80 bat euskal enpresak aukera izango dute AEBetako negozio aukerak ezagutzeko

20 February, 2013

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatu du hilaren 27rako Ipar Amerikako hiru Estatu hauei buruz: Pennsylvania, Florida eta Puerto Rico. www.spri.eus.

– Ekitaldian parte hartuko du Espainiarekiko harreman komertzialen eta inbertsioen arloko AEBetako agintari gorenak, hots, Robert Jones aholkulari komertzialak.

– 50 euskal enpresa daude AEBetan filialak dituztenak, eta horietatik 24k produkzio fabrikak dituzte. Ipar Amerika Euskadiren hirugarren bazkide komertziala da eta euskal konpainien bigarren inbertsio jomuga.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatuko du datorren astean SPRI bere garapen agentziaren bidez, euskal enpresei azaltzeko zeintzuk diren AEBetako hiru Estatu hauetan dauden negozio aukerak: Penssylvania, Florida eta Puerto Rico. Juan Ignacio García de Motiloa Industria eta Energia sailburuordea buru izango duen Bilboko ekitaldi honetan, AEBetan interesaturik dauden 80 bat euskal enpresa elkartuko dira. 310 milioi laguneko merkatuarekin, AEB munduko industria-ekoizle eta kontsumitzaile handiena da.

Amerikako Estatu Batuek industria sektore indartsua dute, era guztietako ekipo ondasunak eta osagaiak behar dituena. AEB Euskadiko hirugarren bazkide komertziala da eta baita ere gure enpresen bigarren inbertsio jomuga. Euskadi bigarren autonomi erkidegoa da esportazioen rankinean eta iaz 1.308 milioi eurotik gorako esportazioak erregistratu zituen.

Jardunaldi hau Arantza Tapia sailburuak aurreratutako politikaren froga bat baino ez da, zeinak Legebiltzarrean duela egun batzuk esan zuenez, “hauexek izango dira nazioartekotze politika berriaren ardatzak: segmentazioa, sistemako beste agente batzuen arteko lankidetza mekanismoak bilatzea enpresen premiei hobeto erantzuteko eta Jaurlaritzaren ekintza enpresentzat potentzial handia duten herrialde eta eskualde kopuru mugatu batean zentratzea”.

Aipatzekoa da hilaren 27ko jardunaldian Robert Jones-ek parte hartuko duela. Robert Jones AEBetako aholkulari komertziala da eta baita ere Espainiarekiko harreman komertzialen eta inbertsioen arloko AEBetako agintari gorena. Hiru Estatu hauetako merkatuei buruz hitz egingo da: Floridako Estatuak 18 milioitik gora biztanle ditu, eta bera da aukera egokiena AEBetako merkatuan ez ezik, Latinoamerikako merkatuetan ere sartu nahi duten enpresentzat (izan ere, 2.000tik gora multinazionalek dituzte bulegoak eta negozio-zentroak Floridan); Pennsylvaniak AEBetako biztanleen %40 hartzen du eta BPG osoaren %45 inguru, horrela beraz, Estatu erakargarrienetako bat da atzerriko inbertsiogileentzat; eta, azkenik, Puerto Ricok zerga salbuespen ugari aplikatzen ditu eta laguntzak eskaintzen ditu I+G-rako, gainera, negozio aukerak ditu sektore farmazeutikoan, bioteknologian, ingeniaritzan eta aeronautikan. Jardunaldian baita ere aztertuko da bisatuen arazoa eta Pennsylvanian eta Floridan kokatutako euskal konpainien enpresa esperientziak azalduko dira.

AEBetara egiten diren esportazioen erdia erregai mineralak dira, zehazki, petrolio birfindua. Horrez gain, aipagarriak dira baita ere galdaketako produktuak, ekipo ondasunak, aeronautikako osagaiak, automozioko osagaiak, makinaria elektrikoa, burdinbideetako materiala eta edariak.

Une honetan 50 euskal enpresa daude AEBetan filialak dituztenak, eta horietatik 24k produkzio fabrikak dituzte batez ere sektore hauetan: energia, automozioa, burdinbideetako ekipoak, bioteknologia, telekomunikazioak eta informatika, ingeniaritza edo tutuak. Bestalde, AEBetako enpresen 80 bat filial daude Euskadin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow