Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Argitalpenak 11 Azaroa, 2020 Finantziazioa Nazioartekotzea Alemania Araudia Argentina BasqueTrade & Investment Brasil Erresuma Batua Errusia Europa Irlanda Italia Kolonbia Latinoamerika Mexiko Multilateralak Polonia eta Ukrainia Txekiar Errepublika eta Eslovakia Txile Uruguai

Latinoamerikan, Europa ekialdean, Erdialdeko Asian eta Afrika iparraldean inbertitzeko finantza-laguntzak

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak jardunaldi batean aurkeztu ditu BIDek eta Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankuak eskaintzen dituzten tresnak
Jardunaldiaren momentu bat.

 

Asteazken honetan, euskal enpresek bertatik bertara ezagutu dute nolako erraztasunak dauden nazioarteko proiektuak finantzatzeko planetako hainbat eremutan, hala nola, Latinoamerikan, Europa ekialdean, Erdialdeko Asian eta Afrika iparraldean. Amerika Arteko Garapenerako Bankuko (BID) eta Europako Berreraikuntza eta Garapen Bankuko arduradunek parte hartu dute Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatu eta erakunde bereko kide den Alberto Gavínek moderatutako jardunaldi batean, non azaldu duten nola eskuratu gorago aipatutako laguntzak.

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek ziurtatu du nazioarteko proiektuen finantzaketa “puntu kritikoa” dela konpainientzat atzerrira irteteko orduan. “Eta arrazoiak izan daitezke jomuga-herrialdean banka komertzialik ez egotea, tokiko bankuen zailtasunak edo herrialdearen arriskua”. Adierazi du erakunde publikoak hainbat tresna eskaintzen dizkiela euskal enpresei, esaterako, Gauzatu programa edo Cofides erakundearekin duen akordioa, zeinaren bidez 100 milioi euroko finantzaketa-ildoak eskaintzen baitira.

 

BIDeko finantza klimatikoen arloko inbertsioen arduradun Javier García Gómezek jakinarazi du negozio hori asko hazi dela azken urteotan, eta hiru arlo nagusitan egiten dutela lan: azpiegiturak (energia, garraioa, ura eta azpiegitura sozialak), korporatiboak (nekazaritza, manufaktura, turismoa eta telekomunikazioak) eta finantza-bitartekariak (inbertsio-funtsak, finantza erakundeak eta bankuak ez diren finantza erakundeak).

 

“Badaude aukerak finantzaketa bila dabiltzanentzat, baina baita ere aholkularitza-lanak egiten dituztenentzat” esan du. “Ekologiarekiko konpromisoa gero eta handiagoa” dela adierazi ondoren, enpresei ohartarazi die ezin dutela “atzean gelditu, bestela ezingo dutelako iritsi konponbide berritzaileetara, gureak bezalako erakunde multilateraletara eta inbertsio-funtsetara”.

 

García Gómezek azpimarratu du bere bankuaren zeregina dela Latinoamerikako garapen proiektuak onartzea eta aholkularitzak kontratatzea. “Euskal enpresek badute tokia bi ildo horietan, izan ere, dagoeneko ari gara euskal enpresa batzuekin lanean”.  Gaineratu du euskal enpresen abantaila garrantzitsuena dela Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego bat dutela Washingtonen.

 

Etorkizunari buruz esan du Karibeko eremua indartu nahian dabiltzala, baina “herrialdeetan zentratu beharrean, gehiago begiratzen diegu sektoreei, adibidez, klimaren sektoreari”. Nahiz eta bere erakundearen lizitazio guztiak argitaratu egiten diren, aipatu du aholkularitzek negozio aukerak dituztela, adibidez, due diligence bezalako tramiteetan. “Horrelakoetan aholkulari bat behar izaten dugu tramiteak berehala egiteko”.

 

Antonio Ocañak –Europako Berreraikuntza eta Garapen Bankuko Business Development Saileko arduraduna Espainian eta Portugalen- adierazi du bere erakundea ez dela BID bezain ezaguna, 1991n sortu baitzen, Berlineko harresia eraitsi ondoren, Europa ekialdeko ekonomiak merkatu-ekonomia bihurtzeko.

 

“30.000 milioi euroko kapitala dugu eta 38 herrialdetan lan egiten dugu: Europa ekialdean, Erdialdeko Asian, Mediterraneo hegoaldean (Kaukasotik hasi eta Libanorainoko herrialde guztietan) eta Afrika iparraldean. Euskal enpresa batek aukera bat bilatu nahi badu herrialde horietan, izango du finantzaketa” aurreratu du.

 

Ocañak hizpide hartu ditu “pandemiaren krisian eskainitako 21.000 milioi euroak. Normalean 10.000 milioi inbertitzen ditugu urtean (iaz 450 proiektu lagundu genituen). Gure negozioaren % 80 sektore pribatukoa da, enpresa horiei lagundu nahi diegu eta horixe da egiten dakiguna”. Aipatu du beren finantzaketaren % 80 enpresekiko zor zuzena dela. “Egipton, Ukrainian eta Turkian inbertitu dugu gehien (3.500 milioi euro hiruren artean) eta horrek erakusten du epe luzeko inbertitzaileak garela”.

 

Azpimarratu du euren operazio-eremuan sartzen diren herrialde guztiak bankuaren akziodunak direla, “eta horrek segurtasun juridikoa ematen dio inbertsioa egiten duen atzerritarrari. Aholkulari asko kontratatzen ditugu proiektuak eraginkorragoak eta berdeagoak izan daitezen”.

 

Zuzendaritza-karguak esan du milioi batetik 300 milioira bitarteko proiektuetan lan egiten dutela. “Oso malguak gara, 15 urterainoko epeak ematen ditugu, eta proiektuaren % 40raino finantzatzen dugu normalean. Ahalegintzen gara beste eragile batzuekin lan egiten, eta bankuek ez gaituzte lehiakide gisa ikusten, baizik eta laguntzaile gisa”. Pandemiak eragindako krisiaz geroztik, zorra berregituratzea izan da erakundearen lan handiena “eta epe laburrera gure asmoa da Aljerian hastea lanean eta Saharaz azpiko Afrikara zabaltzea”.

Hona hemen aurkezpenak:

General Presentation - BTI Nov2020
Sobre BIDInvest - Noviembre 2020 - JGG

Jardunaldiaren bideoa:

Lotutako albisteak

4 maiatza, 2021 Arrisku-kapitaleko funtsak
Laguntzen Katalogoa. Grupo SPRI
Irakurri gehiago
9 Marzo, 2021 Finantziazioa
2027ra bitartean euskal enpresek 95.000 milioi euro eskura ditzakete Europako laguntzen bidez I+G+B bultzatzeko
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2021 Finantziazioa
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak laguntzak eta aholkularitza eskatzera animatu du lehen sektorea
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2021 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa txiki eta ertainentzako Eusko Jaurlaritzaren laguntzen plana
Irakurri gehiago
25 otsaila, 2021 Berrikuntza
Industria sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzak “edozein enpresaren neurrikoak” direla
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak