Klusterren onurak

25 March, 2015
imagen_spri-ris3 euskadi

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean erakutsi dira zein laguntza eskaintzen dituzten Estatuek eta Europak euskal enpresentzat. Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euroko aurrekontua dauka Euskadiko 22 klusterrentzat. Aclima eta Hegan bezalako klusterrek ezagutzera eman dituzte Europako proiektuetan izan dituzten kasu arrakastatsuak.


Ostegun honetan, SPRI Taldeak  (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako jardunaldi batean aztergai hartu dira klusterrentzako (sektore bereko enpresa elkarteentzako) laguntzak. Ekitaldian ezagutzera eman dira Industria Ministerioaren eta Europar Batasunaren laguntzak eta euskal klusterren kasu arrakastatsuak.

Iñaki Tellecheak, SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko zuzendariak, esan du klusterrek “ETEen aldeko apustua egin behar dutela”, eta azaldu du Europako erakundeak klusterrak bultzatzen ari direla “mugaz gaindikoak izan daitezen gero eta gehiago”. Tellecheak azaldu du Eusko Jaurlaritzak hogei urte daramatzala lanean kluster politikan, helburu honekin: klusterren jomuga izan dadila nazioartekotzea eta teknologi eta enpresa berrikuntza.

Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euroko aurrekontua du Euskadiko 22 klusterrentzat eta, aurrekontu mugatua denez, “irizpide objektibo” batzuk diseinatu dira enpresa-elkarteak klustertzat har daitezen. Irizpide horietako batzuk dira, adibidez, helburu nagusitzat izan dezatela lankidetzaren bidez lehiakortasuna lortzea,  EAE izatea beren jarduera-eremua, eta gutxienez 600 milioi euro fakturatzea.

Tellechea autokritikoa izan da Jaurlaritzaren 20 urte hauetako jardunarekin. “Ez dugu egin behar adinako jarraipenik eta ez dugu erabili adierazle argirik jakiteko kluster politika batek balio duen ala ez. Orobat, adierazleak finkatu behar dira konparazioak egiteko beste administrazio batzuek egiten dutenarekin”.

Industria Ministerioko Yolanda Alcalak azaldu du zein aldaketa sartu diren kluster bat edo EEB (Enpresa Elkarte Berritzaile) bat hartakotzat hartua izateko eskakizunetan. Garrantzi handia ematen zaio bideragarritasunari, finantzaketa gehiena pribatua izan behar da, fakturazioa sektorearen %30eraino iritsi behar da, edo bestela sektoreko enpresen %10 bildu behar dute.  Estatu osorako 7,3 milioiko aurrekontua dago. “Guretzat tresna egokia dira berrikuntza ETEetara eramateko eta beren lehiakortasuna hobetzeko. Baliabide dira, eta ez helburua”.

Argitasunak eman ditu lehiakortasuna hobetzeko Europako Cosme programari buruz, zeinak 2.300 milioi euroko aurrekontua baitu, nahiz eta kopuru horren %60 finantza tresnei zuzenduta egon.

Mikel Ibarrak, Aclima-ko zuzendari teknikoak, Coolswep proiektu arrakastatsua azaldu du. Aclima Euskadiko Ingurumen Industrien Klusterra da, 79 enpresa biltzen ditu eta 1.756 milioiko fakturazioa du. 2,7 milioi euroko laguntza lortu zuen aurten bertan bukatzekoa den eta 2,9 milioi kostako den proiektu baterako. Proiektuaren helburua da hondakinen balorizazio energetikoa egitea errausketaren eta pirolisiaren bidez edo bioerregaia eta hidrogenoa sortuz. Aclimak Europako beste bost eskualderekin batera parte hartu du. “Ikusi dugu beharrezkoa dela bazkideen inplikazioa eta proiektuak haien premien arabera bideratu behar direla”.

Hegan klusterreko Ana Villatek azaldu du 1998an hasi zela beren Europako ibilbidea, aeronautikako eskualde mailako 30 kluster bildu zituen proiektu batean parte hartu zutenean. Heganek 42 bazkide biltzen ditu (aeronautikaren euskal sektorearen %99,5), 12.400 enplegatu ditu mundu osoan eta 1.700 milioi fakturatzen ditu. Aclimak 2010ean lau klusterren arteko proiektu pilotu bat bultzatu zuen  ETEei laguntzeko. “Ez geneukan finantzaketarik. Itzelezko arrakasta izan zen eta Care proiektua onartu ziguten, 2014an bukatu zena eta ETEen lehiakortasuna hobetzeko balio izan duena”.

Europako proiektuetan parte hartzeak dakartzan onurak aipatzean hauxe esan du Villatek: “klusterrentzako finantzaketa oso ona da, askotan ia %100ekoa, finantzaketa baldintza onak eskaintzen dira (%60 aurrerakina kontratua sinatzean), kontaktu-sare zabala lortzen da eta aukera bikaina da Europatik kanpoko herrialdeekin lankidetzan aritzeko”. Desabantailen artean aipatu du “erabateko disponibilitatea behar dela, era askotako baliabideak eskatzen direla eta gero eta lehia handiagoa dagoela.  Eta burokrazia ikaragarria dela”.


Ihardunaldiaren aurkezpenak ikusi

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow