Bio-medikuntza sektoreari aplikatutako fabrikazio aurreratua, aukera nitxoa Euskadin

29 iraila, 2016
spri_stand biobasque_1

Dispositibo medikoen fabrikaziora jauzi arrakastatsua egindako lau euskal enpresaren esperientzia erakutsi du Euskal bio-eskualdeak Biospain azokan. Maila teknologikoa, espezializazio industriala eta espiritu berritzailea izan dira giltzarriak. SPRIk laguntza programak eskaintzen ditu horrelako proiektuak garatzeko.

 

Euskal industriaren maila teknologiko handiak bultzatzen du Euskadiko bio-medikuntzaren sektorea. Bio-medikuntzaren sektorean sartzeko beren negozioa dibertsifikatu eta egokitu duten lau euskal enpresak -batzuk enpresa industrial hutsak- beren esperientzia azaldu dute Biospain kongresuan.  Hauek dira: KIRO ROBOTICS, CIKAUTXO MEDICAL, I-LINE Micro Systems eta BTI, Biotechnology Institute.

Lau konpainiek atzo, hilaren 28an, parte hartu zuten “Medtech, an opportunity for a manufacturing región” saioan. Topaketari hasiera emateko azaldu zen nola EBk eskualdeei gomendatu dien eraiki dezatela beren lehiakortasuna beren indar-guneak sendotuz eta espezializazio adimenduna garatuz. Euskadin, Eusko Jaurlaritza da estrategia horren (RIS3 delakoa) liderra eta hiru zutabetara bideratu ditu bere ahaleginak: fabrikazio aurreratua, bio-osasungintza eta energia. Lehen bien arteko sinergiei esker, dispositibo mediko eta osasun digitalaren esparrua aukeratu da garai berri honetan garatzeko arloetako bat bezala, eta horren adibide dira enpresek jardunaldian ezagutarazi dituzten esperientzia arrakastatsuak.

KIRO ROBOTICS, Borja Lizari: Makinak automatizatzeko esperientzia, ospitaleen sektorera eramana. Mondragon Korporazioaren spin-off horrek Kiro Oncology robota garatu du. Kiro Oncologyk kimioterapian zainetatik sartzen den medikazioaren prestakuntza automatizatzen du eta horrelako produktuekin kontaktuan dauden osasun-langileen arriskuak murrizten ditu.

 

CIKAUTXO MEDICAL, Gonzalo Martin:  Cikautxo Taldetik bereizitako unitate bat da, Kautxuzko eta Plastikozko osagaien garapenean eta produkzioan espezializatua; Osasunaren Merkatuan lan egiten du eta silikonazko osagaiak eta hodiak, eta espezialitate mediko desberdinetarako kateterrak eskaintzen ditu.

 

I-LINE MicroSystems, Iñaki Sadaba: 2007an Bic Gipuzkoa zentroaren laguntzaz sortutako oinarri teknologikoko enpresa bat da, Point of Care diagnostiko medikoko dispositibo berritzaileak diseinatzen eta fabrikatzen dituena hemostasiaren eremu klinikorako, mikro-fluidikan eta Lab-on-a-Chip kontzeptuan oinarritutako teknologiaren abantailak aplikatuz.

 

BTI, Biotechnology Institute, Xabier Landaluce: Ahoko inplante eta errehabilitazioaren sektorean erreferentziazkoa den enpresa bat da, eta nazioarteko erreferente zientifiko bat ere bai birsortze terapien aplikazioan, hazkunde faktoreetan aberatsa den plasmari buruz egiten duen ikerketa lan handiagatik.

Bio enpresen sektorea Euskadin

Une honetan badira EAEn 80tik gora erakunde bioteknologia arloko ikerketan lan egiten dutenak, eta horietatik 71 enpresa bioteknologikoak dira. Sektoreak 304 milioi eurotik gora fakturatzen ditu urtean, eta produkzioaren %18 esportatzen du.

Euskadiko bioteknologia-enpresen sektorean enpresa txiki-ertainak dira nagusi, langile kualifikatuetan intentsiboak direnak, eta gehienbat gizakion osasunari, nekazaritza eta elikadura sektoreari eta industriari aplikatutako produktu eta zerbitzuak garatzen dituztenak.

Bio sektoreak 1.183 langile ditu lanaldi osoan, hau da, Euskadin I+G arloan aritzen diren langile guztien %6,4, tartean anitz emakume, Bioteknologian ari diren langile guztien %60 baitira. 2009tik hona sektoreko enplegua %28 baino gehiago hazi da.

Euskal enpresa bioteknologikoak. Biobasque 2016 argitaralpena

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow