Innolab Bilbaok prototipoak egiten ditu eta teknologiekin esperimentatzen du aukerak bilatzeko

28 September, 2017
Javier Garcinuño, Innolab Bilbao plataformako koordinatzailea.

Berrikuntza irekiko plataforma horrek urte erdi darama martxan, eta bere helburua da enpresen eraldaketa digitala ahalbidetzea

Eraldaketa digitala ahalbidetzeko giltzarrietako bat da “hub”-ak edo tokiko guneak sortzea, gune horien bitartez enpresek eta erakundeek beren ezagutzak batu ditzaten berrikuntzarekin eta teknologiarekin lotutako ekimenak garatzeko. Horrelako plataformak eskualde-esparrura bideratzen direnean, askoz errazagoa da sektore zehatzetako eskaerei erantzutea eta arlo horietako ezagutza-nitxoei balioa ematea.

 

Horren adibide dugu Innolab Bilbao plataforma, 2017ko martxoan sortu zena Bilboko Udalak sustaturik. Berrikuntza irekiko plataforma horrek badu puntako enpresa eta erakunde zenbaiten laguntza, hala nola, IBM, Iberdrola, Euskaltel, Mondragon Korporazioa, BBK eta Deustuko Unibertsitatearena. Bere helburu nagusia da ezagutza eta teknologiak eskaintzea, euskal konpainiak has daitezen teknologia berriak erabiltzen eta, bide horretatik, beren lehiakortasuna hobetzen. Bestalde, Innolab Bilbao plataformaren asmoa da ekosistema bat sortzea inbertsioak erakartzeko eta enplegua sortzeko digitalizazioaren sektorean.

 

Innolab Bilbao plataformak hiru esparrutan lan egiten du: ezagutza zabaltzen du hitzaldi eta tailerren bitartez; erantzuna ematen dio enpresen eskaera teknologikoari; eta ekintzailetza sustatzen du estrategikotzat jotzen dituen esparruetan. “Lehen lan-ildoan ezagutza zabaltzen dugu hitzaldi edo tailerren bitartez. Eskaintza eta eskaera teknologikoari lotutako “open innovation” dinamikak bultzatzen ditugu, ikusteko nola aplikatu teknologia jakin batzuk industria sektorean. Adibidez, “Blockchain” sistema. Teknologia horri buruzko hitzaldi bat antolatzen dugu aditu batekin, ikusteko zertarako erabil daitekeen, eta gero, eztabaida bat sortzen da parte-hartzaile guztiekin, zein funtzio izan zitzakeen aztertzeko. Azkenik, ondorio guztiak mahai gainean jarrita aztertzen dugu kontzeptu-probarik egin ote daitekeen enpresaren batean” azaldu du Javier Garcinuñok, Innolab Bilbao plataformako koordinatzaileak.

 

4.0 Industria elikaduran

“Hub” honen beste jarduera-ildo batek erantzuna ematen die enpresa zehatz baten premiei, konpainiako bazkideen ezagutzak baliatuz. Basque Food Cluster-Euskadiko Elikadura Klusterrarekin sinatu da lehenengo hitzarmenetako bat. Innolab-ek eta klusterrak elkarrekin aztertuko dute Fabrikazio Aurreratuko zein teknologia aplika daitezkeen elikaduraren sektorean. “Klusterreko enpresek 4.0 Industria erabili nahi dute, baina ez dakite nola. Erabaki dugu funtzio eraldatzailea landuko dugula, eta taldeko dinamikak egingo ditugu jakiteko zein arazo duten, besteak beste, energia kontsumoan, sentsorikan, prozesuen hobekuntzan, hornikuntzan… Ikusiko dugu nola egin izan diren gauzak orain arte eta nola lagun dezakeen teknologiak” azaldu du Innolab Bilbao plataformako arduradunak.

 

Horrelako proiektuen bigarren zatia baliozkotze-prozesua izaten da, eta nola eta norekin gauzatuko diren definitu behar da. Innolab-ek ez dauka zertan izan eraldaketa digitaleko prozesuaren liderra: “Lehen ondorioak ateratakoan, kontzeptu-proba bat egingo genuke proiektuan parte hartzen duen enpresaren batean. Behin proba baliozkotu ondoren, gure helburua ez da izango konponbide hori gauzatzea. Gure zeregina bakarrik da premiak identifikatzen laguntzea. Innolabeko bazkide bakoitzak teknologia eskaintza bat dauka, eta erabiltzaileen esku jartzen du. Innolaben zerbitzuak ez dira kobratzen, eta asmoa da elementu dinamizatzaile izatea industrian konponbide teknologikoak inplementatzeko”.

 

Innolab Bilbao plataformaren hirugarren zutabea enpresa gorakorren haztegia da. “Batetik, neurrira eginiko aholkularitza ematen diegu startupei, hazten laguntzeko. Innolab plataformako kide diren konpainia trakziogileek ere laguntzen diete, beren balio-proposamenak baliozkotuz I+G-ko departamenduen bitartez edo beren datuak erabiliz prototipoak egiteko aukera eskainita. Lan-espazio bat ere badaukagu enpresa gazteek lehen urratsak eman ditzaten. Plataforma martxoan abiarazi zenetik 20 startup igaro dira hemendik, eta nahi duenak posible du hona etortzea nola lan egiten dugun ikusteko. Innolab Bilbaon sartzeko bete behar den baldintza da teknologia disruptiboren bat txertatuta duen balio-proposamen bat edukitzea, esaterako, big data, errealitate birtuala edo eLearning plataformak. Ez dago proposamenak onartzeko arau zorrotzik, eta bateragarria da beste azelerazio-eredu batzuekin ere. Ez dugu deialdirik egiten, startupak nahi dutenean etor daitezke gugana” dio Garcinuñok.

 

Heldutasun teknologikoa

Innolab plataformak elementu dinamizatzaile izan nahi du enpresen eraldaketa digitaleko prozesuan, eta urrunago ere iritsi nahi du, balioa eman nahi baitie Fabrikazio Adimendunari lotutako tresnei, esaterako, zerbitizazioari edo kustomizazioari. “4.0 Industriak palanka-lana egiten du euskal enpresari lehiakortasun-abantailak lortzen laguntzeko. Izan ere, sekula ikusi gabeko mailaraino hobetzen da prozesuen eraginkortasuna. Eskala esponentzialeko abantailak dira. Horrez gain, diru-sarrera berriak lortzen dira eta bezeroarentzako arreta hobetzen da. 4.0 Industriak fabrikazio prozesuak hobetzen ditu, baina, horrezaz gain, negozio aukera berriak irekitzen ditu. Adi egon behar da balio-proposamen berriak eta bezeroaren premiei erantzuteko modu berriak identifikatzeko. Zentzu horretan, sortzaile izan behar dugu eta, neurri batean, baita “bisionario” ere.

 

Innolab Bilbao plataformako bultzatzaileak big data, fabrikazio gehigarria, adimen artifiziala eta errealitate birtuala bezalako teknologietan zentratuta daude, baina Javier Garcinuñok onartu du batzuk ez daudela oraindik beren heldutasun-maila onenean: “Oraindik ez dakigu teknologia horietako batzuk zein neurritaraino erabil daitezkeen, adibidez, big data. Badago zer esploratu (esaterako, 3D inprimaketaren esparrua) eta egiaztatu behar da gaitasun horiek benetan hobekuntzak dakarzkietela enpresei. Batzuk “blockchain” sistema aipatzen dute. Jakin behar dugu zein teknologia aplikatu behar dugun, zein hornitzailerekin garatu behar dugun eta zer egiten den beste herrialde edo toki batzuetan. Saiatu behar dugu adi egoten eta elkarrekin lan egiten, inork ez baitu konponbide bakar bat; gutako bakoitzak azaldu beharko du zein den norbere apustua eta lankidetzan aritu beharko dugu konponbide globalak eskaintzeko”.

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow