Eusko Jaurlaritzak Digital Innovation Hub ekimena aurkeztu du Madrilen

25 May, 2017

SPRI Taldeko Cristina Oyón, aurkezpenean.

Basque Industry 4.0 estrategiaren barnean kokatua dagoelarik, ekimen horrek helburutzat dauka enpresei laguntzea berrikuntza digitalekin esperimentatzen.

 

Eusko Jaurlaritzak, bere enpresen garapenerako agentziaren (SPRI Taldea) bitartez, ostegun honetan aurkeztu du Madrilen Digital Innovation Hub ekimena. Ekimen horren helburua da enpresei laguntzea berrikuntza digitalekin esperimentatzen. Proiektua Basque Industry 4.0 estrategiaren barnean kokatzen da eta, zehazki, fabrikazio aurreratuaren alorrean.

 

Cristina Oyónek, SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen arduradunak, Digital Innovation Hub ekimenari buruzko jardunaldi batean parte hartu du Madrilen. Adierazi du ekimen honen helburua dela enpresa industrialei –bereziki ETEei- behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea aurre egin diezaieten 4.0 industriaren erronkei.

 

Digital Innovation Hub digitalki lotutako sare bat da eta bere baitara biltzen dira I+G-ko azpiegiturak, fabrika pilotuak eta fabrikazio aurreratuaren hainbat esparrutako ezagutza tekniko espezializatuak. Sareak hainbat jabe ditu, besteak beste, I+G-ko zentroak, Lanbide Heziketako Zentroak eta Unibertsitateak, eta eskualdeko erakunde publikoen laguntza jasotzen du. Digital Innovation Hub beraizik erabiliko da I+G-ko proiektuak garatzeko, proiektu industrialak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko eta startupak trebatu eta azeleratzeko.

 

Oyónek aipatu du azken 35 urteotan Euskadik historia luzea izan duela garapen ekonomikorako estrategien definizioan. Estrategia horietako bat da Europako Batzordearen RIS3 proiektua, zeinaren bidez eskualde bakoitzak gaitasun eta trebetasun gehien dituen esparruetan zentratzen baitu bere garapen industriala. Eusko Jaurlaritzak fabrikazio aurreratua, energia eta bio-zientziak lehenetsi ditu RIS3 estrategia horren barruan.

 

SPRI Taldeko ordezkariak nabarmendu du fabrikazio aurreratua inplementatzeko beharrezkoa dela “benetako lankidetza publiko-pribatuko prozesu bat garatzea”, bide horretatik, Euskadi oinarri industrialeko ekonomia gisa indartzeko, ezagutzan intentsiboa den fabrikazioa bultzatuz.

 

Hainbat erakundek –kluster elkarteek, agente zientifiko-teknologikoek eta instituzioek- koordinatzen dute Fabrikazio Aurreratuaren Komunitatea, lankidetza publiko-pribatuko lankidetza eskema baten arabera, eta erakunde horiek guztiek Basque Industry 4.0 izeneko pilotatze taldea osatu dute. Talde horretara biltzen dira, besteak beste, Acicae, Hegan, Gaia, AFM eta Energia klusterrak, Tecnalia eta IK4 teknologi zentroak, eta Deustu, Mondragon eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

 

Basque Digital Innovation Hub sarea ez da abiarazi oraindik, baina dagoeneko badakigu zein zerbitzu eskainiko dituen: informazioa eta aholkularitza eman, ezagutza sortu, gardentasuna, prestakuntza eta esperimentazioa sustatu, fabrikazio digitaleko azpiegiturak alokatu, lankidetza eta co-workinga bultzatu, talentua eta nazioarteko aukera berriak erakarri, e.a.

 

Digital Innovation Hub proiektua joan den apirilean aurkeztu zen Hannover Messe ekitaldian, munduko azoka industrial garrantzitsuenean. Euskadik stand propioa izan zuen, non joera teknologiko berriak erakutsi baitzituen euskarri desberdinen bitartez (pantailak, errealitate birtuala, errealitate handitua…). Gainera, 15 hitzaldi espezifiko eman ziren euskal agenteek diseinatutako 4.0 ekimenei buruz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow