Euskal adimen artifiziala 4.0 Industriarako

20 abendua, 2017
 Skootik enpresako lantaldea

Skootik konpainiak garatutako konponbidea “machine learning” kontzeptuan oinarrituta dago eta jasotzen dituen datuetatik ikasten du

 

Adimen artifizialak (AA) 12 ekonomia garatutan daukan inpaktua neurtzeko Accenture aholkularitzak egin duen ikerketaren arabera, 2035erako AArekin bikoiztu egin litezke urteko hazkunde ekonomikoaren egungo tasak, lanaren izaera aldatuz eta harreman berri bat sortuz langilearen eta makinaren artean.  Aurreikusten da adimen artifizialaren inpaktuak %40 handituko duela lanaren produktibitatea negozioetan eta pertsonek modu eraginkorragoan erabili ahal izango dutela beren denbora. Gaur egun algoritmoak eta sare neuronalak presente daude “machine learning” eta “deep learning” bezalako kontzeptuetan, ikusmen artifizialean, ahotsaren errekonozimendu sistemetan, laguntzaile birtualetan edo hain ohikoak diren “bot”etan.

 

Euskadin tamaina desberdinetako enpresa eta startup asko ari dira lanean adimen artifizialaren esparruan. Horietako bat da Skootik donostiarra. 2012an sortua, bezero mota desberdinentzako “machine learning” kontzeptura zuzendutako negozio-eredu bat zehaztu zuen. Geroztik lanean aritu dira zerbitzu sektoreko hainbat enpresa eta erakunderekin, “Smart Cities” direlakoen esparruan (SmartKalea proiektua Donostiako Udalarentzat), osasunera bideratutako konponbideetan (alergia pikoak detektatzeko), industrian (makinetan akatsak aurreikusteko) edo turismoan.

 

Enpresaren produktu garrantzitsuena AlchemyML da, eta “machine learning” kontzeptuaren bigarren belaunaldia irizten diote, Skootik Mobile Technologies enpresako zuzendari nagusi Unai Martínezek dioenez: “Machine learning”a adimen artifizialaren adar bat da. Funtsean, datu batzuk sartzen dira sistema batean eta datu horietan oinarriturik sistemak automatikoki ikasten du.  AlchemyML produktuari dagokionez, datuak sartu ondoren sistemak berak balidatzen, garbitzen eta behar izanez gero aberasten ditu, informazio garrantzitsuena gordeaz. Zutabe baliagarriak ere gehitu diezazkioke automatikoki sartzen ari zaion datuari, eta berak erabakitzen du zein den algoritmo egokiena datu horrentzat. Alchemy ML sistemak bere esperientziatik ikasten du eta gero eta erabaki hobeak hartzen ditu. Zenbat eta datu gehiago sartu AlchemyMLri, hainbat adimentsuago bihurtzen da eta gauzago da kasu bakoitzean erabaki onenak hartzeko”.

 

Ez dago esaterik AlchemyML adimen artifizial global bat denik, bertsio desberdinak baititu enpresa bakoitzaren tipologiara egokitzeko. “Bada AlchemyML sistemaren bertsio pertsonalizatu bat, bezero bakar baten –bezero industriala normalean– beharrizanetara zuzendua. Badauka “core” bat egokitua dagoena ikasteko eta enpresa jakin horri konponbideak emateko, eta horrek balio erantsi handia ematen dio. Zerbitzu hori lokala izan liteke edo lainoan gordetakoa. Gainera, lainoko zerbitzu bat abiatuko da datu-talde txikiagoentzat, esaterako ETEentzat, edonork erabili ahal izan dezan “machine learning” teknologia. Bigarren kasu horretan, AlchemyML motor bat da esperientzia desberdinetatik ikasten duena”, azaldu du Unai Martínezek.

 

AlchemyML emaitza nabarmenak ematen ari da SmartKalea bezalako ekimenean, non baliatzen den aurreikusteko zenbat jende igaroko den etorkizun laburrean Donostiako Kale Nagusitik. “Dena bide beretik badoa, modulu hori beste kale batzuetan aplikatu nahiko genuke, baina ez bakarrik oinezkoen ibiliak neurtzeko, baizik eta aldez aurretik jakiteko hiriko altzariek izan ditzaketen akatsak edo fluxu handiko kaleen trafikoa, datu horiekin hiritarraren esperientziak kalitate hobea izan bailezake”, aurreratu du Skootik enpresako zuzendari nagusiak.

 

4.0 Industrian duen aplikazioari dagokionez, Skootik-ek hainbat esperientzia jarri ditu martxan azken urteotan. “Adibidez, makinen mantenimendu prediktiborako erabili daiteke. AlchemyML sistemak makinen funtzionamenduari buruzko datuen historiko bat irensten du eta algoritmoak aurretiaz esan behar du noiz huts egingo duten. Kasu honetan, kontua ez da ahalik eta iragarpen zehatzenak bilatzea, baizik eta bide bat aurkitzea fabrika osoa ez dadin geratu makina batek huts egin duelako. Hau da, gerta liteke sistemak aurreikustea makinak apirilaren 7an huts egingo duela, baina apirilaren 6an matxuratzen bada, iragarpen hori oso zehatza izanagatik ez du ezertarako balioko, matxura horrek arazo andana bat sortu ditzakeelako produkzio-katean. Kasu horretan, algoritmoari muga exijenteago bat ezarriko zaio iragarpena aurreratzeko, hau da, garrantzi gehiago emango zaio lantegiko geraldiak eragozteari, iragarpen zehatzak egiteari baino. Kasu honetan, bezeroak jauzi kualitatibo bat ematen du mantenimendu prebentibotik prediktibora. Badaude beste adibide batzuk ere, zeren erabili baitaiteke, konparazio batera, balio katearen barruan lantegiko produktuen ibilbidea optimizatzeko, eta trazagarritasuna, energia-kontsumoa edota bezeroen asebetetze-maila optimizatzeko. Azken kasu horretan, adibidez, zehaztasuna bada garrantzitsua. Errealitate bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta AlchemyML sistema ikasten ari dena da  prozesu osoa ahalik eta gehien automatizatzen, datuak barneratzetik hasi eta iragarpenak egiteraino, edozein izanik ere azterketaren xedea”, esan du Unai Martínezek.

 

Une honetan Skootik enpresak bost langile ditu eta beste bi kontratatzeko prozesuan daude. Ez da lan erraza, arazo asko baitituzte “jende prestatua aurkitzeko”. “Bilatzen dugun profil profesionalak zerikusia du matematikarekin, informatikarekin eta are fisikarekin ere. Teknologia maite duen jendea, balio-ekarpenak egin ditzakeena eta iniziatibaduna”, azaldu dute euskal startupeko ordezkariek. Talentu eskasia hori beren garapenaren beste funtzionaltasun garrantzitsu batekin orekatzen dute: “AlchemyML prestakuntzarako tresna ere bada. Motorrak prozesu osoari buruzko informazioa ematen dio erabiltzaileari modu didaktikoan, hasi datuak barneratzeko unetik eta hartutako erabakien atzean dauden arrazoietaraino edo datuak balidatzeraino, e.a. Horrela, asmoa da lantegiko langilea transbertsala izan dadila, prozesua hobeto ezagutu dezan eta izan ditzan behar diren gaitasun digitalak 4.0 eraldaketa ordenatu bat egiteko. Balio erantsi hori oso garrantzitsua da enpresentzat”, azpimarratu du Skootik enpresako zuzendari nagusiak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow