Silam: eusko labela duen silikona

16 apirila, 2018

Egoitza Zumaian duen Silam ETE gipuzkoarra erreferentziazko silikona-fabrikatzailea da duela berrogeita hamar urtetik. Silikona balio erantsi handiko materiala da, eta gure eguneroko bizitzako euskarri eta sektore askotan erabiltzen da.

 

Made in Basque Country irratsaioan tarte bat eskainiko diogu silikona industrialari, zehazkiago Silam enpresari, bera baita material hori ezagutzen eta lantzen duten Estatuko konpainia bakanetako bat. Berrogeita hamar urtetik gora daramatza askotariko formulak sortzen sektore desberdinetan erabiltzeko, hala nola, automozioan, osasungintzan, eraikuntzan edota gastronomian. Nork ez dauka sukaldean gozogintzan aritzeko silikonazko molde bat?

Silam 1964an sortu zen Zumaian (Gipuzkoa), eta produkzio-lantegiak ditu bere sorterrian -non 56 langile enplegatzen baititu-, eta baita ere Bartzelonan.  Ibilbide luzeko ETE horren fakturazioa %50 hazi zen iaz, eta plantilla %35.  Hori dela eta, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak urteko ETE Industrial onenaren saria eman zion duela aste gutxi. Marketin eta Salmenta zuzendari Jon Basokok SPRI Taldearen eskutik errepasatu ditu euskal enpresa horren hainbat gako.

 

Gure ingurura begira jarriz gero (sukaldean, autoetan, lanpostuetan, garraioetan…), ohartuko gara leku askotan dagoela silikona…

Egia da, uste baino askoz gauza gehiagotan dago, bai sektoreetan eta bai aplikazioetan. Material hori kiloka erabiltzen da gure inguruan.

 

Barkatu ezjakintasuna, baina nondik ateratzen da silikona eta zerk bereizten du, adibidez, plastikotik?

Funtsean, silizioa da silikonaren jatorria, eta silizioa da lurrazalean gehien agertzen den materialetako bat. Plastikoa, berriz, petroliotik dator. Ezaugarri teknikoei erreparatuz gero, silikonak prestazio hobeak dauzka tenperatura altuak eta baxuak jasateko, elastikoagoa da, eta sekulako gama kromatikoa du. Hori dela eta, baliteke silikona ez izatea oso merkea, baina eskaintzen duen balio erantsiak justifikatzen du bere prezioa.

 

Zumaian fabrikatzen duzuen materiala nora bideratzen duzue?

Hiru negozio-ildo dauzkagu. Lehenengoa da silikona formulatzea eta saltzea beste enpresa batzuek eraldatu dezaten. Adibidez, silikona oso berezi bat formulatzen dugu puntako konpainia batentzat, zeinak gozogintzarako moldeak egiteko erabiltzen baitu. Badugu beste sail bat, sektore batzuetako enpresentzako osagai teknikoak egiten dituena, adibidez, etxetresna elektrikoetan erabiltzeko –guk formulatutako silikona erabiltzen da labeetako estankotasun-junturetan-; eta, azkenik, tenperatura handiko eroale elektrikoak saltzen ditugu. Hiru eremu horien bidez dibertsifikatu egin nahi dugu, sektore eta eremu geografiko desberdinetara iritsiz.

 

Zein da zuen negozio-ereduaren balio erantsia?

Silikonaren formulazioa bera, izan ere, gehienetan kartara eginiko nahasketak eskaintzen ditugu, bezero bakoitzarentzat esklusiboak direnak. Gutxitan lortzen da bi enpresarentzat balio dezakeen formula bakar bat.

 

Iaz arrakasta handia izan zenuten fakturazioan eta enplegagarritasunean, besteak beste, bi proiektu garrantzitsu gauzatu zenituztelako: Moskuko Dinamo futbol taldearen estadioa eta proiektu bat Pirex multinazional frantsesarentzat…

Proiektu gehiago ere izan genituen, baina horiek biak aspalditik geneuzkan eskuartean, eta iaz “lehertu” ziren. Lehenengoa futbol-zelai bat da, VTB Arena. Moskuko Dinamo taldeak jokatzen du han, eta berriztatu egin da laster Munduko Futbol Txapelketa ostatatuko duelako. Gipuzkoako beste konpainia baten eskutik, kanpoko fatxadako juntura guztiak egin ditugu, eta zenbakitan, 40 bat tona silikona izan dira. Bestalde, akordio bat lortu dugu Pirex enpresarekin beirazko tupper ontzietarako, berriro modan jarri baitira plastikozkoen kaltetan. Kasu horretan, silikonazko zazpi milioi juntura egin ditugu.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow