“Merkatuek zibersegurtasunari lotutako marka bezala ikusi behar dute Euskadi”

23 azaroa, 2017
Javier Diéguez, Basque Industry 4.0 kongresuan.

Javier Diéguezek, Basque Cybersecurity Centre-ko (BCSC) zuzendariak, elkarlanaren alde egin nahi du eraso informatikoak geldiarazteko

“Gure asmoa ez da enpresekin lehiatzea, baizik eta haiekin batera lan egitea. Ez dugu eskainiko enpresen negozioari kalte egin diezaiokeen zerbitzurik”, adierazi du.

“Bukatu da gustuz erasotzen duen hackerra. Erasoen helburua da dirua edo eragina irabaztea, ez dago erromantizismorik”.

 

Javier Diéguez, Basque Cybersecurity Centre-ko (BCSC) zuzendaria, Donostiako Kursaalen izan da asteazken honetan, Basque Industry 4.0 kongresuan, non esan baitu Euskadik lanean jarraitu behar duela “zibersegurtasunari lotutako marka bezala ikus gaitzaten”.

 

Diéguezek buru eman dio 2.400dik gora lagun bildu dituen ekitaldi horri. Bere hitzaldian azpimarratu du BSCHren helburua dela segurtasuna ematea enpresei eta ekonomia dinamizatzea. “Gure asmoa ez da enpresekin lehiatzea, baizik eta haiekin batera lan egitea. Ez dugu eskainiko enpresen negozioari kalte egin diezaiokeen zerbitzurik. Zibersegurtasun arloko ahaleginak eta helburuak lerrokatzea da erronka nagusia”.

 

Diéguezek aipatu du informazioa funtsezko elementua dela gaur egungo gizartean eta, beraz, babestu egin behar dela. “Argi dago gailuak, enpresak eta gobernuak gero eta konektatuago daudela. Segurtasun fisikoko elementu guztiak elektronizatzen ari dira. Orain beste modu batean kontsumitzen dugu teknologia: dena dago lainoan. Informazioa oinarrizko elementu bihurtu da, eta babestu egin behar dugu”.

 

Diéguezek esan du eraso informatikoak arrisku izatetik mehatxu izatera igaro direla.  “Bukatu da gustuz erasotzen duen hackerra. Orain profesionala da, aktibista, krimen antolatuan edo geopolitikan diharduena. Bi kasu horietan antolakunde oso prestatuak eta finantzatuak dira. Erasoen helburua da dirua edo eragina irabaztea, ez dago erromantizismorik”.

 

Aipatu du informazioa babestu egin behar dela, eta ez bakarrik datu pertsonalen pribatutasuna zaintzeko, baizik eta baita ere enpresen plan estrategikoak babesteko. “Eta lantegietako akatsak prebenitzeko, alertak fidagarri egiteko eta ahalik eta azkarren erreakzionatzeko”.

 

Diéguezek esan du zibersegurtasun arloan legea betetzea “gutxieneko eskakizuna” dela. “Hala jokatu behar duzu merkatuan jarraitu  nahi baduzu”. Bere iritziz, funtsezkoa da eraso zibernetikoen detekzio-denbora murriztea. “Oso lan zaila da, erasotzaileak oso aurreratuta daudelako. Prest egon behar dugu gertatzen denerako. Gaur segurua iruditzen zaiguna, bihar kaltebera izango da”.

 

Esan du zibersegurtasun-estrategiak nazioartekoa izan behar duela, “Internet globala delako eta informazioa partekatu behar dugulako”, eta uste du ikuspegi komertziala ere landu egin behar dela. “Merkatuek zibersegurtasunari lotutako marka bezala ikusi behar dute Euskadi”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow