Fabrikazio gehigarria industriari, aeronautikari eta osasun sektoreari aplikatuta

5 June, 2017

Mizar Additive enpresa arabarrak fabrikaziorako konponbideak eskaintzen ditu, material mota desberdinez eta neurrira eginiko 3Dko piezak inprimatuta

 

Industria sektorearen eta fabrikazio gehigarriaren -3D inprimaketa- arteko harremana gero eta garrantzitsuagoa da. Harreman horren hainbat adibide egongo dira ikusgai Addit3D azokaren bigarren edizioan, Bilbao Exhibition Centre–BECen, ekainaren 6tik 8ra bitartean. Fabrikazio gehigarriari buruzko azoka horretan bertatik betara ezagutuko ditugu mundu osoko ehun enpresa ingururen azken garapenak eta, bestalde, aukera izango dugu programatutako hitzaldietan parte hartzeko.

 

Euskadik horrelako ekitaldien aldeko apustua egin du gure inguruan gero eta gehiago direlako 3D inprimaketaren arloko konponbideak eskaintzen dituzten konpainiak eta erreferente bihurtzen ari direnak Estatuan zein nazioartean. Mizar Additive da adibide azpimarragarrienetako bat. Egoitza Miñaon (Araba) duen konpainia hori  TRANSFRON3D proiektuan parte hartzen ari da beste zortzi enpresa eta erakunderekin batera, helburutzat hartuz fabrikazio gehigarriaren sektoreko berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatzea. Ekimen horrek 1,5 milioi euroko inbertsioa du eta, batez ere, Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du. Proiektuko kideek konpromisoa hartu dute loturak eta sinergiak sortzeko eta, bide horretatik, balio erantsi handiko piezak ekoizteko fabrikazio gehigarriko prozesuen bidez.

 

Mizar Additive enpresa Addit3D azokan izango da, eta Karten Space konpainiarekin batera aurkeztuko ditu Euskadin teknologia gehigarri bidez fabrikatutako nano-satelite baten lehen modelo estrukturalak. Nano-satelite horren misioa da planetari buruzko informazioa atzematea denbora errealean, hainbat sektoretako (energia, militarrak, nekazaritza, itsasgintza, e.a.) enpresa eta erakundeek aztertu dezaten. Enpresa arabarrak baita ere erakutsiko du Formula Student mailako eserleku bakarreko autoa, 3Dn inprimatutako osagaiekin ekoitzia eta Tecnun Motosport, Donostiako Ingeniaritza Goi-eskolako ikasleen laguntzarekin garatua. Biak dira proiektu berritzaileak eta biek darabiltzate material desberdinetako inprimaketa teknologiak.

 

Produkzio epe laburragoak

Mizar enpresak 4.0 industriara ere bideratu nahi du bere jarduera, Jon Ander Goyenechea zuzendari nagusiak azaldu duenez:  “Fabrikazio gehigarria etengabeko iraultza da industriarako, batik bat, beharrizan oso exijenteak dituzten sektoreetarako: aeronautika, osasuna, industria, e.a. Teknologia gehigarriari esker konponbidea bilatu diegu 4.0 Industriaren eskakizun garrantzitsuenei (konplexutasuna, malgutasuna eta azkartasuna) eta balio erantsi handiko konponbideak garatu ditugu. Posible denez fabrikazio gehigarri bidez askotariko pieza eta osagaiak ekoiztea, horrek aukera ematen digu geometria oso konplexuak sortzeko, hau da, prozesu tradizionalak erabiliz ezin sor daitezkeenak. Teknologia horrek aukera ematen du, bestalde, pieza-multzoak bateratzeko eta pieza bakarrean fabrikatzeko, hala, post-prozesuak murriztu eta mihiztatze lan asko desagerrarazi egiten dira, eta beraz, produkzio epeak laburtzen dira. Gainera, diseinu digitalei esker posible da pieza ekoiztea delineatu beharrik gabe.” “Orobat oso garrantzitsua da produkzioko kostuak optimizatu ahal izatea; fabrikazio gehigarriak paper garrantzitsua du arlo horretan, materiala modu kontrolatuan ezartzeko prozesu bat delako eta, beraz, behar den materiala bakarrik erabiltzen delako, askoz hondakin gutxiago sortuz” gaineratu du.

 

2014an sortu zen eta Alcor Taldearen barruan dagoen konpainia horrek apustu sendoa egin zuen hasieratik sektore zehatzetan espezializatzeko, hala nola, industrian, sektore aeroespazialean edo osasun arloan. Hain zuzen, sektore aeroespazialerako 9100 kalitate ziurtagiria lortu duen Estatuko lehen enpresa izan da fabrikazio gehigarria egiten dutenen artean, eta Goyenecheak asko baloratu du mugarri hori: “Fabrikazio gehigarrian espezializatu eta ingurune digitaletara bideratu den enpresa bakanetako bat gara. Euskadiko eta kanpoko konpainiekin lan egiten dugu, baita ere Frantziako hainbat enpresarekin Toulousen dugun bulegotik. Konpainia horiek hainbat sektoretakoak dira: batzuk, osasun zentroak dira eta beste batzuk, ingurune industrial edo aeroespazialetan espezializatutako ingeniaritzak. Halere, beti ahalegintzen gara protagonismoa ematen teknologia gehigarriari eta teknologia hori pixkanaka beren prozesuetan sartzen, enpresek aukera izan dezaten hobetzeko, optimizatzeko eta neurrira fabrikatzeko”.

 

Mizar Additive enpresak hainbat motatako 3D teknologiak erabiltzen ditu, bezeroen premien arabera. Ezagunena da material plastikoa ezartzearena, baina baditu baita ere metodo konplexu eta garestiagoak, adibidez, hauts geruza gaineko fusioa, metalezko piezak fabrikatzeko balio duena. “Mizar enpresan darabilgun teknologia garrantzitsuenetako bat Powder Bed Fusion (PBF) da, hauts geruza gaineko fusioa. Fabrikazio gehigarriko teknika horrek birrindutako material geruza bat ezartzen du lan-eremuan, eta gero selektiboki urtzen du laser bat edo elektroi izpi bat erabiliz. Gainera, gehien erabiltzen den tekniketako bat da, aukera ematen duelako metalezko materialak (titanioa) eta plastikozkoak (poliamida) erabiltzeko. Beraz, erabiltzen den aukeraren arabera, familia teknologiko honen bidez pieza konplexuak lor daitezke, esaterako, ebaketa kirurgikoak prestatzeko bio-modeloak, industria aeronautikorako burdineria, eta abar. “Bada beste teknika bat fabrikazio gehigarrirako darabilguna: Fused Deposition Modeling edo 3D inprimaketa. Plastikozko filamentu bat berotzen da eta pita batetik pasarazten da, urtuta eta modu kontrolatuan ezartzeko. Teknologia hori material termoplastikoekin bakarrik erabil daiteke, eta era guztietako osagaiak ekoizteko balio du, besteak beste, karkasa industrialak, tresnak eta egiturak”. “Azkenik, aipatzekoa da Material Jetting edo Polyjet sistema, zeinaren bidez forma likidoan dagoen materiala selektiboki ezartzen baita plataforma baten gainean, gero argi ultramorea erabiliz solidotzeko. Gehien aplikatzen den teknologietako bat da, eta erabil daiteke piezen erreplikak ekoizteko –kalitate eta berrikuntza prozesuetarako- eta askotariko tresnak edo gidariak egiteko” bukatu du esanez Mizar enpresako arduradunak.

 

Prototipo azkarrak baino askoz gehiago

Teknologia funtsezkoa da enpresei konponbideak eskaintzeko orduan, baina ezjakintasun handia dago oraindik industria sektorean. Hala, Mizar enpresako zuzendari nagusiak dio funtsezkoa dela gai askori buruzko laguntza eta aholkularitza (esaterako, materialen arloan): “Fabrikazio gehigarrian oso garrantzitsua da prozesuaren ikuspegi holistikoa izatea. Horregatik ahalegintzen gara gure bezeroei “end-to-end” zerbitzua eskaintzen, ondoan eduki gaitzaten diseinuaren hasieratik fabrikatutako pieza baliozkotu arte. Gure profesionalen taldeari eta goi-mailako teknologia instalazioei esker, 360ºko zerbitzua eman dezakegu, eta lankidetza-harremanak sortu bezeroarekin, haren eta gure ezagutzak uztartzeko. Hori funtsezkoa da, zeren oso garrantzitsua baita bezeroaren esperientzian parte hartzea emaitza onena lortzeko. Teknologia gehigarri bidezko produkzioa ulertzeko modu berri horrek aukera ematen digu unean uneko premietara zehazki egokitzen diren osagaiak lortzeko, pieza bakoitza ahalik eta gehien pertsonalizatuz eta erantzuna emanez etengabe eboluzionatzen ari diren sektoreen eskaerei”.

 

Prozesu industrialei aplikatutako fabrikazio gehigarriaren erronkak gainditzeko ezinbestekoa da konponbideetan berritzea. Prototipo azkarren fabrikaziotik harago, 3D inprimaketak fabrikazio prozesuaren parte bihurtu behar du produktu pertsonalizatuak sortzeko, munduko hainbat konpainia handitan dagoeneko egiten duten bezala. “Iraultza industrial berri baten osagai baten aurrean gaude, ingeniaritzaren horizonte berri bat, aukera ematen duena modu inteligenteagoan, kostu baxuagoan eta epe oso laburretan ekoizteko. Azken urteotan, fabrikazio gehigarriaren erabilpena esponentzialki hazi da, eta paper garrantzitsua izan du eskakizun gero eta handiago horri erantzuteko orduan, gainera, malgutasuna eta azkartasuna eman dizkie prozesuei eta posible egin du fabrikazio guztiz automatizatua, pertsonalizatua eta sostengarria lortzea.  Fabrikazio gehigarriak arrakasta izango badu arazoen konponbideak berrasmatu beharko ditu. Ausartu behar dugu ingeniaritza tradizionalaren arauak haustera, berritu eta produktu hobeak lortzeko, batez ere, industrian, non ezinbestekoa baita etengabe eboluzionatzea. Horri esker, gero eta sektore berri gehiagotara iritsiko gara, eta baita ere magnitude ordena berrietara, prototipo azkarretatik aplikazio industrialagora iritsiz” iragarri du Jon Ander Goyenecheak, Mizar Additive enpresako zuzendari nagusiak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow