Hautatutako 27 startupek eta 24 industria-enpresak 40 proiektu berri bultzatuko dituzte BIND 4.0 programaren bigarren edizioan

18 abendua, 2017
Aitor Urzelai, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko puntako 27 industria-konpainiak zuzendutako BIND 4.0 azelerazio-programaren bigarren edizioa hasiko da datorren 2018ko urtarrilaren 12an.

Bigarren edizioan, parte hartuko duten startupen kopurua zein onartutako proiektuena bikoiztu egingo dira. 16 startup Euskadikoak dira (5 Bizkaikoak, 5 Gipuzkoakoak eta 6 Arabakoak), 7 Estatuko erkidegoetakoak (Madril 2, Bartzelona 1, Valentzia 1, Galizia 1, Nafarroa 1, Cantabria 1), eta beste 4 beste herrialde batzuetakoak (Alemania, Portugal, Norvegia eta Kanadakoak).

Hortaz, startupei mailarik handieneko industria-bezeroengana jotzeko aukera bermatzen dien munduko lehen azeleratzailea da BIND 4.0, eta euskal industria-ekosisteman startupak garatzeko aukera errazten duen eta industria-enpresen eraldaketa digitala bultzatzen duen berrikuntza-plataforma ireki eta indartsu gisa finkatu da.

 

Amaitu da 4.0 industriaren eremuan diharduten startupen BIND 4.0 euskal azeleratzaile publiko-pribatuaren bigarren edizioko hautaketa-prozesua. Aurtengo edizioan, enpresa laguntzaileek 27 startup hautatu dituzte guztira. Startup horiekin, 40 proiektu garatuko dira guztira, eta, beraz, % 150eko igoera izan da aurreko edizioarekin alderatuta.

 

Hautatutako startupak honako hauek izan dira: Alteria Automation SL; Atten2 Advanced Monitoring Technologies; Cin Advanced Systems SL; Countercraft; Dative Partners SL; Enigmedia; Flything Technologies SL; Globe Testing; Heptasense; Karten Space; Keynetic Technologies; Limmat Group; Lis-solutions; Meslider Gestión de Operaciones; Mizar Additive Manufacturing SLU; Nanocnet; Naotech Solutions; Obuu Tech; Optimitive Data Analysis; Optimus 3D SL; Relyum by Soc-e; Skootik Mobile Technologies; Solid Virtual Spain SLU; Stockare RFID Solutions; Tedcas; Wearhealth eta Zolertia.

 

27 startupetatik, 16 Euskadikoak dira, 7 Estatukoak, 3 Europakoak eta 1 Amerikakoa, eta datorren urteko urtarrilean hasiko den 6 hilabeteko azelerazio-programa osatu batean parte hartuko dute.

 

Parte hartuko duten startupak 24 industria-enpresak hautatu dituzte eta enpresa horiek, halaber, guztira 40 proiektu garatzea erabaki dute.

 

4.0 teknologien eremua

Proiektu berritzaile horien oinarri diren lankidetza-eremuak 4.0 industriari lotutako eremu teknologikoetan kokatuta daude: Internet of Things (11), Zibersegurtasuna (6), Ikuspen artifiziala (5), Errealitate areagotua / errealitate birtuala (5), Big Data (5), manufaktura gehigarria (4), keinuak ezagutzeko sistemak (1), nanosateliteak (1) eta material berriak (1).

 

BIND 4.0 programak, halaber, laguntza-zerbitzuen ibilbide indartsu bat dauka. Zerbitzu horien artean, honako hauek aipa daitezke: industria-inguruneetan merkataritza-trebetasunak garatzeko prestakuntza espezifikoa, inpaktu handiko mentorizazioa goi-mailako mentore talde batekin, workshop teknologikoak nazioarteko erreferenteekin, networking-saioak euskal industria-ekosistemako top enpresekin, eta finantzaketa lortzeko aukera. Era berean, programak honako lau laguntzaile teknologiko hauen babesa jasotzen du: Google, Amazon Web Services, Microsoft eta Siemens.

 

Deialdiak izan duen arrakastak agerian utzi du industria-enpresa garrantzitsuen inplikazioari esker azeleratzaileak eta hautatutako startupek duten ahalmena.

 

Guztira, 57 herrialdeko 385 startupek aurkeztu dituzte ekimen berritzaileak. Ekimen horiek, nolanahi ere, soluzio teknologikoki aurreratuak proposatzen dituzte euskal industria-enpresa handien prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko.

 

Programaren posizionamendu eta erakargarritasunaren oinarrizko faktoreetako bat nazioartean erreferentziazkoak diren euskal enpresen parte-hartze garrantzitsua izan da. 2016ko partnerrei (ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Maier Taldea, Alcor Taldea, Ulma Taldea, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Vitoria, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor), beste 12 konpainia gehitu zaizkie aurten: Aernnova, Alegría Activity, Arcelor Mittal, Batz, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Elecnor Taldea, Gestamp, RPK, Sener eta Sidenor. Hortaz, guztira 27 dira programaren trakzio-enpresak.

 

BIND 4.0 programaren hautaketa-prozesuan, 27 enpresa laguntzaileek hartu dute parte aktiboki. Prozesuaren lehen fasean, programako taldeak 24 herrialdeko ahalmenik handieneko 82 startup hautatu zituen mundu osoko 385 hautagaien artean. Aurtengo urrian, startup horiek industria-enpresetarako zituzten soluzioak aurkeztu ahal izan zituzten 5 “pitching-jardunalditan”. Ondoren, enpresek 50 startup finalistak hautatu zituzten, eta baterako proiektu bat egiteko aukera sakondu eta aztertu zuten haiekin. Fase horretan, startupek eta enpresek elkarreragiteko aukera izan zuten joan den azaroaren 22ko Basque Industry 4.0 biltzarrean. Azkenik, gutxienez enpresa laguntzaile batekin akordio zehatzak lortu dituzten 27 startupek hartuko dute parte azelerazio-programan urtarriletik aurrera.

 

BIND 4.0: startupak dimentsio handiko industria batean sartzea

Bind 4.0 24 asteko iraupena duen azelerazio-programa bat da. Bertan, startupek, industria-enpresa laguntzaile batekin ordaindutako proiektu bat garatzeaz gain, laguntza-zerbitzuen eta jardueren programa trinko bat dute.

 

BIND 4.0 programak helburu bikoitza du: startupen ikuspuntutik, edozein azeleratzailek eskaintzen dituen ohiko zerbitzuez gain (lanerako guneak, prestakuntza, mentoringa, diru-laguntzak, finantzaketa eta abar), BIND 4.0 programak aukera ematen die startupei programako enpresa laguntzaile batekin edo batzuekin bezero/hornitzaile formatu batean lanean hasteko.

 

Enpresa laguntzaileen ikuspuntutik, programak aukera ematen die 4.0 industriaren eremuko startup berritzaileenak ezagutzeko, eta, era horretan, haien talentua, teknologia eta/edo soluzioak kontratatzeko eta enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.

Euskadi, ekintzailetza teknologiko eta aurreratuaren erreferentea

BIND 4.0 herrialde-mailako apustu estrategikoa da, eta Euskadi ekintzailetza aurreratuaren munduko mapan kokatzea du helburu. Euskadiko Enpresa Agentziak (SPRI) koordinatzen du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarentzako programa hori, Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin. BIND 4.0 azeleratzaileak, startupen beste azeleratzaile batzuek ez bezala, izaera publiko-pribatua dauka, eta startupei mailarik handieneko industria-bezeroengana jotzeko aukera bermatzen dien munduko lehen azeleratzailea da.

 

Aurkezpena:

BIND 4 0 – Dossier segunda edición 2017 12 17

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow