Innovalia Taldearen eraldaketa digitaleranzko bidea

12 September, 2017
Silvia de la Maza, Innovalia Group taldeko CIO

30 urte bete berri dituen konpainia horrek konponbideak eskaintzen ditu 4.0 Industriako teknologiak aplikatzeko

 

Innovalia Taldeak 30 urte bete berri ditu. Konpainia horren jatorrian CARSA dago, Automatizazioan eta Robotikan zentratutako aholkularitza bat, zeinak laguntza ematen baitie enpresa eta administrazioei beren eraldaketa digitaleko prozesuetan. Industria 4.0 kontzeptua oraindik ezaguna ez zenean, CARSA hasia zen esaten garrantzitsua zela enpresa handiek nahiz ETEek berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egitea, berrikuntza hori delako beren hazkunde eta nazioartekotze prozesuen oinarria. Gaur egun, Innovalia Taldea oinarri teknologikoko enpresen aliantza estrategiko bat da, eta enpesa horiek konponbideak eskaintzen dituzte esparru anitzetan, hala nola, hauetan: metrologia, 3D modeloak, ziber-segurtasuna eta 4.0 Industriarekin lotutako teknologiak txertatzeko bestelako zerbitzuak.

 

Innovalia Taldeak Digital Innovation Hub “Zero akats” Fabrikazioa bezalako programak zuzendu ditu, Automotive Intelligence Centre-eko (AIC) unitatean. “Automobilgintzaren sektorera zuzenduriko lehen euskal “Hub” zentroa da, eta bere helburu nagusia da automozio sektoreko ETEei laguntzea, laguntza horren bidez ezar eta ebalua ditzaten produkzioko teknologia ziber-fisikoak txertatuta dituzten kalitatezko konponbide aurreratuak, eta hori guztia Basque DIH zentroaren gaitasunen barnean sartzen da” azaldu du Silvia de la Mazak, Innovalia Taldeko CIO eta ekimen honen koordinatzaileak. Zentro horrek kalitate kontrolaren munduko erreferentzia bihurtu nahi du Europako I4MS sarearen barruan, helburu honekin: teknologia digital aurreratuenak aplikatzea manufaktura sektoreko ETEetan, negozio digitaleko eredu berrien garapena bultzatzea, garapen oztopoak desagerraraztea eta prestakuntza eta gaikuntza programa berriak abian jartzea Euskadiko automozioaren sektorean. Ekimen honek, elkarrekin uztartzen dituenak “Big data”, “Cloud computing”a eta Gauzen Interneta bezalako teknologiak, 110 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du.

 

Innovaliak nazioarteko ospea du, bai metrologian eta bai fabrikazio prozesuetako datuak atzeman eta aztertzeari dagokionean. Bere garapen ospetsuenetako bat M3 softwarea da, zeina gai baita fabrikazio prozesuan dauden piezen kalitateari buruzko informazioa integratzeko sentsoreek eginiko neurketen bitartez. “Software horri esker ikus dezakegu nola doan edozein elementuren fabrikazio prozesua, eta informazio horrekin jakin dezakegu akatsen bat gertatzen ari ote den produkzio prozesuan. Horrek esan nahi du garaiz har daitezkeela erabakiak –produkzioa gelditzea, adibidez-, eta hala ez da pieza akastunik iritsiko muntaia-lineetara edo amaierako bezeroarengana eta ez da materiala alferrik gastatuko. M3 sistemari esker arazoak saihesten eta kostuak aurrezten ditugu” azpimarratu du de la Mazak.

 

M3 sistemaren giltzarrietako bat da lan egin dezakeela mota desberdinetako sentsoreek -bai Innovaliak instalatutakoek eta bai enpresak berak lehendik martxan jarritakoek- emandako informazioarekin. Gainera, neurketa optikozko sentsoreetan eta ukimenezkoetan erabil daiteke. “Beste konponbide batzuekin alderatuta, gure produktuaren bereizgarrietako bat da 3Dko edozein eskaneatuk informazio asko biltzen duela fabrikazio prozesuan dagoen elementu baten alderdi desberdinei buruz. M3 sistema prest dago prestazio handiekin lan egiteko, gai baita konputazio altua (HPC) aplikatu eta informazio hori guztia denbora errealean aztertzeko” azaldu du Innovalia Taldeko CIOak.

 

Konpainiak 4.0 Industriaren aldeko apustua egin du, baina bere esperientzia dela medio, ez du teknologia bakar baten alde egin, baizik eta denak batera aplikatzen ditu, Silvia de la Mazak azpimarratu bezala: “Onena da enpresa batek makina guztiak elkarrekin eta langileekin konektatuta izan ditzala, datuak “big data-rekin” aztertu ahal izateko eta, horrela, produkzioa hobetzeko, sistema handien emaitzak lortzeraino konputazio altuarekin. Elkarreragina da arrakasta handiena. Baina enpresa guztiek ez dauzkate premia berdinak, beraz, konponbideak ere desberdinak izango dira. Nahiz eta badirudien oso erraza dela software konponbideak integratzea, niri iruditzen zait ez dela hain erraza informazioa zuzen eta modu eraginkorrean eskuratzea”.

 

Innovalia Taldeko CIOak arretaz aztertzen du zer egiten den Euskadin Fabrikazio Adimendunaren arloan, Europako politikek eta Estatuko beste erkidego batzuen egoerek ematen dioten ikuspegitik abiatuta: “Aski zabaldua dagoen ideia da Euskadi liderra izan dela makina-erremintan eta fabrikazioan, eta oraindik ere lider izaten jarraitzen duela. Euskadiko sektore industrialak eta administrazioak lan handia egin dute elkarrekin, apustu sendoa eta argia egin dutelarik 4.0 Industriaren alde. Hori guztia antzeman eta aitortu egiten da Estatuan eta Europan. Dena dela, gauza asko daude hobetzeko, eta ezin gara bidean lo gelditu.

 

Digitalizazioaren etorkizuneko erronkei dagokienez, Innovalia Taldeak “hub” edo tokian tokiko nahiz eskualde mailako gune gehiago sortzen lagundu nahi du, gune horietan enpresek laguntza jaso dezaten beren eraldaketa digitaleko premien inguruan. “Oso garrantzitsua da baliabide baliotsurik ez xahutzea konponbide bila; laguntza behar duten enpresek konfiantzazko ingurune hurbiletan lortu behar lukete behar dutena” azpimarratu du de la Mazak.

 

Langileen prestakuntza da beste erronka bat, bai dagoeneko lanean ari direnena eta baita ere etorkizunean lan merkatuan sartuko direnena. “Gaur egungo langileek beldurrik gabe egokitu behar dute teknologia berrietara. Langileen beldurra da, hain zuzen, enpresa askok eraldaketa digitalari aurre egiteko duten oztopo handiena, uste dutelako ez direla gai izango ingurune berrietan moldatzeko eta gabezia batzuk agerian geldituko direla. Langileek prestakuntza gehiago behar dute, ez ditzaten ikusi teknologia berriak arerio bezala, baizik eta eguneroko lanerako lagungarri izan daitezkeen aliatu bezala. Bestalde, lan merkatuan sartuko diren etorkizuneko langileek barneratuta izan behar dituzte gaitasunak, trebetasunak eta jarrerak. Gai izan behar dute ingelesez hitz egiteko, eta aldaketaren eta egokitzeko beharraren ikuspegia izan behar dute. Jakin behar dute unibertsitatean ikasketa batzuk egiten direla, baina gauza berriak ikasi beharra dagoela. Beti izan da horrela, baina aldaketa horiek azkarrago datoz orain. Langileari lagundu behar zaio ulertzen teknologia berriei egokitu beharra dagoela, eta teknologia horiek ez direla arazo bat, baizik pizgarri bat, eta ez baditu ezagutzen edo aplikatzen, baztertuta geldituko dela. Oinarriko prestakuntza eduki behar da, baina funtsezkoa da prestatzen eta ikasten jarraitzea. Era berean, ikastetxeek teknologia berriei egokitutako prestakuntza bultzatu behar dute eta, zentzu horretan, LHk motor garrantzitsua izan behar du hainbat espezializazio eskaintzeko, hala nola “big data” edo digitalizazioa” esan du bukatzeko Innovalia Taldeko arduradunak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow