Bizkarrezurreko lesioei aplikatutako neurozientzia, AXA Ikerketa Funtsaren katedra berria BiomaGUNE zentroarentzat

18 azaroa, 2016
nano basque nueva catedra para biomagune

AXA Ikerketa Funtsak katedra iraunkor bat eman dio Biomagune-Donostiako Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroko Maurizio Prato katedradunak zuzendutako lantaldeari. Zentroak 800.000 euro jasoko ditu, eta lagungarri izango zaizkigu hobeto ulertzeko material berrien aplikazio praktikoak, besteak beste, grafenoak eta karbonozko nano-hodiek neuro-zientzian eta bizkarrezurreko lesioetan dituztenak.

 

Jean-Paul Rignault-ek, AXA España saileko kontseilari delegatu eta AXA Ikerketa Funtseko bozeramaileak, adierazi du oso harro dagoela “Espainian proiektu berritzaile eta garrantzitsuak garatzen ari direlako”, eta gaineratu du funtsezkoa dela “komunitate zientifikoa babestea, bai ezagutza zabaltzen laguntzeko, bai eta gure gizarteko arriskuak ulertu eta prebenitzeko”.

Proiektu honen helburu nagusia da hobeto ulertzea erronka sozial garrantzitsu bilakatu diren lesio horiek, norbanakoaren paralisi osoa edo partziala eragin dezaketelako eta ondorio oso txarrak izan ditzaketelako jasaten dituztenen bizi-kalitatean eta arreta premietan.

Ikerketa horren emaitzek aurrerapen garrantzitsuak ekarriko dituzte karbonozko nano-materialetan oinarritutako tratamenduetara, zeren bizkarrezurreko zati osoak birkonektatzeko duten gaitasunari esker, lagungarri izango baitira neuronak birsortzeko. Karbonozko nano-hodiak egitura zilindrikoak dira, gizakiaren ilea baino 15.000 aldiz txikiagoak, eta oso eraginkorrak argindarra garraiatzeko. Karbonozko material horiek seinale elektrikoak trukatzen laguntzen diete neuronei, ehunak arbuiatu gabe eta nerbio-zelulen hazkundea ahalbidetuz beren egituran zehar.

Asmoa da lesionatutako bizkarrezur bateko konexioak berrezartzea, nano-hodiak “aldamio” gisa erabiliz, egitura horietan hazten baitira nerbio-zelulak.“Oinarrizko zientziaren arloko lan bat da, eta denbora asko pasako da pazienteengan aplikatu ahal izan arte, baina espero dugu balioko duela etorkizunean bizkarrezurreko lesioak tratatzeko” esan du Pratok.

Era berean, “Graphene Flagship” izeneko Europako makro-proiektuaren barnean, ikerlariek sentsoreak eta elektrodoak garatuko dituzte grafenoan oinarritutako garunaren estimulaziorako. Material hori silikona bezalako substratuetan eta antzeko beste erdi-eroale batzuetan ezarriko da, gorago aipatutako aplikazio biologikoak garatzeko.

800.000 euroko zuzkidura horrez gain, AXA Ikerketa Funtsak diru kopuru bat eman die berriki Espainiako beste hainbat proiekturi, horien artean bi katedra iraunkorri: Zientzia Fotonikoen Institutuko Antonio Acín katedradunaren AXA kriptografia kuantikoko katedra, eta Barcelona Supercomputing Center zentroko hondar eta hauts ekaitzen AXA katedra, hondar eta hauts ekaitzen aurreikuspenak aztertzen dituena, Carlos Pérez García-Pando ingurumen-ingeniariaren zuzendaritzapean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow