Torloju “adimendunak” 4.0 Industriaren zerbitzura

27 urria, 2017
Eskumaldean, Iñaki Olaskoagak, Matz Erreka Coop enpresako bazkide eta fundatzailea.

Matz Errerka 350 langile ditu, bere produkzioaren %100 esportatzen du, eta 500.000 euro inguru bideratzen ditu urtean Ikerketa eta Garapen lanetara

 

Gurekin dugu 1961ean Bergaran sortutako konpainia bat, torloju fabrikatzaile bezala hasi zena. Denborarekin, industria tradizionalak bere merkatu nitxoak dibertsifikatu zituen itxuraz erakargarriak ziren beste sektore batzuetara, adibidez, energia eolikoarenera… Baina Estatuko haize-errotek funtzionatzeari utzi ziotenez, sektore hura gainbehera etorri zen eta kooperatiba ixteko zorian egon zen. Orduan modua aurkitu behar izan zuen marjina gutxiko produktu heldu bat, alegia torlojua, balio handiko pieza bihurtzeko. Horrelaxe sortu zen Matz Errekako torloju adimenduna. 4.0 Industriako benetako produktu bat, ingurune erasokorretan dauden azpiegituretarako sortua, hala nola, petrolio plataformetarako edo Off Shore parke eolikoetarako. Euskal konpainiak 350 langile ditu, bere produkzioaren %100 esportatzen du, eta 500.000 euro inguru bideratzen ditu urtean Ikerketa eta Garapen lanetara. Iñaki Olaskoagak, Matz Erreka Coop enpresako bazkide eta fundatzaileak, Made in Basque Country saioan argitu dizkigu kooperatibaren giltzarriak.

 

Estutasun larriko uneak bizi izatetik sektoreko mundu mailako elitean sartzera igaro zarete. Hori ezin da egun batetik bestera egin, ezta?

Ez, ezin da egun batetik bestera egin. Zoritxarrez, erabaki asko premiak bultzatuta hartzen dira. Euskal enpresa askok bezala, guk ere une zaila bizi izan genuen, Espainiako energia eolikoaren merkatura zuzenduta geundenean eta merkatu hura bat-batean desagertu zenean. Orduan hausnarketan murgildu ginen, eta kooperatibaren gogoeta estrategikoan aurkitu genuen oso ondo funtzionatzen ari zaigun irtenbidea.

 

Esaiguzu nolakoa den zuek Bergaran fabrikatzen duzuen torloju adimendun hori (tamaina, pisua…).

Gure torlojua gainerako torloju tradizionalen oso antzekoa da, baina adimen geruza bat jarri diogu. Hau da, karga neurtzeko gaitasuna eman diogu. Produktu hau iritsi arte, ez zegoen modurik jakiteko zein egoeratan zegoen torlojua. Baldintza onenak ematen dizkiogu torlojuari. Hala, torlojuak ez dira zertan izan handiegiak, eta gainera, beren lan-baldintza onenetara egokiturik lotu daitezke, behin eta berriz ere. Horrek segurtasun gehiago ematen du.

 

20 kiloko torlojuak egiten dituzue.

Bai, horiek dira normalean kontsumitzen direnak. 50 kilorainokoak ere egin ditugu, benetako munstroak, manipulatzeko oso zailak.

 

Labur esanda: informazioa bidaltzen duten torlojuak dira.

Horixe bera. Hasierako fasean neurtu egiten ditugu. Ematen diguten informazioaren arabera erabakiak hartzen ditugu egoki lotuta uzteko eta jakiteko noiz itzuli behar dugun. Merkatuak esan digu informazio hori urrunetik jaso nahi duela. Horretarako, garapen-lan handia egin dugu elektronika sartzeko torlojuan. Eta itsasoko sektore eolikoko bezeroak eskatzen hasi zitzaizkigun informazio hori urrunetik jaso ahal izatea, langileek ez zezaten izan plataformetara joan beharrik. Orain prototipo bat garatzen ari gara Iberdrola Renovable enpresarekin, langileek instalazioetaraino joan beharrik izan ez dezaten. Horrek diru asko aurreztuko luke joan-etorrietan.

 

Nolanahi ere, zuen proiektua benetakoa da eta martxan dago.

Jadanik seriean egiten ari gara lehen bertsioa, ez urrunekoa, baizik eta bestea. Torloju horiek dagoeneko erabiltzen dira lehorreko inguruneetan eta itsas parkeetan, zehazki esanda Estatu Batuetan. Bigarren bertsioa, esan dudan bezala, prototipo fasean dago oraindik eta datorren urtean merkaturatu nahi dugu.

 

Produkzioaren %100 esportatzen duzue. Metz Erreka al da munduan horrelako torlojuak egiten dituen enpresa bakarra?

Konponbide osoa bai: torlojua, gehi geruza adimenduna, gehi kargaren neurketa. Lehiakide aleman bat daukagu, baina hark elektronika baino ez dio eransten torlojuari. Nola bi enpresako merkatua den, ezinbestekoa dugu gogor lantzea eta hutsetik hastea.

 

Balio bereizgarri bat eman diozue torloju tradizionalari. Nolako etorkizuna ikusten diozue, zer egon daiteke aurrerapen horren atzean?

Enpresei ematen dizkiegun zerbitzuak sakondu nahi genituzke ingeniaritzako konponbideen bidez. Zentzu horretan, eta gure esperientziaz baliatuta, petrokimikaren sektorean sartu nahi dugu, ikusten baitugu aukera handiak eskaintzen dituela eta aurreratu beharra daukala segurtasun kontuetan. Funtsean, ingurune leherkorretarako konponbide bat merkaturatzen ari gara. Aliantzaren bat sortu nahi genuke sektore horretako enpresaren batekin, Iberdrolarekin egin dugun bezala, neurketak egin ahal izateko ingurune leherkor horietan.

Gainera, ohartu gara gure bezeroek konponbideak behar dituztela. Ez bakarrik torloju adimendun bat izatea, baizik eta arazoak konpontzea. Horrek begiak ireki dizkigu, eta ikusi dugu bide luzea egin litekeela hobekuntza zerbitzuen arloan. Guk zerbitizazioa deitzen dugun horretan. Une honetan bigarren iraultza horretan gaude, zerbitzuak saltzen alegia.

Merkatu oso handia dago.

 

Hau guztia Errekak I+G-n eginiko apustu sendoaren emaitza da, urtean fakturazioaren %5-7 inguru eskaintzen baitiozue arlo horri…

Beharrezkoa da. Bestela produktu tradizionala egingo genuke beti, eta hor ez daukagu zer eginik. Batzuetan penagarria da ikustea nola emaitza onak dituzten enpresa batzuek ez duten egiten apusturik berrikuntzaren alde otsoa etortzen ikusi arte, guri gertatu zitzaigun bezala.

 

Siemens enpresak -mundu mailako liderra da “off shore” parke eolikoen sektorean, merkatu kuotaren %80arekin- Gamesa xurgatu du berriki. Kontuan izanik Gamesak hornitzaile-zorro historikoa saretu duela Euskadin duela hainbat hamarkadatatik, nola ikusten duzue egoera? Beldurra diozue edo aukera gisa ikusten duzue? Zer egin dezake Siemensek pieza hornitzaile zaretenokin?  

Interes handiz jarraitu dugu prozesua, bat-egite horri esker munduko lehen fabrikatzaile bihurtu baita energia eolikoaren sektorean. Garrantzitsua litzateke haien hornitzaile izatea. Aukera handia da. Dena den, beldur pixka bat ere badugu, horrelako operazioekin batera prezioak jaisten direlako. Gamesarekin batera hazi gara, eta alderantziz. Espero dugu aukera emango digutela hainbat urteko akordioak lortzeko, eta horrela erakusteko inbertsioak egin ditzakegula eta lehiakorretan lehiakorrenak izan gaitezkeela.

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow