Deustok Industria Digitalari buruzko Katedra abiarazi du

9 October, 2017
José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea.

Katedra hori gehitzen zaio Deustuko Unibertsitateak 4.0 Industriari buruz abiatuak dituen beste zenbait prestakuntza-programari

Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek jakinarazi du abian jarriko dela Industria Digitalari buruzko lehen Katedra eta aste batzuk barru eskainiko dela Ingeniaritza Fakultatean. Katedra hori gehitzen zaio Deustuko Unibertsitateak manufaktura aurreratuari, “big data”ri edo eraldaketa digitalari buruz abiatu dituen beste zenbait prestakuntza-programari. Zentzu horretan, Guibertek aurreratu du Industria Digitaleko Gradua Gasteizko campus berrian emango dela datorren ikasturtean, eta prestakuntza duala izango dela, enpresetako praktika eta guzti.

 

Deustuko Unibertsitateko errektoreak parte hartu du unibertsitateak berak eta Accenture konpainiak Euskadiko 4.0 Industriaren giltzarriei buruz antolaturiko jardunaldi batean, eta hauxe esan du: “Deustun apustu egin dugu eraldaketaren alde, eta lankidetzan dihardugu Euskadik eta bertako industriak arrakasta izan dezaten 4.0 Industriaren iraultza honetan. Horretarako, bat egin dugu Eusko Jaurlaritzaren RIS3 estrategiarekin, Deusto Tech eta Orkestra zentroek fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna bezalako espezialitateetan egiten duten lanaren bitartez”.

 

Guibertek esan duenez, Industria Digitaleko Katedran hainbat agente librek kolaboratuko dute –oraindik ez du argitu nahi izan zeintzuk diren-, eta helburua da “agente horien guztien eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatzea 4.0 Industriarekin lotutako jardunbide egokiak identifikatzeko, ezagutzak partekatzeko eta esperientzia onak sortzeko”.

 

Katedra hori gehitu zaie Deusto Bussiness School eta Deustuko Ingeniaritza Fakultateak eraldaketa digitalaren arloan abiatuak dituzten beste ekimen batzuei, denen helburua delarik “ikasleen prestakuntza aldatzea, industriaren panorama eta beharrizan berriek behartu egiten gaituztelako etorkizuneko langileen prestakuntza aldatzera” esan du errektoreak.

 

Bestalde, Accenture España konpainiako presidente Juan Pedro Morenok azpimarratu du bere enpresak akordio bat sinatu duela Deustuko Unibertsitatearekin, Industria Digitaleko Katedra berri honetan parte hartzeko. “Accenture enpresarentzat funtsezkoa da talentuaz baliatu ahal izatea; badakigu Euskadin badugula talentu hori, eta aprobetxatu egin nahi dugu. 4.0 Industriako langileek teknologia berriak ezagutu behar dituzte, baina, horrezaz gain, ideia berritzaileak izan behar dituzte teknologia horiek sektore desberdinetan txertatzeko”.

 

Accenture enpresako arduradunak gogora ekarri du bere enpresak Bilbo aukeratu duela bere 4.0 Industria Zentroa kokatzeko, eta robotika bezalako arloetan egiten ari diren lana azpimarratu du. “Erabaki dugu Bilbora ekartzea gure 4.0 Industria Zentroa. Robotika arloko liderrak inon izatekotan, Bilbon gara. Prozesu askoren eraginkortasuna hobetu dugu gure robotei esker. Eta Euskadin metatu dugun esperientziarekin, mundu guztira esportatzen dugu robotika” nabarmendu du Juan Pedro Morenok.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow