Gradu Amaierako Proiektuen Bizintek Sarien bigarren edizioa

17 October, 2017
Bizintek sariketako aurreko edizioko irabazleak.

Sariketa honen helburua da Euskadiko ingeniari gazteei laguntzea eta beren proiektuak zabaltzea

Bizintek ingeniaritzak abian jarri du Gradu Amaierako Proiektuen Bizintek Sarien bigarren edizioa, helburutzat harturik laguntza ematea Euskadiko ingeniari gazteei eta ikusgarritasuna ematea 4.0 Industriarako egiten dituzten proiektu berritzaileei.

 

Bizintek Sariketan parte har dezakete Euskal Herriko Unibertsitateren batean irakasten den edozein ingeniaritza adarretako ikasleek, baldin eta beren Gradu Amaierako Proiektua 2017an aurkezten badute, aurtengo deialdia itxi baino lehen. Lehen saria, 600 eurokoa, Gradu Amaierako Proiektu onenarentzat izango da, eta bi aipamen berezi ere egongo dira.

 

Bizintek ingeniaritzako zuzendari nagusi Daniel del Ríok esan du bi arrazoigatik sortu zela sariketa hau: “Azken urte honetan hazkunde garrantzitsua lortu dugu enpresa gisa eta talentu asko erreklutatu behar izan dugu. Baina ohartu gara ez dela erraza behar ditugun pertsonak aurkitzea. Iruditu zitzaigun garrantzitsua zela Bizintek sustatzea unibertsitateetan, ikasleek gure izena ezagutu dezaten eta gurekin lan egiteko gogoa izan dezaten. Bigarren arrazoiak zerikusia du enpresaren xede sozialarekin. Ingeniaritzako karrerak ikasteko bokazioa ez da hazten eskaeraren neurri berean. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela interesa piztea etorkizuneko ikasleen artean eta jendea animatzea ingeniaritza ikastera”.

 

Epaimahaiak garrantzi handia emango die alderdi hauekin lotutako proiektuei: diseinu elektronikoa, sistema integratuen programazioa, Gauzen Interneta (Internet of Things – IoT) eta weberako edo sakelakoetarako aplikazioak. Ezagutzez harago, orobat garrantzia eman nahi zaie ikasleen gaitasunei. “Guretzat ikasle baten ezagutzak baino garrantzitsuagoak dira ikasteko eta erronka berriei aurre egiteko dituen gaitasunak. Ezagutza erraz aplika daiteke eguneroko zereginetan, baina mundu aldakor honetan gai izan behar dugu arazo berriei aurre egiteko eta borondatea behar dugu ezagutza berriak barneratzeko” azpimarratu du Bizintek ingeniaritzako zuzendari nagusiak.

 

Lehen edizioan (iaz egin zena) Euskalduna Jauregian egin zen Bizintek sarien banaketa ekitaldia, Innobasque-k antolatutako Global Innovation Day jardunaldiarekin batera. Patricia López Martínezek -Deustuko Unibertsitateko telekomunikazioko ingeniariak- irabazi zuen lehen saria iBeacon-etan oinarritutako proiektu batekin, zeinaren helburua baitzen langileen segurtasuna hobetzea ingurune industrialetan. Sarituen artean izan ziren, halaber, Josu Alonso García -UPV/EHUko ingeniari elektroniko industriala- Holter Pulsioximétrico (PPG) proiektuarekin, zeinak aplikazioak baititu Gurutzeta eta Bio-Gurutzeta ospitaleetan; eta Kevin Cifuentes -Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa- Trip2Bilbao proiektuarekin. Trip2Bilbao garraio multimodalari buruzko informaziorako eta zerbitzuen denbora errealeko aurreikuspenerako software plataforma bat da, datu irekietan oinarritzen dena.

 

Epaimahaiak, behin aztertu ondoren UPV-EHUko Ingeniaritza ikastetxeetako (Elektronika, Kimika, Industriala, Informatikoa eta Telekomunikazioak), Deustuko Unibertsitateko eta Nafarroako Tecnun Unibertsitateko proposamenak, espreski nabarmendu zituen aurkeztutako lanen asmamena, sormena eta ahalegina. “Iazko lehen edizioa nahiko esperientzia positiboa izan zen. Ikasleek ongi erantzun zuten eta proiektu interesgarri asko aurkeztu zituzten. Espero dugu aurten askoz gehiago aurkeztea eta lehia gogorra izatea lanen kalitateagatik” adierazi du Daniel del Ríok.

 

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago 2017ko urriaren 6tik 2018ko urtarrilaren 31ra.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow