Nanopatroi magnetiko birkonfiguragarriak

30 ekaina, 2016
investigacion nanogune

CUNY Advanced Science Research Center (ASRC) zentroko eta Milaneko Politeknikoko ikerlariek zuzendutako nazioarteko zientzialari-talde batek, nanoGUNE zentroko ikerlarien laguntzaz, ikuspegi berritzaile bat aurkeztu du nanopatroi magnetiko birkonfiguragarriak diseinatzeko. Nanopatroi horien propietateak eta funtzionaltasunak nahi bezala programatu eta birprogramatu daitezke. Azterlan hori Nature Nanotechnology argitalpenaren 2016ko ekaineko alean aurkeztu da.

 

Metodoa -2016ko martxoan argitaratu zena online Nature Nanotechnology aldizkarian- ekorketa termikoko zunden litografian oinarritzen da eta nanopunta bero bat erabiltzen da oso lokalizatutako esparru beroketa eta hozketa lortzeko pelikula fin anti-ferromagnetiko eta ferromagnetikoetan. Beraz, punta beroa baliatzen da materialaren spinak nahi den norabidean lerrokatzeko, nanoeskalako bereizmenarekin.

 

“Proposatutako teknika zuzena da, eta aldaketa polarizazioen itzulgarritasuna eta egonkortasuna konbinatzen ditu, patroi bera nahi adina aldiz idatzi eta berregokitu daitekeelako, ekorketako zundaren litografiaren bereizmena eta eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatuz” esan du Elisa Riedok, ASRCko Nanozientzien Iniziatibako Fisikako irakasleak. “Lan honek frogatzen duena da ekorketa termikoko zundaren litografia indarra hartzen ari dela hurrengo nanodispositiboen belaunaldia sortzeko funtsezko nanofabrikazio metodo gisa, hasi detekzio bio-medikorako egiten diren tresnetatik eta spintronikaraino”.

 

Ikuspegi berri honek aukera emango die ikerlariei magnetismoa nanoeskalan kontrolatzeko, orain arte inoiz egin ez den moduan. Egileek metodo horixe baliatu dute kanal batzuk fabrikatzeko, zeintzuetan spin uhinak arazorik gabe hedatu baitaitezke. Spin uhinak material baten magnetizazioaren hedapena berrantolatzeko modu bat dira. Posible da konputazio eta detekzio dispositiboen belaunaldi berri bat fabrikatzea spin uhinen hedapena erabiliz, orain arteko korronte elektrikoa erabili beharrean.

 

Milaneko Politeknikoko irakasle Riccardo Bertaccok esan duenez, deskubrimendu horiei esker zehaztasun handiko propietate magnetikoak dituzten nanomaterial berritzaileak garatu ahal izango dira, eta baita ere konputaziorako dispositiboen arkitektura birkonfiguragarri bat.

 

“Bestalde uste dugu berdin arrakastatsua izango dela esparru magnetikoei ongi erantzungo dieten egituren sorkuntza, sentsore gisa erabili ahal izango baitira spintronika dispositiboen arkitektura berrietan” esan du. “Horrelako dispositiboen jomuga-merkatu potentziala oso zabala da, batik bat “Gauzen Interneten” aroan sartu garenetik, objektuek gero eta sentsore integratu gehiago behar baitituzte, eta konputazio gaitasun handiagoa ere bai”.

 

Edoardo Albisettik, Milaneko Politeknikoko doktoretza osteko ikerkuntzako ikerlari elkartuak eta artikuluaren lehen egileak, adierazi du nanoegitura magnetikoko patroien metodo berriak kontrol handiagoa izateko aukera eskaintzen diela ikerlariei.

 

“Orain arte, aldaketa estruktural edo kimiko atzeraezinak egiten ziren nanoegitura magnetikodun patroiak lortzeko” azaldu du Albisettik. “Aitzitik, laguntza termikodun ekorketa magnetikozko zundaren litografiaren metodo berria erabiliz (tam-SPL, thermal assisted magnetic scanning probe lithography hitzen ingelesezko siglak), nanopatroi magnetikoak erabat birkonfiguragarriak dira, eta pelikularen kimika edo topografia aldatu gabe lortzen dira”.

 

Material metamagnetiko berriak sortzeko aukerak bidea irekiko du zelula logikoetan oinarrituz informazioa prozesatzeko dispositibo berritzaileak garatzeko, eta baita ere aukera emango du spin uhinak egitura magnonikoetan hedatzeko eta manipulatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow