Ibermáticak datuen kudeaketaren aldeko apustua egin du enpresen lehiakortasuna hobetzeko

7 April, 2017

Ihardunaldiaren momentu bat.

Konpainiak 4.0 Industriari buruz antolatu duen jardunaldiak agerian utzi du “big data” konponbideak inplementatu behar direla produkzio prozesuak hobetzeko

200dik gora lagun -batez ere Gipuzkoako ETEetako arduradunak- bildu ziren Ibermáticak 4.0 Industriari buruz Donostiako Kursaalen antolatutako jardunaldian. Hizlariek balioan jarri zituzten produkzio prozesuak aldatu dituzten berrikuntza teknologikoak, eta batez ere hizpide hartu zuten datuen erabilpena eta analisia, enpresen lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa.

 

Joseba Ruiz de Alegríak, Ibermática enpresako zuzendari nagusiak, gogora ekarri zuen konpainiak 44 urtez egin duen lana, bai eta azken hiru urteotan Fabrikazio Aurreratuarekin hartua duen konpromisoa. Denbora horretan, eskaintza bat lortu dute “industriarentzat paregabea dena eta gai dena elkarrekin biltzeko 4.0 Industriako prozesu batean hasieratik amaieraraino sar daitezkeen zerbitzu guztiak ”, esan du Ruiz de Alegríak.

 

Bestalde, Alberto Sotomayorrek (Ibermáticako Industria Saileko Analytis garapenaren arduradunak) xeheki azaldu zituen Ibermáticak eskuartean dituen “big data” proiektu batzuk. Horrezaz gain, azpimarratu zuen beharrezkoa dela sentsoreen bidez prozesu desberdinetako datuak biltzea, lehenbizi datu horiek aztertzeko eta ondoren makinen funtzionamendua aurreikusteko edo OEE prozesuak optimizatzeko eta, bide horretatik, produkzioa eraginkorrago egiteko. Datu horiek iturri askotatik erator litezke, esaterako, makinetan instalatutako sentsoreetatik, piezen trazagarritasunak emandako informaziotik edota sistema informatikoetatik.

 

Alemaniako eredua

Ondoren, mahai-inguru batean aztergai izan zituzten fabrikazioan “big data” konponbideak ezarri dituzten kasu arrakastatsu batzuk. Ternua, Ibarmia, Pierburg eta beste konpainia batzuetako arduradunek aipatu zuten bat egin beharra dagoela 4.0 Industriaren “olatuarekin”, lehiaren erronkei aurre egiteko. Euren iritziz, “ezin da lehiatu produktu merkeagoekin, produkzioa merkeagoa delako beste herrialde batzuetan. Kalitate handiagoko produktuak fabrikatu behar dira, eta horretarako zorrotz kontrolatu behar dira produkzio sistemak”. Eztabaidan, agerian geratu zen hobekuntzako eta berrikuntza teknologikoko prozesuek etengabeak izan behar dutela, enpresa bat zaharkitua gelditu baitaiteke denbora oso gutxian. Mahai-inguruan orobat hizpide hartu ziren datuak aztertzeko teknologiak ezartzearen kostuak, datu horien babesa edota langileen gaikuntza.

 

DPS multinazional alemaneko arduradun Josef Kammermeier-en hitzaldia izan zen jende gehien bildu zuenetako bat. Kammermeier-ek Alemaniako ETEen egoera aztertu zuen eta Fabrikazio Aurreratuarekin hartua duten konpromiso mailaz mintzatu zen. Horri esker, irabaziak lortzen ari dira produktibitatean, salmenta-mailak hobetu dituzte, eta datozen 10 urteetan enplegua ehuneko 6 inguru handitzea espero dute. 2006tik Alemaniako agintariek jarrera ona erakutsi dute industrian teknologia berriak bultzatzeko, eta jarrera horixe da hango 4.0 Industria ereduaren oinarrietako bat, zeina gaur egun erreferentziazkoa baita mundu osoko herrialde eta eskualdeentzat.

 

4.0 Industriari buruzko jardunaldia bukatzeko, Industri arloko Berrikuntzaren sariak banatu ziren. Aurtengoak Prosertek eta Microdeco enpresentzat izan ziren.

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow