Mikroorganismoen aurkako estaldurak, berez garbitzekoak eta islaren aurkakoak

5 iraila, 2016
Alexander Santiago.

Batez ere apaingarri edo babesgarri gisa gainazaletan aplikatzen diren materialak dira estaldurak edo pinturak. Dena dela, gaur egun, gero eta eskakizun zorrotzagoak egiten zaizkio material horien merkatuari. Gaur egungo estaldurek, apaingarri eta babesgarri izateaz gainera, beste propietate gehigarri batzuk eduki behar dituzte, hala nola mikroorganismoekiko atxikidura txikia, garbitzeko errazak izatea edo berez konpontzeko propietateak. Halako materialei “estaldura funtzional” esaten zaie. Estaldura funtzionalak garatzeko, gainazalen propietate fisikoak (bereziki, morfologia) zein kimikoak kontrolatu behar izaten dira.

 

Alexander Santiagok garatutako ikerketak ekarpena egin nahi izan dio hiru estaldura funtzional motaren garapenari, mikroorganismoekiko erresistentzia (adibidez, itsasontzietako pinturetan erabiltzeko), berez garbitzeko propietateak (pintura hidrofoboak) eta islaren aurkako propietateak lortzeko (mugikorretako pantailetan edo betaurrekoetan erabiltzeko).

 

Bai ikerketa-taldeko beste kide batzuek bai AEBko IBM Almaden Research Center San Jose ikerketa-taldeko kideek egindako ikerketa batzuei jarraikiz, ikertzaileak hainbat saiakuntza eta proba egin zituen lehen aipatutako hiru ildoetan, propietate jakin horiek zituzten material funtzionalak lortzeko.

 

Kostuak murriztea

Aztertu zuen lehenengo estaldura hidrofoboa kopolimero bat izan zen, zeinaren osagaien fase-bereizketa espontaneoki gertatzen baita. Hau da, “kopolimeroaren osagaietako batek (poliuretanoa) substratuari atxikitzeko ahalmena ematen dio kopolimeroari, eta beste osagaiaren (siloxanoa) zatirik handiena gainazalean geratzen da agerian, horrek zimurtasuna ematen dio substantziari, eta hidrofoboa denez, gainera, organismoak atxikitzea eragozten du”, azaldu du Alexander Santiagok. Hainbat neurketa eginez, egiaztatu zuten sistemaren izaera hidrofoboak lotura handiagoa zuela zimurtasunarekin gainazalean zegoen siloxano-kontzentrazioarekin baino. Proteinen adsortzioa neurtuz zehaztu zen film horietan mikroorganismoak atxikitzeko gaitasuna nola murrizten zen. Saiakuntza horiek agerian utzi zuten mikroorganismoak gutxiago atxikitzen zirela fase-banaketa zuten filmetan.

 

Berez garbitzeko gaitasuna zuten materialak lortzeko, estaldura hidrofoboen ikerketa-ildoari jarraikiz, aurrez sintetizatutako nanopartikula ez-organiko hidrofoboak —zehazki, estaldura organikoko silize-nanopartikulak— sartu zituzten polimero akrilikoetan, hainbat metodo erabiliz. Emaitza onenak lortu zituzten nanopartikulak film akrilikoen gainean lainoztatuz; izan ere, hala, gainazal superhidrofobo bat sortu zen, berez garbitzeko propietate oso egokiak zituena, erresistentzia handia izateaz gainera. Horretarako erabilitako metodoa “azkarra eta merke samarra da —adierazi du ikertzaileak—, silizea erabiltzen baitugu eta silizea ez baita merkatuan erabiltzen diren beste hainbat substantzia bezain garestia”.

 

Islaren aurkako ezaugarriak lortzeko, bestalde, filmek substratuak baino errefrakzio-indize txikiagoa izan behar dute, eta hori lor daiteke estalduretan porositatea sartuz. Baina poroen ondorioz, islaren aurkako gainazalek ez dituzte propietate mekaniko egokiak prozesatzeko. Beraz, porositate/erresistentzia erlazioa aztertu zuen lortutako errefrakzio-indizearekiko, eta emaitza esanguratsuak lortu zituen.

 

Ikertzailearen arabera, “oraindik badugu lana egiteko; izan ere, nanopartikulak oraindik ez dira ondo atxikitzen polimerora, eta lortzen den film nanopartikuladuna ez da gustatuko litzaigukeen bezain trinkoa”. Kontaminazio biologikoaren aurkako propietateen inguruan ikertutako kopolimeroei buruz azaldu duenez, “aurretiko emaitza itxaropentsuak lortu ditugu, eta estrapolatu egin daitezke, baina arazoa da laborategiko eskalan ari garela”. Azkenik, ikertzaileak azaldu du islaren aurkako estalduren gaia ikerketa baten hasiera baino ez zela izan, “eta oraindik hobetzen ari gara”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow