Europako Fisika Elkarteak Donostia International Physics Center sarituko du

26 iraila, 2016
Donostia International Physics Center (DIPC).

Europako Fisika Elkarteak (EPS) Donostia International Physics Center (DIPC) sarituko du, Materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen paregabeagatik, baita antolatutako askotariko dibulgazio-jarduera arrakastatsuengatik ere. 2000. urtean sortu zen DIPC, materialen fisikako oinarrizko ikerketan jarduten duen erakundea, eta euskal zientziaren erreferente bihurtu da, urte gutxian. Ikerketa-zentro berdingabea da, bai haren egitura instituzionalagatik bai funtzionamendu-ereduagatik. Bestalde, ikerketan bikaintasuna bilatzeaz gainera, ezagutza zientifikoa gizarteratzeko erantzukizuna hartzen du bere gain. Hain zuzen ere, DIPCk hirugarrenez antolatzen duen zientzia-dibulgazioko Passion for Knowledge jaialdiaren amaiera-ekitaldian aitortuko dio bere lana DIPCri EPSko presidente Christophe Rossel-ek, plaka ofizial bat emanez.

EPS 1968. urtean sortu zen, eta Europako zientzia-elkarte garrantzitsuenetako bat da. Elkarteko kide dira, besteak beste, Europako 42 fisika-elkarte nazional, fisikaren arlo guztietako kideak eta Europako ikerketa-erakundeak. Guztira, 130.000 lagunek osatzen dute elkartea. Zientzia-elkarte gisa, EPSk fisikaren aurrerapena bultzatzen, Europako fisika-komunitatearen interesak defendatzen eta nazioarteko lankidetza sustatzen ditu. Arduradun politikoen eta herritarren aurrean fisikako ikerketak egiten duen ekarpen esanguratsuaren alde egiten du, elementu garrantzitsua baita Europaren aurrerabide ekonomiko, teknologiko, sozial eta kulturalerako. Aipatzekoa da, esaterako, EPSk Europako erakundeen zientzia-politikari buruzko eztabaida- eta erabaki-foroetan parte hartzen duela.

Pedro Miguel Echenique DIPCko presidenteak adierazi duenez, “ohore handia da guretzat EPSren eskutik halako aintzatespena jasotzea, izen handiko erakundea baita EPS, eta lanean aurrera egiteko adore handia ematen digu, DIPC ikerketan eta zientziaren komunikazioan mundu mailako erreferente bilakatzeko”. Halaber, adierazi du saria garrantzitsua izateaz gainera, oso garrantzitsua dela Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren testuinguruan EPSk bere Batzorde Exekutiboaren urteko bilera DIPCren Donostiako egoitzan egitea irailaren 30ean eta urriaren 1ean. EPSko presidenteak nabarmendu duenez, “bat egiten dugu, bete-betean, jaialdiaren helburuarekin: zientzia gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenari laguntzen dion funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzea”. Helburu hori betetzeko, jarduera-programa zabala antolatu du Passion for Knowledge 2016 jaialdiak, irailaren 27tik aurrera, herritar orori zuzendua.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow