CIN enpresak 4.0 Industriara eraman ditu ikusmen artifizialaren arloko azken konponbideak

9 urtarrila, 2018
Txema Gallego Basarte, CIN Advanded Systems enpresako zuzendari nagusia

Egoitza Arrasaten duen enpresak Holografia Konoskopikoko teknologiak eta 3D neurketa erabiltzen ditu akatsak detektatzeko

 

Ikusmen artifiziala proiekzio handiko teknologia bihurtu da eta, aurreikuspenen arabera, urtean %8,5eko hazkunde-tasa izango du 2025era arte, Grand View Research aholkularitzak berriki egin duen azterketa baten arabera. Aplikazio ugari ditu industria sektorean, bai neurketetarako eta bai pieza zein osagaiak egiaztatzeko, baina orobat presentzia handia du beste esparru batzuetan, adibidez, osasunean (tumoreak aurkitzeko edo ebaketetan laguntzeko), trafikoaren kontrolean, segurtasun biometrikoan, elikagaien kalitate neurketan, idatzizko testuen errekonozimendu eta itzulpenean, e.a.

 

CIN Advanced Systems 2011n sortu zen, helburutzat harturik balio handiko konponbide berritzaileak sortzea automatizazio arloan eta produkzio eraginkortasunaren hobekuntzan diharduten tamaina txikiko enpresentzat. Hiru garapen-eremu identifikatu ditu, zeintzuetan balio-ekarpen handia egin baitezake: robotika, dispositibo arteko komunikazioa (IoT) eta zehaztasunezko neurketak egin eta akatsak detektatzea ikusmen artifiziala erabiliz.

 

Enpresaren produktu garrantzitsuenetako bat ikusmen artifizialeko teknologia berritzaile bat da, zeina dagoeneko erabiltzen baita zenbait enpresatan, Txema Gallego Basarte zuzendari nagusiak azaldu bezala: “Holografia Konoskopikoa laser interferometria bidezko teknologia bat da, harrera bikaina izan duena hainbat sektoretan, batik bat automozioan eta aeronautikan, gai baita beste teknologia batzuetan (esaterako, laser triangulazioan) oinarritutako kontakturik gabeko neurketa-aplikazioek konpondu ezin dituzten hainbat arazo konpontzeko: itzalak eta zulo estuetara sartzeko ezintasuna”.

 

Azken 5 urteotan konpainiak hainbat garapen berritzaile egin ditu 4.0 Industriaren barruan, zehazki, sentsorikan eta kontakturik gabeko digitalizazioa helburu duen abiadura handiko zehaztasunezko neurketa softwarean.  “Une honetan gai gara segundoko 20.000 puntu neurtzeko eta epe laburrean segundoko 1.000.000 puntura iristea espero dugu. Eta hori guztia, fabrikazio-denboretan eraginik izan gabe” azpimarratu dute CIN enpresako ordezkariek.

 

Enpresak badu beste negozio-eredu bat, kontakturik gabeko 3D makinen neurketan oinarritzen dena. Software intuitibo batetik abiaturik, aukera ematen du 3D neurketak egiteko pieza konplexuekin, baina heltzeko tresnarik gabe. ±1 µm-ko zehaztasuna du eta 9.000 puntu neurtu ditzake segundoko. “Proiektu honetan formula berriak aztertzen ari gara etorkizun handiko negozio-ildo honi indarra emateko” dio Txema Gallegok.

 

Gaur egun, CIN Advanced Systems elkarlanean ari da nazioartean trakzio indarra egiten duten eta Euskadin presentzia duten konpainia garrantzitsu zenbaitekin, eta elkarlan horren barruan CINek bere neurketa-konponbideak eskaintzen dizkie. Halere, Txema Gallegok gogoratu du ez dela erraza izan robotika, ikusmen artifizial edo IoT arloko proiektuekiko interesa piztea: “Guretzat bultzada garrantzitsua izan da 4.0 Industriak zabaldutako kontzeptuen dibulgazioa eta haien aldera piztu den interesa. Askotan gertatzen zitzaigun gure proiektuak isolatuta gelditzen zirela enpresako komunikazio- eta erabakitze-sistemen barnean. Bezeroek gutxitan onartzen zituzten eskaintzen genizkien dispositibo arteko onlineko komunikazio-aukerak, salbu eta segurtasun-pieza jakin batzuetan zeintzuetan beharrezkoak baitziren trazagarritasunaren kariaz. Gaur egun, gure bezero diren enpresetako zuzendaritza-karguek badakite beste ekipo batzuekin komunikatzeko aukera emango diegula, izan ere hasieratik eskatzen digute hala izan dadila, erabaki automatikoak errazago hartzeko. 4.0 Industriaren kontzeptua hobeto ezagutzen dutenez, gure konponbideek irismen eta balio handiagoa dute”.

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow