Robotika kolaboratiboa 4.0 Industrian

7 July, 2017
IK4-Tekniker robota.

IK4-Tekniker teknologi zentroak robotikako konponbideak eskaintzen ditu prozesu industrialetarako

Robotek industriako produkzio-prozesuetan duten aplikazioa da Fabrikazio Aurreratuaren elementu agerikoenetako bat. Research & Market aholkularitzak eginiko “Robotics Market: Global Industry Trends, Share, Size, Growth, Opportunity and Forecast 2017-2022” txostenak dio 2016an 6,5 milioi robot merkaturatu zirela mundu osoan industriarekin lotutako lanetarako, etxerako edo zeregin pertsonaletarako. ABB Group, KUKA AG, FANUC Corporation eta Yaskawa Electric Corporation dira munduko fabrikatzaile garrantzitsuenetako batzuk.

 

Robotikak bizi duen goraldia eztabaida handia sortzen ari da 4.0 Industriaren baitan. Produkzio prozesuen robotizazio progresiboak berekin ekar dezake langileak (gizakiak) kaleratzea, eta mehatxu horrek eragina izango luke lan merkatuan. Bada web orri bat, “Will robots take my job?” izenekoa, zeinak kalkulatzen baitu zein probabilitatea duzun lana galtzeko roboten erabileraren ondorioz. Web orri horrek bere ondorioak ematen ditu, oinarritzat hartzen dituelarik automatizazioari buruzko ikerketen datuak eta Estatu Batuetako Lanaren Bulegoko estatistikak.

 

Euskadin teknologi zentroak euren kabuz ari dira apustu egiten roboten garapenaren alde. Robotikaren sektorean lan egiten duten startup asko ari dira sortzen Erdialdeko Europan –batik bat Alemanian-, baina gure inguruko egoera aski desberdina da. IK4-Tekniker zentroak hainbat urtez ikertu du robotika malgu eta kolaboratiboko konponbideen garapena industria sektorerako. Denbora horretan, Europa mailako proiektu ugaritan parte hartu du, bere garapenak enpresetara eramateko xedez.

 

Roboten abantailak

“4.0 Industriak eskatzen digu sistemak malguago izan daitezela, kontsumitzaileen eskaeretara egokitu daitezela eta pertsonalizaziorantz bidera daitezela, erabiltzaile bakoitzarentzat produktu desberdinak sortzeko. Robotikak ibilbide oso luzea du, baina 4.0 Industrian robotika kolaboratiboaz mintzatu behar dugu; robotika mota horren zati handi bat sentsorikaz osaturik dago, automatizazioak egokigarriak izan daitezen eta unean uneko produkzioaren eskaeretara doitu daitezen. Sistema robotikoetako sentsoreei esker, makinak adimendunagoak dira, erabaki autonomoak har ditzakete, eta gainera, aukera sortzen da pertsonek eta robotek elkarrekin lan egin dezaten muntaia operazioetan” azpimarratu du Loreto Susperregik, IK4-Tekniker zentroko Robotika Proiektuen koordinatzaileak.

 

Abantaila asko ditu prozesuetan robotak erabiltzeak. Kasu batzuetan, arrazoi ekonomikoak daude, baina beste batzuetan, ia derrigorrezkoa da makinak erabiltzea. “Robotek zehaztasun handiko zereginak egin ditzakete. Orobat erabiltzen dira oso errepikakorrak diren lanetan, halakoetan makinek errendimendu handiagoa dutelako. Beste enpresa batzuek, berriz, kontuan hartu behar dute ergonomia. Zenbait lanpostu oso gogorrak dira, eta ahalegin fisiko handia eskatzen dute. Aldiz, gizakiek egin behar dituzte adimena eta egokitzeko edo arazoak konpontzeko gaitasuna eskatzen duten lanak. Horregatik, robotek eta langileek elkarrekiko osagarriak izan behar dute, hori da garrantzitsuena” azaldu du Susperregik.

 

Kontzeptu berri bat sortu da robotek eta pertsonek espazio berean lan egiten dutenetik: robotika kolaboratiboa.  Esparru horretan, robotek beste izen bat hartu dute: “kobotak”. Robotika kolaboratiboak arrakasta izan dezan, funtsezkoa da neurriak hartzea gizakien segurtasuna bermatzeko, eta horixe da gaur egungo erronka handienetako bat, Tekniker zentroko arduradunak azaldu duen bezala: “Robotika kolaboratiboan funtsezkoa da segurtasuna. Badago araudi bat lankidetza hori arautzeko. Sentsorez hornitu behar dira robotak, jakin dezaten noiz dagoen gizaki bat inguruan, eta, era berean, adimena eman behar zaie, gelditu daitezen arazoren bat detektatzen dutenean. Robotak gai izan behar du ingurune ziurgabe batean erabakiak hartzeko. Orain arte, robotak hesi baten atzean egoten ziren lan errepikakorrak egiten, ondo mugatutako esparru baten barruan. Hesiak kendu ahala algoritmo adimendunak garatu behar dira, robotak gauza izan daitezen ziurgabetasun hori barneratzeko”.

 

Konponbide pertsonalizatuak

Lan kolaboratibo horren adibide da Tekniker zentroa SAAB multinazionalarekin batera garatzen ari dena. Kasu honetan, fabrikako langileek eta robotek eskuz esku lan egiten dute, ia etengabe daudelarik elkarrekin kontaktuan. “Automoziotik eta aeronautikatik datoz robot kolaboratiboen eskaera gehienak, ohartu baitira robot kolaboratiboak erabiliz prozesuak hobetu ditzaketela, bai kalitatean eta bai eraginkortasunean. Adibidez, proiektu bat daukagu SAAB enpresarekin, zeinetan hegazkinetako aleroiak ikuskatzen baititugu ingurune kolaboratibo batean. Zehaztasun handia behar da aleroia ikuskatzen duen sentsorea erabiltzeko eta espazio guztia ongi estaltzen duela bermatzeko. Robot batek egiten du lan hori, langile batek jarduera gainbegiratzen duen bitartean” zehaztu du Loreto Susperregik. “Orobat lanean ari gara ULMA Handling enpresarekin, logistika prozesuak hobetzeko. Kasu honetan, roboten ardura da bezeroen eskaeren paketeak prestatzea. Eskuzko prozesu bat da, oso azkar eta eraginkortasun handiz egin beharrekoa”.

 

IK4-Tekniker bezalako teknologi zentro baten lana da konponbideak eskaintzea enpresa mota desberdinek barne hartzen dituzten arlo desberdinetarako. Konpainia batek garapen teknologiko pertsonalizatu bat behar badu, gugana jotzen du arazoa azaltzeko. “Enpresek teknologi zentro bati azaltzen dizkiote beren arazoak. Guk analisi bat egiten dugu jakiteko zer eskatzen ari diren eta orobat aztertzeko gure konponbideak baduen bideragarritasun teknikorik. Normalean, ingeniaritzetara bideratzen ditugu edo jadanik merkatuan dauden konponbideetara. Begi bistako konponbiderik ez dagoenean esku hartzen dugu guk. Horrelakoetan hasten gara lanean. Bideragarritasun azterketa bat egiten dugu, pilotu bat prestatzen dugu konponbidearen garapenarekin eta, jasotako emaitzen arabera, industrializazio-fasera igarotzen gara. Hortik aurrera, teknologi zentrook teknologia transferitzen dugu. Ez dugu geuretzat gordetzen, enpresei eskaintzen diegu lehiakorrago izan daitezen. Ezagutza transferentzia hori mota desberdinetakoa izan daiteke kasu bakoitzaren arabera” laburbildu dute Tekniker zentroko kideek.

 

Robotek bide desberdinak egingo dituzte, munduko toki bakoitzaren arabera. Japonian, adibidez, osasun sektoreari aplikatutako robotika esperientziak garatzen ari dira, non oso garrantzitsua baita makinen osagai humanoidea. Makinek gizakion antza izateko joera hori indarra hartzen ari da Asiako zenbait herrialdetan. Estatu Batuetan sistema mekatroniko konplexuak lantzen ari dira, esaterako, hor dugu Boston Dynamics zentroaren BigDog robota. Mugimendu artikulatuak egiteko gai diren makinak dira, eta funtzio desberdinetarako erabil daitezke. “Europan robotikaren alderdi kognitiboena aukeratu dugu. Teknologiak eboluzionatu egin du, baina oraindik urrun dago zientzia fikziotik. Robotika aurreratuaren ezaugarri garrantzitsua adimen osagaia da” aitortu du Susperregik.

 

Euskadiren erronkak

IK4-Tekniker zentroko Robotika Proiektuen koordinatzailearen ustez, hiru elementuk markatuko dute robotika kolaboratiboaren etorkizuna: “Lehen faktorea izango da sentsoreak integratzea eta gai izatea inguruko informazioa prozesatzeko. Bigarren faktorea segurtasunarekin dago lotuta. Segurtasuna langileekin batera lan egitean, baina baita ere ziber-segurtasunari dagokionean, robotaren jarduera eta atzematen dituen datuak arriskutik salbu egon daitezen. Hirugarren elementua da robotak adimen handiagoz hornitzea, “machine learning” eta “deep learning” teknologien bitartez, robotak gauza izan daitezen objektu bat identifikatzeko eta toki batean edo bestean uzteko, objektuaren ezaugarrien arabera”.

 

Euskadiko robotikako erronkei dagokienez, Euskadik zentratu behar du elementu mekatroniko espezifikoren baten sustapenean. Teknologi zentroez harago, ez dago startupik goraldian dagoen sektore honen aldeko apustua egin duenik. Halaber kontuan hartu behar da etorkizuneko profesionalen prestakuntza, zeren dagoeneko eskatzen baitira robotikarekin eta adimen artifizialarekin lotutako profilak, eta, ildo horretatik, euskal unibertsitateak hasiak dira lehen urratsak ematen esparru horiek ikasketa graduetan formalizatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow