Xabet, modu berri bat enpresei beren digitalizazio prozesuetan laguntzeko

12 ekaina, 2018
Ezkerretik eskuinera: Alberto Conde Mellado, Xabet enpresaren fundatzailea eta zuzendari nagusia, Oihana Medizabal, Eraldaketako zuzendaria eta Amaia Iraundegi, Emotion Delivery Manager.

Donostiako startupak datu baliagarriak analizatzen ditu negozioari balioa emango dioten erabakiak hartzeko

 

Xabier Etxeberriak (Gamesa-ko 2.na izan zena) eta Alberto Conde Melladok (Nem Solutions enpresako zuzendari nagusi ohia) enpresa erronka berri bati ekitea erabaki zutenean eta Xabet konpainia abiarazi zutenean, pentsatu zuten teknologia berriak eta datuen analisia erabiltzea Osasun arloan, “pertsonak hobeto bizi daitezen”. Enpresa inauguratu eta handik bost hilabetera, industria sektoreak laguntza eskatu die, beren ezagutzaren bidez Industriako digitalizazio prozesu arrakastatsuak lortzeko.

 

“Xabet martxan jarri genuenean enpresekin hizketan hasi ginen, zer egiten genuen galdetzeko deitzen ziguten, eta orduan ohartu ginen laguntza behar zutela eraldaketa digitalarekin eta 4.0 Industriarekin lotutako benetako planak egiteko. Hala, proposamen bat garatu genuen industriarako, Osasunaren sektorera bideratutako hasierako helburua guztiz baztertu gabe, eta uste dugu industriako proposamen horrek harrera ona izan duela, gainera, dagoeneko lanean ari gara zenbait bezerorekin”, dio Alberto Condek, Xabet enpresako zuzendari nagusiak. “Digitalizazio prozesuetan, enpresek norbait behar dute segurtasuna emango diena, landu beharreko esparruei eta gaiei buruzko jakintza emango diena.  Askotan ez dute gaitasunik digitalizazio prozesuak gauzatzeko, barruan ez baitaukate plan estrategiko hori garatzeko lantalde edo tresna egokirik. Ukigarritasun hori da gehien eskatzen digutena. Jende askok ezagutzen ditu tresna teknologikoak, baina gutxi dira hori guztia negozioari aplikatzen dakitenak”.

 

Conde eta Etxeberriaren proposamen berriak oinarrizko hiru elementu ditu: plan estrategikoen garapena, balioa emango duen datuen analisia (smart data), eta datu horietan oinarritutako negozio eredu berrien bultzada (serbitizazioa). “Lanean ari gara enpresa azkarragoak lortzeko, informazio eta datu argiagoak dituztenak, horrela erabaki adimentsuagoak hartu ahal izateko.  Eskatzen diguten lehenengo gauza da enpresako negozioaren heldutasun digitalaren diagnostikoa, ez teknologiarena, baizik eta negozio-ereduarena. Estrategia, zuzendaritza, kultura eta teknologiaren arteko orekak laguntzen digu diagnostikatzen aztertzen ari garen enpresaren heldutasun digitala.  Ondoren, zehaztu behar da enpresaren etorkizuneko road map-a, eta detektatu behar dira eskura duten informazioan oinarriturik prestatutako balizko zerbitzu digitalen eredu berriak. Eta ez da ahaztu behar datuak analizatu behar direla, hartzen diren erabakiak lagungarri izan daitezen enpresak lehiakorrago egiteko” azaldu du Xabet enpresako zuzendari nagusiak.

 

Alberto Condek dioen bezala, startup honen erronketako bat da bere bezeroei teknologia zehatz batzuen inguruko aholkularitza ematea zortzi langile baino ez dituen plantilla batekin: “Ez dakigu denetik; une honetan harremanak definitzen ari gara goi-mailako espezializaziodun enpresekin, gure partner-ak izan daitezen. Badauzkagu hainbat teknologiaren (adibidez errealitate birtuala edo areagotua)  gaitasunak eta aplikazioak ezagutzen dituzten pertsonak, baina bazkidetu egin behar dugu gure osagarri izan daitezkeenekin, beren esperientzia eta ezagutzak aplikatzeko gure bezeroaren negozioan”.

 

Xabet enpresak badu filosofia berritzaile bat oinarri teknologikoko beste startup batzuekin alderatuta, zeren enpresei beren digitalizazio prozesuetan laguntzeaz gain, laguntza ematen baitie beren langileen prestakuntzarako. “Harreman berritzaileak dauzkagu enpresekin, eta lantalde mistoak definitzen ahalegintzen gara. Bezeroak bere ezagutza eta garapen teknologikoko beste gaitasun batzuk jartzen ditu plantillako hainbat langile sartuz lantalde horietan. Guk pertsona horien prestakuntza osatzen dugu, hemendik urte batzuetara transferitutako produktuarekin geratu daitezen eta gai izan daitezen produktu hori autonomoki eboluzionatzeko.

 

Industria sektoreari egindako ekarpenaz gain, Xabet enpresako zuzendari nagusiak ez du begi bistatik kentzen startuparen hasierako helburua eta ezta ere Osasun arloko erronkak, gizarteak etorkizun nahiko hurbilean gainditu beharko dituenak: “Denok izango ditugu Osasun arloko premiak, eta ez dira gaur egungoen berdinak izango, gaurko osasun sistema ez delako sostengarria. Bizi-itxaropena gero eta luzeagoa da, eta gaixo kronikoak ere gero eta ugariagoak dira. Administrazioek ez dute erronka horiei aurre egiteko behar adina baliabide ekonomiko. Negozio-eredu berritzaileak sortu beharko dira, eta teknologia berriek paper garrantzitsua izango dute negozio-eredu horietan. Osasun sektoreak eboluzionatu egin behar du. Industria sektorea helduagoa da, baina arazoaren zati handi bat berdina da: elkarrekin batu behar dira elkarri konektatu gabe dauden informazio siloak. Aztertu behar da zein informazio den baliagarria negozioari balioa emango dioten erabakiak hartzeko, eta hori transbertsala da Osasun zein Industria sektoreetan”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow