Dronak hegazka 4.0 Industriaren gainetik

19 July, 2017

Drone by Drone enpresa aireko ibilgailuak sartzen ari da fabrikazio lantegietan, gainbegiraketa- eta lokalizazio-lanak egiteko

 

4.0 Industriak oinarritzat ditu hainbat teknologia bideratzaile, zeintzuek bat egiten baitute fabrikazio, marketin edo logistika prozesuetan, helburu honekin: ondasunen kalitatea hobetzea, produkzioa eta banaketa optimizatzea, kostuak merkatzea edota ahalik eta bezero kopuru handienarengana iristea. Asko dira Fabrikazio Aurreratuari edo Industria Adimendunari aplikatzen zaizkion tresnak, hala nola, robotika, fabrikazio gehigarria, “big data”, adimen artifiziala, lainoa, Gauzen Internet, espazio ziber-fisikoak, errealitate birtuala eta handitua, sentsorika, metrologia, optometria eta, besteak beste, kustomizazio masiboa, baina, horrezaz gain, badira lehenagotik dauden teknologien erabilpen berriak ere.  Adibidez, dronak.

 

4.0 Industrian gutxi dira dronen erabileren frogatutako erreferentziak eta esperientziak, baina bistan da aukera interesgarriak eskaintzen dituztela esparru askotan. Dronen aplikazioek sekulako aurrerapena izan dute azken hiru urteetan. Gailu hegalariei kamerak eta sentsoreak jarri zaizkienez, beren aplikazioak orokortu egin dira eta esparru askotara zabaldu dira, pakete banaketaz harago (horixe delarik bere balizko erabilpen mediatiko eta eztabaidatuenetako bat). Hala, erabiltzen dira, adibidez, uztak zaintzeko, aztarnategi arkeologikoak birsortzeko, hondamendi naturalekin lotutako arriskuak kalkulatzeko, mugak zaintzeko, laguntza humanitarioa bidaltzeko, ziber-segurtasunerako…

 

Orain, dronak 4.0 Industriara ere iristen ari dira, eta Bizkaiko Drone By Drone enpresa da sektore horretako aitzindarietako bat. Ander García Barrosok, konpainiako zuzendari teknikoak, hainbat xehetasun eman ditu eskuartean dituzten proiektuei buruz: “Lau bide desberdin ikertzen eta esperimentatzen ari gara, 4.0 industriarekin eta fabriketako prozesu industrialekin zerikusia dutenak. Batetik, dronak erabiltzea automozio sektoreko produkzio-lantegien ikuskapen estrukturalak egiteko. Bestetik, logistika kudeatzeko, ikus-entzunezko eduki automatikoak sortzeko lantegi industrialetan, eta ikerketa termografikoak egiteko lantegien barrualdean zein kanpoaldean”.

 

Logistika eta automatizazioa

Lehen kasuan, kamera termografikoak dituzten dronak gai dira produkzio-lantegien egiturari buruzko informazioa atzeman eta jasotzeko. “Orain arte ezin genuen eskuratu zenbait elementuri buruzko informaziorik, toki iritsgaitzetan edo altuera handian zeudelako. Gaur egun, hori posible da dronei esker. Irudi termografikoen bidez aukera dago karga estrukturalak jasaten dituzten eta akatsak izan ditzaketen elementuak detektatzeko, esaterako, jasogailuak edo eragingailuak. Lantegi guztietan daude aztertu beharreko osagaiak. Dronei esker, posible da azterketa hori egitea produkzio-katea gelditu gabe eta pertsonen segurtasuna arriskuan jarri gabe” azpimarratu du Ander Garcíak.

 

Dronen logistikako beste erabilera bat da piezak edo produktuak lokalizatzea azalera handietan, RFID eta antzeko teknologiak baliatuz. Etiketa txiki batzuk dira, edozein objekturi eransten zaizkionak eta objektu horren erabilpenari edo kokalekuari buruzko informazioa ematen dutenak, irrati frekuentzia bidez informazioa transmititzen duten antena ñimiño batzuei esker. “Drona gai da emisio hori atzemateko eta osagaia non dagoen jakiteko. Hori oso baliagarria da biltegiratze-azalera handia duten instalazioetan, adibidez, portuetako logistika zentroetan, azalera handiko saltokietan edota pakete eta kontainerrak gordetzeko espazioetan” azpimarratu dute Drone by Drone enpresako kideek.

 

Bada hirugarren arlo bat Dron by Dron startupa lantzen ari dena, alegia, ikus-entzunezko edukien sorkuntza, eta horretarako modu automatizatuan erabiltzen ditu dronak, Ander Garcíak azaldu duen bezala: “Dronak automatizatu egin daitezke, autonomoki hegan egin dezaten puntu batetik bestera. Hala, bezeroak produkzio-prozesuak gainbegiratu ditzake dronak atzemandako irudiekin”.

 

Egia esan, dronak oraintsu hasi dira erabiltzen 4.0 Industrian eta bere balizko aplikazioak ikerketa fasean daude. Aparatu horiek egokitu egin beharko dira ingurune berrietan lan egin dezaten. “Dispositiboak pertsonalizatu behar ditugu, egingo duten jarduera motaren arabera. Sentsore modelo desberdinak muntatu behar dira, eta ahalik eta zehatz eta arinenak izan behar dute. Orobat kontuan hartu behar ditugu kanpoko faktoreak, esaterako, dronek espazio itxietan lan egin behar dutela, hots, interferentzia elektromagnetikoak izan ditzaketen tokietan eta tenperatura desberdinen eraginpean” adierazi dute konpainiako kideek.

 

Araudi aldaketa

Bada dronak lantegi barruetan erabili ahal izateko gainditu behar den beste erronka bat, alegia, segurtasun araudiak, alderdi horrek dezenteko ziurgabetasuna sortzen baitu enpresetan. “Egungo hegaldi-araudia aire espazio irekientzat pentsaturik dago. Toki itxietan jabeak ezartzen ditu bere protokoloak. Halere, fabrika baten barruan dron bat hegaldatu baino lehen, enpresaren segurtasun eta osasun protokoloak bete behar dira” azaldu du Ander Garcíak.

 

Horregatik, araudi mailako eta teknologia arloko aldaketek markatuko dute dronen erabilera produkzio industrialean. “Dronen erabilpena normalizatu egin behar da, eta araudi permisiboagoak inplementatu, gaur egun egin ezin diren zenbait operazio egin ahal izateko. Era berean, teknologiak ere eboluzionatu egin behar du, aukera egon dadin dronetan transponder sentsore berriak eta bestelako ekipamenduak inplementatzeko eta, bide horretatik, posible izan dadin hegazkinak balira bezala funtzionatzeko, segurtasun berme guztiekin” eskatu du Drone by Drone enpresako zuzendari teknikoak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow