Zero-Akats Fabrikazioa lehiakortasuna bultzatzeko

9 azaroa, 2017
Juanan Arrieta, IK4-Ideko zentroko International R&D Project Managerra

IK4-Idekok hainbat ekimen zuzentzen ditu Europan fabrikazio prozesuetako akatsak eta okerrak minimizatzeko

 

Zero-Akats Fabrikazioa edo ZDM (Zero Defect Manufacturing ingelesez) da Fabrikazio Aurreratuaren helburu garrantzitsuenetako bat. Sektore kritikoek (hala nola, aeronautikak, burdinbideek, automozioak edo eolikoak) gero eta hobeto gainbegiratu behar dituzte ekoizten eta muntatzen dituzten motor eta bestelako funtsezko elementuen piezak. Horrelako enpresen I+G+B-ko inbertsioak horretara zuzentzen dira nagusiki, alegia, beren osagai garrantzitsuenen akats-arriskuak desagerraraztera.

 

Bestalde, testuinguru globalizatu honetan, non kontsumorako produktu gehienak Asiako herrialdeetan ekoizten diren kostu baxuagoak dituztelako, akats gabeko fabrikazioaren helburua da produkzioaren bikaintasuna lortzea. Horrek eszenatoki berri bat irekiko luke, eta berriro indartu litezke duela hainbat hamarkada deslokalizatzeko apustua egin zuten Europako enpresak, zeintzuk ikusi baitute kalitatezko produktuekin bakarrik berreskuratuko dituztela beren merkatuak, alegia deslokalizazio prozesu haien bidez hazi ziren Asiako erraldoien esku daudenak. “Zero-Akats Fabrikazioa lagungarri izan liteke gure industriak sendotzeko, helburua baita produkzio-sistemen bikaintasuna lortzea eta, ildo beretik, baliteke baita ere herrialde asiarretatik datorren globalizazioaren mehatxua arintzea. Ahalegindu behar dugu ongi egiten lehen saiakeran, bikaintasunari eutsiz eta, ahal bada, lanpostu kopurua ugarituz. Lortuko dugu, baldin eta gai bagara hobeto fabrikatzeko, “rework”a  (birlana) saihestuz. Txinan asko ekoizten da, masan produzitzen da, baina produktuen pertsonalizazioaz edo kustomizazioaz ari garenean, garrantzitsua da lehen saiakeran ongi egitea” dio IK4-Ideko zentroko International R&D Project Manager Juanan Arrietak.

 

Zero-Akats Fabrikazioa estrategia konplexua da, produktu baten produkzioko fase guztiak barne hartzen dituena, eta Arrietak dioenez: “Produkzio-prozesu osoan gertatzen dena gainbegiratu behar da: hasi diseinu fasetik eta galdaraketa, forja, fabrikazio eta muntaiaraino.  Hasieratik gainbegiratu behar da dena, produkzioaren lehen faseetan zerbait gaizki badago eragina izango duelako azkenekoetan. Akatsak egin baditugu diseinuan, horrek bere ondorioak izango ditu. Pieza baten galdaraketan edo forjan zerbait gaizki egin bada, horrek ere bere ondorioak izango ditu. Horregatik, garrantzitsua da estrategia horiek hornitzaileei ere aplikatzea. Gauza bera gertatzen da mekanizatuan, muntaian edo makina hori erabiltzean” dio IK4-Ideko zentroko arduradunak.

 

Zero-Akats Fabrikazioaren giltzarrietako bat da nola detektatu  horrelako “scratch” edo akatsak piezetan -engranajeak, gidak, errodamenduak eta bestelako tresnak- edo pieza horiek fabrikatzeko prozesuetan. “Orain gaitasun handiagoa daukagu fabrikatzen ditugun makinetan sentsoreak integratzeko. Mota desberdinetako sentsoreak erabiltzen ditugu, hala nola, inspekzio optikoko kamerak, ultrasoinuak, materialen entsegu ez-suntsikorrak egiteko sistemak (NDT)… Horiei esker detekta ditzakegu pieza batek jasaten duen kargari lotutako parametroak, zaratak, fluxuen desgaste partikulak, eta abar. Defektologiak aukera ematen digu fase bakoitzeko akats mota desberdinak identifikatzeko. Arrietak dioenez, “ezin dugu akatsik egin erosotasunean edo segurtasunean eragina duten garrantzi handiko piezen fabrikazioan”, “adibidez automoziorako, burdinbideen sektorerako, aeronautikarako edo turbina eolikoen nahiz gas lurrinezko turbinen eraikuntzarako egiten diren piezetan”.

 

Azken urteotan aldaketa handi bat gertatu da, hobetu egin direlako datuak atzemateko eta aztertzeko sistemak, eta horixe da Zero-Akats Fabrikazioaren zutabeetako bat. “Hori baino lehen, informatika ez zegoen fabrikazio sistemetan integratuta. Eta orain, berau da garrantzitsuena. Analitikarako gaitasuna eta adimen artifiziala hobeak dira. Oso garrantzitsua da datuak biltzea, monitorizatzea, adimen artifizialarekin aztertzea eta informazio garrantzitsua argi azaltzea. Informazio hori lagungarria da erabakiak hartzeko, eta hobetzeko ekintzak iradokitzen dizkizu. Hala, existitzen ez diren hainbat lanpostu sortuko dira” nabarmendu dute teknologi zentroko kideek.

 

Zero-Akats Fabrikazioa prozesuetan aplikatu behar da, baina baita ere produktuan eta zerbitzuetan. Gero eta paper garrantzitsuagoa du zerbitizazioak, hots, produktuaz gain, bezeroei zerbitzuak eskaintzeko gaitasunak. “Duela urte batzuk arte, enpresa batek makina bat saltzen bazuen, prebentziozko mantenimendua eskaintzen zuen, hau da, x denbora igarotakoan pertsona batek gainbegiratzen zuen makinaren funtzionamendua. Orain, ordea, mantenimendu prediktiboa egiten da. Makina horretan instalatutako sentsoreei esker, denbora errealean jakin dezakegu zer dagoen gaizki eta horrela matxurak saihesten dira. Era berean, mantenimendu proaktiboa ere egiten da, sentsore horien bitartez jakin baitezakegu zeintzuk diren makina hori hobetzeko parametroak eta, bide beretik, produkzioa hobetzen da kalitateari  eta kostuei dagokienean” dio IK4-Ideko zentroko Nazioarteko Proiektuen zuzendariak.

 

IK4-Ideko Europa osoko erreferentzia bihurtu da Zero-Akats Fabrikazioaren arloan. 2012tik nazioarteko hainbat proiektu koordinatu ditu, eta horrek liderren mailan kokatu du, presentzia eta eragin handia lortu duelarik Europan. Eta aitortza horrek badu bere isla Euskadin ere.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow