Euskadi da metrologia-sistemen ezarpen handiena duen erkidegoetako bat

8 May, 2017

Metrologiako konponbideak.

Carl Zeiss konpainiak, neurketa ekipoen fabrikazioko mundu mailako liderrak, metrologiako konponbideak ematen dizkie Euskadiko enpresa eta teknologia-zentro garrantzitsuenetako batzuei

Produkzio industrialeko prozesuen arrakasta zor zaio batik bat ondasunen materializazio egokiari. Edozein negoziotan funtsezkoa da egiaztatzea pieza guztiak behar bezala fabrikatu, muntatu eta mekanizatu direla. Dena den, exijentzia maila are handiagoa da zenbait sektoretan, esaterako, automozioan, aeronautikan, energia berriztagarrietan edota makina-erremintan. Aurrerapen handia da pieza akastunak denbora errealean detektatzea eta muntaia-lineatik ateratzea, aukera ematen duelako kostuak murrizteko mekanizatuen, muntaien eta desmuntaien hurrengo prozesuetan.

 

Metrologia da produktu horien neurketaz arduratzen den zientzia, eta 4.0 Industriaren barruan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Metrologiari aplikatutako teknologia berriei esker, aukera dago kalitate handiagoko fabrikazio-prozesuak garatzeko, kostuak aurrezteko eta produkzioa denbora errealean kontrolatzeko. Smartphone baten osagaiei metrologia kontrolak egiten zaizkie, gero muntaian arazorik egon ez dadin. Gauza bera gertatzen da autoekin, hegazkinekin, makinekin eta baita ere hortzetako inplanteekin. Gaur egun, funtsezkoa da piezen akabera kontrolatzea.

 

Carl Zeiss konpainia, 170 urtetik gorako ibilbidea eta 25.000 langile dituena mundu osoan, ezaguna da egiten dituen zehaztasunezko produktu optikoengatik, eta, horrezaz gain, mundu mailako liderra da metrologiako dispositiboen fabrikazioan. Munduan instalatuta dauden metrologia industrialeko makinen %34 Carl Zeiss multinazional alemanarenak dira. Euskadiko enpresa eta teknologia-zentro garrantzitsuenetako batzuek bere tresnak erabiltzen dituzte produkzio-prozesuetan. “Mota askotako ikuskapen-metrologia eskaintzen dugu. Tradizionala, fabrika askotan erabiltzen dena, ukimenezko sistema bat da; kontaktuzko haztatzaile bat da, pieza horren dimentsio eta osagai desberdinak ebaluatzen dituena. Duela 100 urte baino gehiagotik erabiltzen den sistema bat da. Baina sistema modernoagoak ere fabrikatzen ditugu, objektu baten koordinatu guztiak neurtzen dituztenak hainbat teknologia erabiliz (hala nola, argi izpiak, X izpiak, argi egituratua, argi zuria edo laserra). Sistema desberdinak erabiltzen ditugu piezaren arabera” azaldu du Gari Bilbaok, ZEISSeko metrologia industrialeko adituak. “Zehaztasuna dagoeneko ez da lehiakortasun-abantaila bat industrian, baizik eta ezinbesteko elementu bat. Gure makinen emaitzak fidagarriak dira %100ean, eta beti saiatzen gara makina intuitibo eta sinpleak egiten, produktibitatea handitzeko. Prozesuak automatizatuz, akatsak egiteko arriskua murrizten dugu, langileak sistema gutxiago erabiltzen dituelako”, aipatu du.

 

Euskadi buru

Duela urte batzuk, ukimenezko neurketa zen metodo ohikoena, eta baita ere zehatzena, baina metrologiak benetako iraultza bizi du teknologia optiko berriak garatzen ari direnetik. “Azken hamabi urteotan sentsore optikoek asko eboluzionatu dute, eta kasu batzuetan lortu dute ukimenezko sistemen zehaztasuna berdintzea. Kontuan izanik sentsore optikoak askoz azkarragoak direla ukimenezkoak baino, abantailak argiak dira. Esaterako, 10-20 segundo behar dira hortzetako inplante baten ikuskapen optikoa egiteko, eta ukimenezkoak, aldiz, minutu batzuk behar ditu” gogorarazi du Bilbaok.

 

Metrologiak gure produkzio-sektorean duen garrantziaren adierazle nagusietako bat da Euskadi dela ZEISS España konpainiaren neurketa-sistema gehien eskatzen dituen Estatuko erkidegoetako bat. “Euskadi eta Nafarroa dira hiru dimentsioko metrologia-makina gehien ezarri dituzten komunitateak. Iristen zaizkigun eskaerak sektore oso desberdinetakoak dira: makina erreminta (Danobat, Soraluce, Ibarmia), automozioa (Gestamp), aeronautika, energia berriztagarriak eta hornitzaile handien kontratista diren enpresa txikiak. Tekniker edo Ideko bezalako teknologia-zentroek ere eskatzen dizkigute. Erreferentziazko laborategi bat dugu Idekon, hitzaldiak, prestakuntzak eta kongresuak emateko eta “showroom” espazio bat ere badaukagu gure produktuak erakusteko. Sarrailagintzako enpresekin ere lan egiten dugu, zeintzuek zorrotz kontrolatu behar baitituzte sarraila bat osatzen duten pieza guztiak. Azken bi urteotan hortz laborategien eskaerak iritsi zaizkigu, hala nola, Miñaoko BTI Biotechnology Institute zentroarenak” esan du ZEISS España enpresako arduradunak. “Euskadin, Nafarroan eta Katalunian, asko begiratzen zaio Europari, eta Fabrikazio Aurreratuan erreferentziazkoak diren herrialdeetan egiten dutenari. Enpresak nazioarteko azoketara joaten direnean, zer dagoen ikusten dute eta liga horretan jokatu nahi izaten dute. Horretarako, ezinbestekoa da merkatuko makina onenak izatea. Gure kasuan, zenbait euskal enpresak inbertsioak egin dituzte neurketa-ekipo oso sofistikatu eta azkarrak eskuratzeko, errazak eta intuitiboak baitira erabiltzeko eta informazio asko ematen baitute oso denbora laburrean” aitortu du Gari Bilbaok.

 

Enpresa batean nolako neurketa-sistema erabiliko den erabakitzeko orduan, garrantzitsua da profesionalak fabrikara jaistea makinak azter ditzaten eta ikus dezaten konpainia bakoitzak nola lan egiten duen. ZEISSeko adituak primeran ezagutzen du metodologia hori: “Enpresa bat gurekin harremanetan jartzen bada metrologiako gailuren bat eskatzeko, aholkularitza pertsonalizatua ematen diogu. Lehenik eta behin, diagnostiko bat egin behar da, zeren askotan bezeroak ez baitaki zein den azken teknologia edo zeintzuk diren bere produktuak neurtzeko teknologia egokienak. Fabrikatzen dituen piezak aztertzen ditugu jakiteko nolako tolerantzia duten (tamaina, estandarrak edo irregularrak diren), eta premia horien arabera, neurrira eginiko aurrekontu bat egiten da. Askotan gure proposamenak ez du inolako zerikusirik enpresako arduradunak hasieran nahi duenarekin. Duela urte batzuk, neurketa-makinak laborategi itxietan instalatzen ziren, aurrez ezarritako tenperatura edo argi baldintzetan, faktore horiek ez zezaten eraginik izan neurketetan. Gaur egungo ekipoek ez dute horrelako baldintzen beharrik, eta posible da linean bertan ezartzea edo baita ere robotizatzea eta automatizatzea”.

 

Etorkizuna: metrotomografia

Metrologiako sistemak oso lotuta daude “big data” edo datuen analisi kontzeptuarekin. Piezari edo produktuari buruz biltzen duten informazioa askotan denbora errealean bidaltzen da, produkzio prozesuaren kontrola izateko eta anomaliaren bat detektatuz gero geldiarazteko. Carl Zeiss enpresa datuen analisian oinarritutako konponbideak garatzen ari da bere gailuentzat, informazioa kontrol-zentroetara irits dadin.

 

Metrologia eta metrologiako gailuak eboluzionatzen ari dira urtez urte. Carl Zeiss enpresak 1973an patentatu zuen etengabeko haztaketako hiru dimentsioko lehen makina, eta, gaur egun, makina haren bosgarren belaunaldia dauka merkatuan. Bilbaok adierazi duenez, esparru horretako etorkizuneko joeretan eragin handia izango du X izpi bidezko tomografiak: “Metrotomografiak edo X izpi bidezko tomografiak benetako iraultza ekarriko du. X izpi tradizionalek baino irismen handiagoa dute, eta gai dira piezen barnealdea aztertzeko, poroak dituzten ala ez detektatzeraino. Gai dira orobat beste edozein sistemaren zehaztasun berarekin neurtzeko, 4 mikrako ziurgabetasunarekin. Gailu horiei esker, osorik aztertu daiteke piezaren geometria, bai barrutik eta bai kanpotik. Ekipo horiek merkatuan daude dagoeneko, baina garesti samarrak dira oraindik. Pixkanaka, kostuak jaisten doazen neurrian, gero eta gehiago sartuko da industrian”. “Azkenaldian asko garatzen ari dira baita ere kontakturik gabeko ikuskapen-sistema eramangarri eta azkarragoak. Informazio asko atzematen dute ahalik eta denbora laburrenean. Gainera, espazio gutxi okupatzen dute, fabrika batetik bestera eraman daitezke eta erraz muntatzen dira” azpimarratu du ZEISSeko metrologiako adituak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow