Bezeroa da inoiz baino gehiago negozio digitalaren ardatza

5 October, 2017
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira iraultza digitalaren aroan sortutako negozio berriak.

“Ez da teknologia kontua bakarrik, gogoeta prozesu bat egin behar da aldez aurretik. Ez da marketin proiektu bat, baizik eta enpresa osoaren proiektua. Enpresako arlo guztiak barne hartzen ditu” adierazi du Jon Barrena adituak.

 

Iraultza digitalaz geroztik, teknologia ez da gehiago negozioen giltza. Orain bezeroa da gauza guztien erdigunea. Ideia horiek azaldu dira ostegun honetan, SPRI Taldeak Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean antolatutako jardunaldi batean. “Merkatu” aholkularitzako Jon Barrenak hauxe segurtatu du: “Ez da teknologia kontua bakarrik, gogoeta prozesu bat egin behar da aldez aurretik. Ez da marketin proiektu bat, baizik eta enpresa osoaren proiektua. Enpresako arlo guztiak barne hartzen ditu”.

 

Barrenak esan du sakelakoek iraultza ekarri dutela marketin digitalaren arlora. “Laugarren iraultza industrialaz ari gara: datuaren ustiapenaz. Teknologiak negozioa bideratzen du. Eta industria iraultza horretan sartzen ari da, bestela lehiakortasuna galduko baitu”.

 

Marketineko adituak hainbat adibide jarri ditu. Alsa autobus konpainiak Uber enpresaren antzeko startup batean inbertitu zuen, bidaiariek autoa parteka dezaten autobusetik jaitsitakoan. “Bere fakturazio-eredua ez da gehiago kobratzea, baizik eta bezeroari buruz dauzkan datuak aprobetxatzea (badaki autobusetik jaisten denean beste garraiobide bat behar duela bere jomugara iristeko) eta bidaia ondorengo zerbitzu bat eskaintzea”. Orobat aipatu du Airbinb uber, zeinak prezio lehiakorrenak bilatzen baititu bezeroentzat. “Prezio desberdinak iradokitzen dizkizu zure pisuarentzat urte sasoiaren arabera”.

 

Barrenak hizpide hartu du Walmart denda-katea, zeinak app bat baitauka supermerkatuko orgatiletarako: “orgatilak jarraitu egiten zaitu, eta berak aukeratzen du supermerkatu barruko ibilbidea, erosi nahi duzunaren arabera”.

 

Adibide asko daude industrian. Singular Bread enpresak ogi molde pertsonalizatuak egiten ditu. Vending makinak, berriz, aukera paregabea dira bezeroa ezagutzeko. “Orain enpresek, makinak saltzeaz gain, mantenimendu-lanak ere egiten dituzte, eta horri esker lortzen dute bezeroak produktuaren pertzepzio hobea izan dezala”.

 

Adituaren arabera, eraldaketa digitalak behartu egiten gaitu ikuspegia aldatzera, “bezeroarengandik abiatu behar dugu. Epe luzeko aldaketak dira”. “Bezeroa da giltza. Tradizionalki marketin kanpainak egin izan dira hedabide desberdinetan, orain, ostera, erabiltzailearen portaeran oinarritzen dira. Arazoa da prozesu horretako lehen fasean gutxiago irabazten dela”.

 

Aholkulariak azpimarratu du eraldaketa digitaleko proiektu askok porrot egiten dutela “ez zaielako astirik ematen. Antolakundeak aldatu egin behar du. Bankuak dagoeneko aldatu dira: lehen kudeatzaileak zituzten, orain berriz, saltzaileak”.

 

Barrenak Ikusi enpresaren kasua azaldu du, zeinak negozio bihurtu nahi baitu salmenta osteko zerbitzua. “Ez da erraza, kostu handiagoa baitu. Lagunarteko hizkeran, espedientea betetzeaz ari gara”. Ikusi enpresak salmenta osteko eredu bat sortu du, zuzeneko arreta eta guzti, eta bildutako datuekin “business intelligence egiten du, eta sistema adimendun bat sortu du salmenta osteko zerbitzua kudeatzeko”. Alba enpresaren adibidea ere jarri du, zeinak merkatu-prospekzio bat egin baitu bi urtez, web orria aldatu baino lehen. “Bi urteren ondoren aldatu dute weba eta horrek gehiago hazteko aukera eman die, bestela, lehenik webean inbertitu beharko zuten emaitzak nolakoak izango ziren jakin gabe”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow