Ternua, Ibarmia eta Pierburg: datuen analisi eta kudeaketaren eraginkortasuna erakusten duten benetako hiru esperientzia

18 April, 2017

Gero eta euskal enpresa gehiagok argi dute beharrezkoa dela berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egitea beren produkzio-prozesuetan, bai eraginkortasun handiagoa lortzeko, bai eta kalitatezko produktuekin lehiatzeko nazioarteko merkatuan. Enpresa guztiek ez dute behar robotika kolaboratiborik, fabrikazio gehigarririk, adimen artifizialik edo errealitate birtualik, baina abantaila handiak lortuko lituzkete, baldin eta datu zehatzak balituzte makinen egoerari, fabrikazio prozesuei, bezeroen iritziei edota beren produktuen kokapenari buruz. Puntu horretan, “big data”k edo datuen analisi masiboak bat egiten du 4.0 Industriaren barruan paper garrantzitsua jokatzen duten beste kontzeptu batzuekin, hala nola serbitizazioarekin, trazagarritasunarekin, gauzen internetekin edota sentsorikarekin.

 

Produkzio-jarduerari buruzko informazioaren abantailak funtsezkoak dira jarduera oso desberdinak dituzten hiru euskal enpresa hauetan: Ternua, Ibarmia eta Pierburg. Azken hori KSPG AG Taldearen barruan dagoen enpresa bat da, 400dik gora langile dituena eta mundu mailako liderra dena autoentzako osagaien diseinuan, garapenean eta produkzioan. Nazioarteko talde bateko kide denez, apustu argia egin behar izan du 4.0 Industriaren alde, eta halaxe azaldu du Carlos Etxebarriak, Pierburg enpresako Produkzioko IT zuzendariak: “Arrakastaren giltzak dira aurrea hartzea eta kalitatean lehiatzea. Horretarako, ezinbestekoa da berritzea, eraginkorrago bihurtzea eta lehenengoak izatea aurrerapen teknologikoak txertatzen. Zentzu horretan, gaur egun datuak benetako diamante bihurtu dira, produkzio-prozesu osoko informazioa aztertuta asko hobetu baitaitezke marjina ekonomikoak”.

 

Makina-erreminta fabrikatzen duen Ibarmia enpresak bezeroentzako laguntza hobetzeko eta ekipoen mantenimendu prediktiboa egiteko baliatzen ditu datuak eta datuon analisia. Hauxe esan du Arrate Olaizek, Ibarmiako Berrikuntzako zuzendariak: “Fabrikatzen eta saltzen ditugun produktuek 20 edo 25 urte iraun ditzakete, beraz, guretzat oso garrantzitsua da jakitea ekipo horrek nola funtzionatzen duen epe horretan, gerta daitezkeen funtzionamendu akatsak aurreikusteko edota aldaketak egiteko diseinuan. Makina horien zati sentikorrenetako batzuek ematen diguten informazioari esker, arazo horiek saihesten ditugu. Hori da mantenimendu prediktiboa. Gainera, ordezko piezen kudeaketa adimenduna ere egin dezakegu. Datuei esker, aldatu egin dugu gure serbitizazio kontzeptua”.

 

Bestalde, kirol arropa fabrikatzen duen Ternua enpresa gipuzkoarra ere sartu da nazioarteko merkatuan, nahiz eta konpainia gaztea den. Aitor Barinagak, Operazio saileko zuzendari korporatiboak, hauxe adierazi du: “Gaur egun ezin da prezioekin bakarrik lehiatu. Berrikuntza landu beharra dago produkzio-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko, eta markari indarra emango dioten kalitate handiko produktuak egiteko”. Baina Ternua enpresaren kasuan, ez dituzte datuak erabiltzen fabrikazio prozesuetarako edo bezeroarekiko harremanetarako, baizik eta salmenta-zifrak aurreikusteko. “Bilduma berri bat merkaturatzen dugun bakoitzean, beste kanpaina batzuekin edo bezeroen eskaerekin lotutako datu historikoak aztertu behar ditugu, salmentak kalkulatzeko eta produkzioa zehazteko. Marketin estrategien, banatzaileen edota sare sozialen bidez jasotzen ditugu datu horiek. Guretzat funtsezkoa da ahalik eta datu kopuru handiena lortzea” azpimarratu du Barinagak.

 

Dena den, datuak aztertzeko estrategiak martxan jartzeak ez du esan nahi epe laburreko arrakasta bermatuta dagoenik, ez eta kasu guztietan funtzionatuko duenik. Carlos Etxebarriak hauxe nabarmendu du: “Hiru urte daramatzagu prozesu desberdinetako datuak atzematen, baina datu horiek edukitzeak ez digu eman denbora errealeko konponbiderik. Denbora beharko dugu jasotako informazio guztia aztertzeko eta ikusiko dugu zertarako erabiliko dugun”. Hala ere, Pierburg enpresako arduradunak hauxe esan du: “Arriskurik ez hartzea da arriskutsua, lehia oso gogorra baita. Berritzen eta inbertitzen jarraitu beharra dago, baina zuhurtasunez jokatuz eta zertan ari garen jakinda. Ezin da itsu-itsuan arriskatu, zertan eta zertarako ari zaren jakin gabe”. Juan José Galdósek, mahai-ingurua antolatu duen Ibermática enpresako 4.0 Industriako zuzendariak, hauxe adierazi du: “enpresa batek erabakitzen duenean datuen analisira joko duela, lehenbizi zehaztu behar du zer neurtu nahi duen, zein informazio atzemango duen, zein prozesutan zentratuko den eta nolako sentsore edo neurgailuak instalatu daitezkeen datu horiek atzemateko”.

 

Arrate Olaizek pertsonen garrantzia azpimarratu du, kasu honetan langileena: “Datuak jasotzeko orduan, garrantzitsua da plantilla guztia inplikatzea eta argi jakin dezatela anomalia guztiak erregistratu behar direla. Nahiz eta informazio gehiena makinetan instalatutako sentsoreen bitartez jasotzen den, beti daude langileek ikusten dituzten bestelako informazioak, eta garrantzitsua da jakitea nola sartu behar dituen, eskuz, datu basean. Datuen kudeaketako softwarea egokitu egin behar da enpresako langile profilen arabera”. Zentzu horretan, Juan José Galdósek hauxe gaineratu du: “25 urte baino gehiago daramatzagu enpresentzat sistemak muntatzen, eta badakigu eten teknologikoa dagoela langileen artean. “Softwarea” eta interfazeak egokitu egin behar dira, erabiltzeko errazak izan daitezen. Dena den, langileei prestakuntza eman behar zaie, jakin dezaten dispositiboak nola erabiltzen diren eta zein garrantzitsua den datuak eskuz sartzea”.

 

Eztabaidaren ondorioetako bat izan da Euskadiko enpresek, eta batez ere ETEek, gero eta barneratuago daukatela zein garrantzitsua den berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egitea. Estatuko beste eskualde batzuetan baino argiago dago hori, baina horrek ez du aitzakia izan behar daukagunarekin geratzeko edo autokonplazentzian erortzeko, zeren beti baitaude gauzak guk baino hobeto egin ditzaketen enpresak eta gure lehiakortasunari kolpe handia eman diezaioketenak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow