Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 15 Azaroa, 2023 Finantziazioa Basque Enterprise Europe Network

Europe Enterprise Networkek 15 urte bete ditu ETE-ei hazten eta nazioartekotzen laguntzen

EENren urteko konferentzia gaur hasi da BECen eta lehen mailako nazioarteko adituak bildu ditu
  • Europe Enterprise Networkek ETE-ei nazioartean hazten eta berritzen laguntzen die, funtsezkoak diren sektore ekonomiko guztiak estaliz eta ekintza 40 herrialde baino gehiagotara hedatuz.
  • Basque EEN da Euskadiko enpresei zerbitzu horiek eskaintzen dizkien nodoa. Probintzia mailako merkataritza-ganberek eta SPRI edo Innobasque euskal agentziek (besteak beste) osatzen duten partzuergoa da.
  • Irekiera-saioan, Basque EENren laguntzari esker beren proiektuak garatzeko eta nazioartekotzeko gai izan diren Euskadiko hiru enpresak hartu dute parte.

Berritzeko eta nazioartekotzeko asmoa duten ETE-entzako laguntza-sarerik handiena da Europe Enterprise Network (EEN). Europako Batzordeak bultzatutako egitasmoa da, eta hazteko eta beste enpresa batzuekin elkartzeko nahia duten Europako ETE-ei doako aholkularitza-zerbitzuak eskaintzea du helburu. EENren urteko konferentzia BECen egingo dute aurten, azaroaren 15etik 17ra. Bertan, programa honen 15 urteko ibilbidea ospatuko dute. Urte hauetan, hainbat herrialde eta eskualdetan zabaldu da, eta nodo propioak ere eratu dituzte, hala nola Basque Europe Enterprise Network.

EENren euskal nodoa partzuergo bat da, eta honakoek osatzen dute: probintzia mailako hiru merkataritza-ganberak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (SPRI), Berrikuntzaren Euskal Agentzia (Innobasque), Basque Trade & Investment eta BEAZ. EAEko enpresei ‘leihatila bakarra’ eskaintzea da egitasmoaren helburua, enpresa edo teknologia arloko lankidetza-jarduerak garatu ahal izateko eta berrikuntza-gaien gaineko aholkularitza jaso ahal izateko. Gainera, Europako finantzaketa-programetan parte hartu nahi duten ETE-ei ere laguntzen die Basque EENek, eta haien eskura jartzen ditu Europako ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuen emaitzak eta ondorioak. Guztira, EEN sareak 450 erakunde baino gehiago ditu eta 40 herrialdetan baino gehiagotan dago.

“EEN, 15 urte ETE-ei jarraitu beharreko bidea erakusten” lelopean hasi da gaur arratsaldean EENren urteko konferentziaren irekiera-saioa. ‘European SME Week 2023’ (ETE-en Europako astea) astearen barruan egin dute ekitaldia. Aurten Bilbon ari dira ospatzen, Espainia baitago EBko Kontseiluaren presidentetzan. Europako instituzioetako ordezkariak joan dira irekiera-saiora, adibidez, Jean-David Malo (EISMEA Europako Berrikuntza Kontseilurako eta ETE-entzako Agentzia Exekutiboko zuzendaria) edo Ricardo Cardoso (Europako Batzordeko DG GROW saileko buru laguntzailea). Estíbaliz Hernáez Laviña Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak ere parte hartu du, eta EAEko instituzioek Basque EENren gisako egitasmoak babesten dituztela nabarmendu du, euskal enpresa-ekosistema aberasten dutelako.

Gainera, Cristina Oyón SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendariak ere parte hartu du irekiera-saioan, eta Basque EENk eskaintzen dituen zerbitzuak erabili dituzten euskal enpresen hiru arrakasta-kasu aurkeztu ditu. Amaia Zurutuzak (Scientific Director Geaphenean), Julio Fontek (Histocell-eko CEOa) eta Eider Ocerínek (Customer Delivery ataleko zuzendaria Satlantisen) haien esperientziak partekatu dituzte; zehazki, haien proiektuen garapenean eta nazioartekotzean EENrekin egindako lanean izandako esperientziak. Hiru startup horiek potentzial teknologiko eta berritzaile handia dute, eta Euskadin jaio dira. Basque EENk emandako zerbitzuei esker, EBko Horizonte 2020 (gaur egun, Horizonte Europa) ikerketa eta berrikuntza arloko esparru-programak ematen dituen onurak eskuratu ahal izan zituzten.

Amaia Zurutuzaren hitzetan, EEN oso lagungarria izan da EAEko Graphenea startuparentzat: «EENren lanari eskeri ‘SME Instrument’ eta ‘Fast Track to Innovation’ programetan parte hartu ahal izan dugula nabarmendu nahi dut. Gure beharretara egokituko zen coach egokia aurkitzen lagundu digute SPRIk eta EENk». Ildo beretik hitz egin du Eider Ocerínek. Haren esanetan, Satlantis enpresarentzat «funtsezkoa da EENren gisako aholkularitza-sare garrantzitsu eta zabal batekin harremanetan egotea». Gainera, hizlarien arabera, EENren laguntza- eta aholkularitza-lana ez da mugatzen bazkideak, ezagutzak eta finantzaketa-iturriak bilatzera. Laguntza jarraitua da, proiektuak irauten duen tarte osoan irauten duena. Horrek barne hartzen ditu garapen-fasea, nazioartekotzea eta merkaturatzea.

Euskadin EENren zerbitzuak erabili dituzten enpresa eta ekintzaile ugarien hiru adibide baino ez dira horiek. Datozen egunetan, EENren urteko konferentzian zehar egingo diren askotariko jarduera eta bileren bidez, arrakasta-kasu berriak aurkeztuko dira eta ETE-ei eta ekintzaileei laguntza eraginkorra emateko mekanismo eta prozedura egokienei buruz sakonduko da. Urteko konferentzia streaming bidez jarraitu ahal izango da, eta aukera ona da EENk eman ditzakeen zerbitzuak ezagutzeko.

 

 

Lotutako albisteak

19 Marzo, 2024 Finantziazioa
BasqueFIK klusterra finantza enpresen eta inbertitzaileen lehiakortasuna indartzeko helburuarekin sortu da
Irakurri gehiago
18 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Datozen hilabeteetan mantendu edo hobetu egingo direla aurreikusten dute euskal industriako sektoreek
Irakurri gehiago
7 Marzo, 2024 Ekintzailetza
Alias Robotics-ek Europako Berrikuntza Kontseiluaren finantzaketa lortu du
Irakurri gehiago
14 otsaila, 2024 Finantziazioa
BasqueFIK sortu da, Euskadiko Finantza eta Inbertsio Kluster berria
Irakurri gehiago
9 otsaila, 2024 Arrisku-kapitaleko funtsak
Zetrack eFarming startup bizkaitarrak 1M euro eskuratzea lortu du haren nekazaritzako eredu elektrikoa garatzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak