“Blockchain” sistemaren aplikazioak 4.0 Industrian”

6 azaroa, 2017
Oscar Lage, responsable de Ciberseguridad de Tecnalia.

Tecnaliak Blockchain Laborategi Industrial berria abiarazi du, bere bitartez blockchain sistemaren aplikazioak ikertzeko eta, bide horretatik, teknologia hori 4.0 Industriabezalako esparruetan erabiltzeko.

 

Gero eta ezagunagoa da “Blockchain” teknologia. Teknologia horrek aukera ematen digu informazio digitala trukatzeko plataforma bateko kideen artean. Informazio hori kriptografikoki babestuta dago, eta sareko parte-hartzaile guztiek eskura ditzakete datu berdinak, beraz, ezin dira aldatu denen baimenik gabe. Ez dago informazioa aldatu dezakeen administratzaile bakarrik. “Blockchain” baten abantaila nagusiak dira informazioa ez dagoela zerbitzari bakar batean zentralizatuta eta datuak ezin direla aldatu.

 

“Blockchain” sistema 2008an sortu zen, baina urtebete geroago jarri zen martxan teknologia horretan oinarritutako lehen proiektua: Bitcoin kripto-txanpona. Azken urteotan hasi gara deskubritzen “blockchain” sistemak hainbat sektoretan izan ditzakeen aplikazioak, esaterako, finantzetan (“fintech”), osasun arloan, merkataritza elektronikoan edota 4.0 Industrian.

 

Tecnalia ikerketa eta garapeneko zentroak lehenengo Blockchain Laborategi Industriala abiarazi du. Instalazio aitzindaria da Europan, eta aukera emango die enpresei beren erronka eta beharrekin esperimentatzeko, demostrazioak eta kasu arrakastatsu errealak ikusteko, konponbide teknologikoen entseguak egiteko eta teknologia horrekin lotutako negozio ereduak probatzeko.

 

Laborategi hau sortu da Tecnaliak esperientzia handia duelako “blockchain” teknologian. BBVA bankuarekin batera, Tecnalia da Estatuko zentro bakarra EEA – The Enterprise Ethereum Alliance erakundeko kide dena. EEA nazioarteko lankidetza-plataforma bat da, teknologia honetan zentratua eta bere estandarrak definitzen ari dena. Horrez gain, Tecnalia bazkide da orobat Hyperledger-en, “blockchain”en software libreko komunitate nagusian, zeinaren bidez nazioarteko aliantzak egin ahal izango baititu tamaina eta inpaktu sozial handiko proiektuei ekiteko eta, era berean, ezagutzak eta esperientziak trukatu ahal izango ditu komunitatean parte hartzen duten gainerako enpresekin. Hyperledger komunitatean daude, halaber, Airbus, Daimler AG, Intel, Bosch edo Fujitsu enpresak ere.

 

“Blockchain” eta trazagarritasuna

Oscar Lage, Tecnaliako Zibersegurtasuneko arduraduna, izango da Blockchain Laborategiaren koordinatzailea, zeren teknologia hori egokitu ahal izateko asko jakin behar baita gai honi buruz, bereziki kriptografiari buruz: “Blockchain” 4.0 Industriaren beste teknologia bideratzaile bat da, baina ez orain bizi dugun lehen olde honena. Zerikusi gehiago dauka 4.0 Industriaren benetako paradigmarekin, zeina makinen arteko lankidetzan oinarritzen baita prezioak merkatzeko eta lote txikiagoak eta pertsonalizatuagoak fabrikatzeko. Automatizatzeko, adimen artifiziala eta konfiantzazko datuak erabili behar dira. Eta “blockchain” sistemak ekarpen handiak egin ditzake esparru horretan”.

 

Tecnaliaren lehenbiziko proiektu eta garapen pilotuek zerikusia dute fabrikatzen diren ondasunen trazagarritasunarekin, helburua baita informazio zehatza ematea fabrikazio eta mihiztatze prozesuei buruz. “Erabiltzaileak produktuen trazagarritasun zehatza ezagutu nahi du. Horrek konfiantza ematen dio. Ingurune industrial batean, oso garrantzitsua da jakitea nola dauden piezak behin fabrikatu eta mihiztatu ondoren, nola funtzionatzen duten edo zein tenperatura eta presioren eraginpean egon diren. “Blockchain” teknologiak bermatzen du trazagarritasun datu horiek egiazkoak direla, ezin direlako aldatu, ezta ere ezabatu. Orain arte, zenbait datu-fabrikatzailek edo -kudeatzailek aukeratu egin zezaketen zein informazio eman nahi zuten. “Blockchain” sistemarekin ziurtasun osoz jakin daiteke zer gertatu den gure datuekin. Teknologia horren bidez, datuen subiranotasuna sortzen da” azpimarratu du Lage-k.

 

Momentuz, trazagarritasunarena da “blockchain” teknologiaren arloan aurrerapen handiena izan duen erabilpenetako bat, bereziki automozioaren eta aeronautikaren sektoreetan, baina ez da bakarra. Orobat lantzen ari da industri arloko Gauzen Interneten (IoT) duen aplikazioa, makinen arteko harremana ahalbidetzeko. “Makina batek 7.000 datu sortzen ditu urtean. Trafiko-arkitekturak eta datuen sarrerak garestiak dira. Gero eta datu gehiago sortzen ditugunez, zerbitzari indartsuagoak eta “cloud” tresnak behar ditugu, eta horrek are gehiago garestitzen ditu zerbitzuak. Horrez gain, zerbitzariak huts egiten badu, datuak galdu egin daitezke. IoT mundurako diseinatutako “blockchain” bati esker, informazio hori toki desberdinetan gordeko litzateke plataformako parte-hartzaileen artean, eta arrisku gutxiago egongo litzateke datuak galtzeko. Gainera, gaur egun kezka handia dago badakigulako datuak jasotzeko protokoloek autentifikazio-sistema oso ahulak dituztela. Ongi diseinatutako “blockchain” batekin ez litzateke horrelako segurtasun-arazorik egongo” esan du Tecnaliako arduradunak.

 

Kontratu adimendunak

Oscar Lage-k azaldu duenez, bada “blockchain” teknologia eta 4.0 Industria batzen dituen beste esperientzia bat, lantegi adimendunak edo “Smart Factories” deiturikoak: “teknologia horren bidez sor daitezke elkarren artean lan egin dezaketen lantegi adimendunak, hots, produkzioa lantegi eta makinen artean delegatu dezaketenak. Posible da “blockchain” sisteman oinarrituriko “Smart Contracts” edo kontratu adimendunak sinatzea, beren bitartez logistika eta ordainketak koordinatzeko, eskaera iristeaz batera egin daitezen, eta posible da baita ere “Market Place” industrialak garatzea. Horrelako “Market Place” batean, fabrikatzaile batek osagai zehatz bat egingo dioten hornitzaileak bila ditzake kalitate zehatz batzuetan oinarrituta. “Blockchain” plataformak aukera onena aukeratuko luke eta berak hartuko luke baldintzak betearazteko ardura, kontratu adimendun batean oinarriturik. Horrelako plataformei esker, enpresek beren produkzio-kostuak murriztuko lituzkete, eta aukera izango lukete serie laburrak eta produktu bakar eta kustomizatuak egiteko, baina merkeago. “Machine Economy” deitzen zaio horri. Ekonomia horretan, makinek erabakiak har ditzakete eta testuinguruarekin elkarreragin. Oscar Lage-k esan du “blockchain” teknologiak, adimen artifizialak eta kontratu adimendunek ahalbidetuko dutela hori.

 

Euskadin enpresa asko ari dira aztertzen “blockchain” sistemaren aukerak 4.0 Industrian espezializatutako plataforma baten bitartez, zeina dagoeneko hasia baita trazagarritasun, automatizazio eta energia eraginkortasuneko proiektuak gauzatzen. “Berriki iragarri da Laborategia abiaraziko dela, baina Tecnalian bi urte inguru daramatzagu “blockchain” sisteman buru-belarri lanean, 15 laguneko lantaldea horretara bideratuta.  Gure helburua da teknologia horiek enpresa sektorera eramatea, eta horretan ari gara. Tecnaliaren gaitasun guztiak jarriko ditugu “blockchain” sistema darabiltzaten pertsonen zerbitzura, adibidez, gure produkzio-linea erabili eta esperimenta dezaten. Hala, ez dituzte beren lineak gelditu beharko, eta horren kostua aurreztuko dute. Horri esker, enpresak modu seguru eta ahaltsuagoan hurbilduko dira “blockchain” sistemara” azpimarratu du Tecnaliako “Blockchain” adituak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow