Batz kooperatibako 75 zuzendaritza-kargu 4.0 Industriari buruzko Barnetegi Teknologikoan parte hartzen ari dira

16 November, 2017

Enpresak erabaki du bere zuzendaritza-karguak eraldaketa digitalerako prestatzea.

 

Mondragon Taldeko Batz kooperatiba 4.0 Industriari buruzko Barnetegi Teknologikoen programan parte hartzen ari da, horrela erakutsiz zuzendaritza orokorrak interes handia duela eraldaketa digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko. Batz-ek munduko lantegi guztietan dauzkan 75 kudeatzaile eta zuzendari ari dira parte hartzen jardunaldi horietan.

 

4.0 Industriari buruzko Barnetegi Teknologikoak egun bateko prestakuntza trinkoak dira, non ezagutzera ematen baitira elektronika, informazio eta komunikazio teknologiek industriarako eskain ditzaketen abantailak. Egitarauaren barnean sarrera bat egingo da sektorea eraldatzeko potentzial handiena duten EIKTen inguruan, hala nola, big data, errealitate handitua eta birtuala, robotika, fabrikazio gehigarria eta cloud computinga eta, nola ez, hizpide hartuko da baita ere segurtasunaren garrantzia. Jardunaldian zehar eztabaida eta gogoeta prozesu bat egingo da eraldaketa digitalak industrian izan ditzakeen inplikazioen inguruan.

 

Barnetegiaren helburu nagusia da zuzendaritza-kargu eta kudeatzaileei laguntzea 4.0 Industrian eragina izango duten joera teknologikoak identifikatzen eta ezagutzera ematea berrikuntza horiek aplikatu dituzten kasu errealak. Programa hau beraizik zuzentzen zaie enpresak kudeaketaren bikaintasunerantz gidatu nahi dituzten zuzendaritza-karguei, besteak beste, operazio, produkzio, kalitate eta logistika arloetako arduradunei. Aurten 4.0 Industriari buruzko 13 Barnetegi Teknologiko antolatu dira; hiru irekiak eta gainerakoak espezifikoak Euskal Herriko Itsas Foroarentzat eta Mercedes-Vitoria, Copreci, Koniker eta Batz enpresentzat.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak bultzatzen ditu Barnetegi Teknologikoak SPRI Taldearen bitartez. Egun bateko prestakuntza jardunaldi trinkoak dira, 15 parte-hartzaileko taldeei zuzenduak. Saio horietan learn by doing metodologiak aplikatzen dira, ikaskuntza sustatzeko arlo bakoitzeko profesional adituen aholkularitzarekin.

 

Batz Taldea Mondragon Automoción taldeko kooperatiba bat da, trokelen ingeniaritzan eta fabrikazioan, automozio sistemetan, energia berriztagarrietan eta sektore aeroespazialean espezializatua dagoena. Enpresak 50 urtetik gorako ibilbidea du, eta lantegiak ditu Europan, Ipar Amerikan, Hegoamerikan, Afrikan eta Asian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow