NanoGUNEk bere bosgarren spin-offa jarri du martxan

9 urria, 2015
Prosperoren molekula-detektagailua

CIC nanoGUNE nanozientziako ikerketa-zentroak bosgarren spin-off-a jarri du martxan, beste zenbait eragilerekin batera:Prospero Biosciences SL (Prospero). Prospero-ren helburua da molekula-detektagailu berritzaile bat garatzea, nanoteknologiak eskaintzen dituen abantailez baliatuta. Detektagailu hori masa-espektometroetan txertatuko dute. Besteak beste, konposatu bat osatzen duten elementu kimikoak zehatz-mehatz aztertzeko aukera ematen dute masa-espektrometroek, eta mundu mailan gehien hazten ari den instrumentazio analitikoko industrietako bat osatzen dute. 

NanoGUNEko zenbait ikertzaileren eta Robert Blick irakaslearen (Hamburgoko Unibertsitateko irakaslea eta nanoGUNEko irakasle bisitaria) arteko elkarlanaren emaitza da enpresa-proiektu berri hori. Blick mundu mailako aditua da bioteknologiaren sektorean aplikatutako nanoteknologiaren alorrean. Haren aurkikuntzek, hainbat patentek babestutakoek, orain arte ezinezkoa zen zerbait egiteko aukera emango dute: masa handiko molekula osoen detekzio arrunta eta ikaragarri zehatza. Prospero-ren helburua da patente horiek babesten duten teknologia garatzea, detektore berriak mundu mailan merkaturatzeko.

Enpresa-ekimen berri horren sustatzaileen artean daude, nanoGUNEz gain, Blick irakaslea bera, nanoGUNEko ikerlari diren Maria Arbulu eta Thales de Oliveira, eta enpresa-proiektuak abiarazten eta sustatzen dituen HASTEN Ventures erakundea. Spin-off berria nanoGUNEren enpresa-inkubagailuan kokatua dago, eta bertako laborategiak eta instalazioak erabiltzen ditu.

Aplikazio biomedikoak

Gaur egun, nanomintz berritzaile baten garapenean eta industrializazioan dihardu Prospero-k. Nanomintz horretan oinarritzen da, hain zuzen ere, teknologia berria, eta merkatuan egun daudenekin alderatuta hobekuntza nabarmenak eskaintzen ditu.

Erabili ahal izateko, lehendabizi, masa-espektrometro batean txertatu behar da teknologia hori. Konposatu bat osatzen duten elementu kimikoak aztertzeko erabiltzen dira masa-espektrometroak. Horrenbestez, molekulak identifika ditzakete eta, bereziki, gaixotasun desberdinen markatzaile biologikoak identifikatu ditzakete gaixoak berak sintomarik izan aurretik.

Teknika horren bidez, hainbat patologiarentzako sendabideak errazago aurkituko dituzte zientzialariek, birus- eta bakterio-agerraldien erantzun-denbora gutxituko dute, gaixoen diagnostiko klinikoa hobetuko dute, botiken segurtasuna optimizatuko dute eta osasunaren arreta pertsonalizatua eskaintzeko moduan egongo dira.

Dena den, azken urteotan asko aurreratu bada ere, orain arte industria ez da gai izan masa handiko molekulak modu fidagarrian identifikatzeko teknologia bat garatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Prospero-k eskaintzen duena. NanoGUNEren bosgarren spin-off-ak garatuko duen teknologiak hainbat aplikazio-eremu izango ditu, hala nola markatzaile biologikoen ikerketa, ikerketa eta diagnosi medikoa eta botika biosimilarren garapena, zeinak masa handiko molekulen identifikazio zehatza eskatzen baitu.

Masa handiko molekulak detektatzeko hainbat prototipo garatzen ari da Prospero enpresa, eta oso emaitza onak lortu dituzte horiek guztiak probatu dituzten osasun-arloko erabiltzaileekin. Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusia pozik dago enpresa eratu delako: “Prospero oinarri zientifiko-teknologiko sendoko enpresa disruptibo bat da eta nanobioteknologiaren alorrean benetako mugarri izatea espero dugu”, azpimarratu du.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow