“Etorkizuneko robot industrialak gero eta independenteagoak izango dira”

19 October, 2017
Instalaciones de Larraioz Elektronika.

Larraioz Elektronika euskal konpainia robotikan eta mekatronikan espezializatuta dago, eta Kawasaki Robotics multinazionalak Espainian duen “partner” esklusiboa da.

International Federation of Robotics erakundearen azterlan baten arabera, 2015ean Hego Korea zen gizaki langileekin alderatuta robot industrial gehien zuen munduko herrialdea. Hau da, 531 ziren 10.000 langileko. “Ranking” horretan, Hego Koreak atzetik ditu Singapur (368), Japonia, (305) eta Alemania (301). Beste herrialde batzuetan kopuruak askoz txikiagoak dira, hala nola, Estatu Batuetan (176), Espainian (150), Frantzian (127), edota Erresuma Batuan (71).

 

Beste zifra eta azterlan berriago batzuek Asiara begira jarri gaituzte, non Txina baita sektore horretan hazkunde azkarrena izaten ari den herrialdea. Oraintsu sortu dira 800 enpresa ertain eta handi baino gehiago, zeintzuek robotak fabrikatzen baitituzte automozio, aeronautika edota elektronika sektoreetarako. Japonia, Txina eta Estatu Batuak munduko liderrak dira lanean diharduten robot industrialen kopuruan. Une honetan, 1,6tik gora milioi robot ari dira lanean mundu osoko fabriketan eta, aurreikuspenen arabera, kopuru hori %13 haziko da hemendik eta 2019ra bitartean.

 

Baliteke Larraioz Elektronika enpresa izatea robotikan eta mekatronikan esperientzia gehien duen euskal enpresa. Hiru bazkidek sortu zuten duela 30 urte, eta Aian (Gipuzkoa) du egoitza. Hasieran, euskarri teknologikoa ematen zieten inguruko makina-erremintako fabrikatzaileei, horrela elektronika eta kontrol numerikoa txertatu zutelarik enpresetan, makina guztiak funtsean mekanikoak ziren garaian. Denborarekin, mekatronikaren aldeko apustua egin dute, hau da, mekanika eta elektronika uztartzen dituzten konponbideak eskaintzen dituzte.

 

Konpainiarentzat mugarri bat izan zen, duela 10 urte, robotikako konponbideak banatzeko Espainiako “partner” bakarra bihurtzea sektore horretan munduko liderretako bat den Kawasaki multinazional japoniarrarentzat. “Guk robotak eskaintzen ditugu hainbat sektoretarako, hala nola elikadurarako, non robotek elikagaiak manipulatu baititzakete edo kaxetan pilatu, eta baita ere automoziorako, bilketa-, test- eta neurketa-lanak egin ditzaten, eta abar. Gai gara zama desberdinak manipulatzeko, gramo gutxi batzuetatik hasi eta tona askotako masetaraino” dio Xabier Iturraldek, Larraioz enpresako Technical Manager eta sortzaileetako batek.

 

Robotika kolaboratiboa

Azken urteotan, robotika tradizionalaren kontzeptuak eboluzionatu egin du “cobot” deituriko robot kolaboratiboetarantz; “cobot” horiek sentsoreak izaten dituzte beste robot batzuekin edo langileekin modu seguruan elkarreragiteko. Kontzeptu berritzailea da, eta enpresari askok oraindik ez dituzte ezagutzen bere mugak, Iturraldek azaldu duenez: “Ez dira robot kolaboratiboak, baizik eta prozesu kolaboratiboak. Robot horiek bermatu behar dute ez dietela minik egingo eurekin lan egiten duten langileei. Horretarako, sentsoreak ezartzen zaizkie robotei eta beren ekintzak mugatzen dira. Ez da errealista pentsatzea robot batek azkar lan egin dezakeela edo zama handiak manipulatu ditzakeela. Robot kolaboratiboek astiro mugitu behar dute, masa mugatuekin, horrela bermatzeko ez dietela minik egingo inguruko pertsonei”.

 

Konpainia honek egiten duen lanaren zati garrantzitsu bat da bezeroei gomendatzea zein den beren premietara ongien egokitzen den robota. “Normalean, robot batzuk kolaboratiboak dira, eta beste batzuk ez. Bezeroak hasieran robot kolaboratibo bat nahi izaten du, baina batzuetan ohartzen gara ez duela halako baten premiarik. Ezin da robot kolaboratibo bat erabili inguruan pertsonarik ez badauka edo ez bada erabiliko segurtasun hesiz inguratutako espazio itxi batean. Guk erabakitzen dugu zer behar duen bezeroak, robot kolaboratibo bat ala robot estandar bat. Estandarra bada, bermatzen dugu segurtasunez funtzionatuko duela, posible baita horrelakoei ere sentsoreak edo segurtasun-tresnak ezartzea” azpimarratu du Larraioz enpresako bazkideak.

 

Robotika arloko joerak desberdinak dira herrialde bakoitzean. Japonian giza itxura duten dispositiboak lantzen ari diren bitartean, Estatu Batuetan eta Europan beste alderdi batzuk lehenesten dituzte, esaterako, roboten gaitasun kognitiboak edo gai izatea hainbat zeregin egiteko, eta ez beti fabrikazio industrialeko prozesuetan oinarritutakoak. “Gure “partner”-a den Kawasaki enpresa bi besoko dispositiboak egiten ari da, alegia, gizakien antz handiagoa dutenak. Japonia erreferente teknologikoa izan da eta da mundu osoan, baina arazo larri bat dauka zahartzen ari delako. Robotak behar dituzte lan astun, errepikakor eta arriskutsuenak egiten laguntzeko, eta saiatzen dira makina horiei gizaki itxura ematen” azaldu du Larraioz enpresako Technical Managerrak.

 

Adimen eta ikusmen artifiziala

Etorkizunaz mintzatzeaz eta, zehazki, fabriketan robotak jartzeaz ari garenean, eztabaida sortzen da gizartean, pentsatzen baitugu robotek enpleguak suntsituko dituztela. Xabier Iturraldek ez du bazterrean utzi eztabaida: “Egia esan, desfase handi samarra dago lanpostuen kualifikazioan. Badirudi kualifikazio baxuko postuak soberan daudela, eta aldi berean, ez gara gai kualifikazio altuko postuak betetzeko. Inor ez da asaldatzen gure soroetan traktoreak darabiltzagulako lurra eskuekin goldatu beharrean edo garbigailuak dauzkagulako eta ez dugulako ibai edo iturrietara joan behar arropak eskuz garbitzera. Fabrikazio prozesuetan robotak sartzeko arrazoi nagusia da lanpostu arriskutsuak desagerraraztea, lesioak edo istripuak eta lan nekoso edo errepikakorrak saihesteko. Robota ez da arerioa, baizik eta laguntzailea. Roboten etorrerak lan arloko hobekuntzak ekar litzake, adibidez, lanaldiak murriztea”.

 

Robotak erabiltzen hasteko enpresen “handicap” nagusia da produktuaren kostua. Beste faktore batzuek ere eragina dute erabaki horretan, besteak beste, langileek ez dutela kualifikaziorik horrelako aparatuak erabiltzeko. “Teknologiaren beldur gara, eta txertatu ala ez erabakitzean eragina du prezioak, baina oraindik eragin handiagoa du erabiltzaile gisa dugun kezkak, ez baitakigu gai izango garen mantenimendu- eta kudeaketa-lanak egiteko. Bezeroak roboten beldur dira, ez dakitelako gai izango ote diren erabiltzeko. Beti ahalegintzen gara bezeroei laguntzen. Ikastaroak antolatzen ditugu langileek robotak erabiltzen ikas dezaten, eta konponbideak eskaintzen ditugu Larraioz Mechatronic Team taldearen bidez; lantalde hori gure “partner”-ek osatzen dute, zeintzuk espezialistak baitira hainbat arlotan” azaldu du konpainiako arduradun teknikoak.

 

4.0 Industriari lotutako robotikari dagokionez, robotei teknologia berriak txertatuko zaizkie, hala nola adimen edo ikusmen artifiziala. “Etorkizuneko robotak gai izango dira gero eta serie laburragoak egiteko, kalitate eta eraginkortasun handiagokoak, eta pertsonalizazio maila handiagoarekin. Gai izan beharko dute produkzioa denbora errealean kontrolatzeko eta minutu gutxi batzuetan aldatzeko. Bestalde, duela urte batzuk robotak besoak baino ez ziren. Orain besoak eta eskuak dira. Etorkizunean besoak, eskuak eta begiak izango dira. Ikusmen artifiziala oso azkar ari da eboluzionatzen, eta horri esker, robotak gero eta independenteagoak izango dira” iragarri du Xabier Iturraldek.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow