratzeko, izan ere, gerta liteke pertsona batek zentimetro bakar bategatik gidatzeko aukera izatea ala ez”.

 

Zerbitzu horri esker Estatu osoko bezeroak dauzkate, eta 2016an 90 ibilgailu egokitu zituzten. Hala ere, etengabeko borroka batean murgilduta daude; “oso prozesu luzea eta zaila da bai ibilgailua egokitzea eta bai baimenak kudeatzea, egunero borrokatzen garelako Alemanian errepidean dabiltzan ibilgailuak hemen homologatzeko”, azaldu du Iratxek, “dena den, satisfazio handia da ikustea zein garrantzitsua den erabiltzaileentzat askatasun hori lortzea”.

 

Irrintzi Soluciones Adaptadas enpresak ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko proiektu onenaren ON Bizkaia 2017 saria irabazi du.

 

Irrintzi Soluciones Adaptadas

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow