Euskadiko enpresa, startup, kluster, teknologi zentro eta unibertsitateak, Basque Industry 4.0 jardunaldiko protagonistak

17 azaroa, 2016
Iñigo Urkullu lehendakaria, Basque Industry 4.0 ihardunaldian.

Euskadin 4.0 industriaren arloan erreferentziazkoa den eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen ekitaldi horren hirugarren edizioan aztergai izan zituzten nola aplikatu  teknologiak negozioetan eta horrek Euskadiko industriari dakarzkion aukera paregabeak.

“4.0 industriako liderrak dira argi ulertzen dutenak industria horren bidez balio erantsia sortzen dela”, adierazi du Javier Díazek, Etxe-Tar taldeko 4.0 apustuaren arduradunak.

Danobat enpresak proiektu bati ekin dio startup batekin batera, langilearentzat errazago izan dadin informazioa eskuratzea.

CIE Automotive enpresako Jose Esmorisek nabarmendu du iraultza industrial honek langileen prestakuntza errazten duela.

 

Euskadin 4.0 industriaren arloan erreferentziazkoa den Basque Industry 4.0 ekitaldiaren hirugarren edizioak, asteazkenean honetan Donostian egin denak Eusko Jaurlaritzak antolaturik, bertatik bertara erakutsi zituen sortzen ari diren negozio-eredu berrien hainbat adibide eta 4.0 industriak berekin dakartzan aukera ugariak Euskadiko industriaren lehiakortasuna hobetzeko.

 

Gestamp, Cie Automotive, ABB, Titaniun eta Microsoft Europe enpresetako zuzendaritza-karguek mahai-inguru batean azaldu zituzten 4.0 industrian izan dituzten esperientziak. Cie Automotive enpresako Jose Esmorisek nabarmendu zuen iraultza industrial honek langileen prestakuntza errazten duela. “Aukera ematen digu prozesuak mundu birtual batean simulatzeko, inori enbarazurik egin gabe: posible da pertsona talde bat trebatzea existitzen ez den instalazio batean. Dirua eta denbora aurrezten dugu”. ABB enpresako Marc Seguraren arabera, kontua da “jakitea non sortzen den negozioa horrelako teknologiekin”. Eta adibide bat jarri zuen, bertaratuen artean oihartzun handia izan zuena: 4.0 tortillarena. “Taberna batean ohartu ziren tortillei kea bazerien, hau da, egin berriak bazeuden, gehiago jaten zirela.  Horregatik, sentsore bat jarri zuten platerean, eta tortilla prest zegoenean, twitter bidez jakinarazten zieten bezeroei”. Ana Monterok (Microsoft Europa) Thyssen Group enpresako igogailuen monitorizazioan izandako esperientzia azaldu zuen. Monteroren esanetan, mantenimenduko langileek “igogailuak monitorizatzen dituzte intzidentzien zain egon beharrean, eta badute baita ere gerta daitezkeen egoerak jasotzen dituen gidaliburu bat, kontsultatu dezaten igogailua in situ konpontzera joan baino lehen”.

 

Javier Díazek, Etxe-Tar taldeko 4.0 apustuaren arduradunak, 4.0 industriaren kontzeptua zehaztu zuen: “industriek uste dute 4.0 industrian sartzea dela makinak Internetera konektatzea, makinei sentsoreak atxikitzea edo produkzio prozesuan errealitate handitua edo 3D inprimagailu bat txertatzea. Baina sistema horiek edukitze hutsak ez du esan nahi 4.0 industriako liderrak direnik, kontua da sistema horiek zertarako diren jakitea. Gure ustez, 4.0 industriako liderrak dira argi ulertzen dutenak industria horren bidez balio erantsia sortzen dela”.

 

Díazek azaldu zuen zer egiten duen ingeniaritza-zerbitzuak ematen dituen Plethora spinoffak. “Guretzat eta gure bezeroentzat datuak ateratzeko makina batekin hasi ginen lanean. Baina makina adimendun bat izateak ez du ezertarako balio, lan-ildoa adimenduna ez bada”. Bere esanetan, Plethora “enpresen lehiakortasuna hobetzeko puntuak aurkitzen dituen enpresa bat da. “Lehenbizi fabrikan pentsatu behar dugu, pentsatzen duen fabrika lortu ahal izateko”.

 

Basque Industry 4.0 topaketaren beste une interesgarri bat izan zen Bind 4.0 programako (Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lehen nazioarteko startup azeleragailua) enpresen eztabaida. ABB multinazionalak, 135.000 langile eta 35.000 milioi dolarreko urteko fakturazioa dituenak, erabaki du robotak kontrolatzeko teknologia aplikatuko duela Irisbond startuparen begiradaren bidez. “Uste dugu etorkizunean inguruneak begiradaren bidez kontrolatu ahal izango direla” esan zuen Irisbond enpresako Eduardo Jauregik. Irisbondek sortutako teknologiari esker, ezgaitasunak dituzten 500dik gora pertsonak posible dute begiradaren bidez komunikatzea.

 

Gasteizko Mercedes fabrikako prozesuen ingeniaritzako arduradun den Juan Morocoak hizpide hartu zuen Bigda Solutions startuparekin batera garatu duten proiektua energia kontsumoa murrizteko, kontsumo horrek 13 milioi euroko kostu finkoa baitakar urtero Gasteizko fabrikan. “Bigda Solutions enpresa aproposa da guretzat, ezagutza zabala baitu analitika aurreratuari eta pertsonei buruz”. “Teknologiak hortxe daude, edonork erabil ditzake, baina kontua da teknologia horiek txertatzen jakitea eta eraginkortasuna hobetzea”.

 

Danobat enpresako Elena Urkiak aztergai izan zuen errealitate handituan diharduen Innova startuparekin batera Bind 4.0 programaren barruan garatu duten proiektua, langileek errazago eskuratu dezaten informazioa. “Makinak konektatzea, informazioa gordetzea eta erabiltzaileak erraz eskuratzeko moduan uztea. Informazio guztia eman nahi diogu bezeroari. Gainera, proiektu hori erabat bateragarria zen lehendik martxan geneukan ekimen batekin”. Innovae enpresako Pablo Ayalak esan zuen Danobatek hautatu zituela “konprometitzen garelako erronka konplexuak konpontzera. Errealitate handituan oinarritutako 250dik gora proiektu eta konponbide egin ditugu enpresa handientzat”.

 

Euskaltel enpresako Natxo Molinasek hizpide hartu zuen datu-analisien azken fasean espezializatutako Decidata enpresarekin batera garatutako proiektua, zeinaren helburua baitzen operatzailearen azpiegituren erabilera optimizatzea, “hasi etxeetako wifi saretik eta sare mugikorretaraino. Eta, batez ere, bezeroen  esperientzia hobetzea azpiegitura horiek erabiltzean”. Decidata enpresako Iñaki Pertusak adierazi zuen “helburua dela Euskaltelek hobeto ezagutu ditzala bere bezeroak”.

 

basque industry

Kursaal auditoria, jendez beteta Basque Industry 4.0 ihardunaldian.

Basque Industry 4.0 ekitaldian produktu eta zerbitzu jakin batzuen esperientziak ere izan ziren aztergai. Errealitate handituko sistemak egiten dituen Virtualware enpresak sistema bat ezarri du Vidrala konpainian, lan guztia bistaratzeko eta labe desberdinen lan egutegia planifikatzeko. Semantic Systems enpresak konfigurazio adimenduneko konponbide bat aplikatu du enpresa batek autonomia izan dezan produktu berri bat ateratzen duenean, edo ildo berriak martxan jartzen dituenean. SoC-e enpresak sentsoreak jarri ditu Microdeco konpainiaren fabrika batean, non pieza txikiak egiten baitituzte automozio sektorerako. Urrunetik kontrolatzen den ziber-segurtasunaren arloan diharduen ITS enpresako zuzendaritza-kargu Iñaki Eguiak esan zuen industriako 10 intzidentziatatik 1 “ziber-segurtasun industrial ezaren ondorio dela, laugarren faktore garrantzitsuena delako industriako intzidentzien artean. %60, berriz, barneko arduragabekeriak eragindakoak dira”.

 

Jardunaldia amaitzeko, Euskadiko teknologi zentro eta unibertsitateek gogoeta bat egin zuten etorkizunari buruz, eta adierazi zuten digitalizazioa “langileen baldintzak hobetzeko” eredu bat dela, eta enpresek nahiz erakundeek “ulertu behar dutela kontua ez dela bakarrik produktuak egitea eta irabaziak lortzea, baizik eta baita ere eredu berriak ikertzea. 4.0 industriaren etorkizuna denon artean eraiki behar dugu, eta hor sartzen dira enpresak, teknologi zentroak eta unibertsitateak” baieztatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Basilio Sierrak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow