BasqueGame Lab-ek bideojokoen eta 4.0 Industriaren arteko harremana erakusten du

5 April, 2017

Gazte bat, bidejoko batearekin.

Bilboko Zabalgune Merkatuak laborategi bat ostatatzen du, enpresek eta profesionalek probak egin ditzaten bideojokoetan oinarritutako garapenekin eta jakin dezaten nola aplikatu garapen horiek industria, prestakuntza, hezkuntza edo osasun sektoreetan.

4.0 Industriaren teknologia bideratzaileez ari garenean, kontzeptu desberdin asko etortzen zaizkigu burura: robotika kolaboratiboa, Gauzen Interneta, kustomizazio masiboa, trazagarritasuna, metrologia, fabrikazio gehigarria… baina gutxitan aztertzen da bideojokoek etorkizuneko prozesu industrialetan izan dezaketen papera. Normalean, bideojokoak aisialdiarekin identifikatzen ditugu, baina azken urteotan argi gelditu da “serious games” edo simulatzaileek eta gamifikazioak abantaila handiak eskaintzen dituztela langileen prestakuntzan eta enpresen marketin prozesuetan.

 

Testuinguru horretan, BasqueGame-Euskadiko bideojoko enpresen elkarteak (GAIA klusterreko kidea) BasqueGame Lab inauguratu du Bilboko Zabalgune Merkatuan. Espazio horretan euskal konpainiek proba-laborategi bat dute, bertatik bertara esperimentatzeko industriaren negozio-helburuei aplikatutako bideojokoen teknologiekin. BasqueGame Lab espazioan, interesatuek askotariko konponbide teknologikoak proba ditzakete: errealitate birtuala eta mistoa, ukimen bidezko elkarreragina, 3D, aplikazio mugikorrak edo ingurune industrialetan erabil daitezkeen ikaskuntza simulatzaileak.

 

Laborategi horretan aurkituko ditugu euskal konpainiek esparru horretan eginiko garapen garrantzitsuenetako batzuk. Hona hemen zenbait: ukimen anitzeko pantailak, zeintzuetan langileek segurtasun protokoloei buruzko galderak erantzungo baitituzte; edo errealitate birtualetan birsortutako inguruneak, non langileak posible baitu makina jakin batzuen erabilera simulatzea errealitate birtualeko betaurrekoekin, prestakuntza on bat jasotzeko makina benetan erabiltzen hasi baino lehen eta, bide horretatik, arriskuak saihesteko.

 

Kasu arrakastatsuak

BasqueGame Lab espazioaren –non 11 enpresak parte hartzen baitute aktiboki eta 100.000 euro inbertitu baitira martxan jarri ahal izateko- aurkezpenean hauxe azpimarratu zuen José Echezarrak, GAIAko presidenteak: “Euskadin oso serioski hartzen dugu bideojokoa. Lab honetan kasu errealak probatu ahal izango dira, jakiteko nola erabil daitezkeen bideojokoen teknikak benetako prozesu industrialetan. Baina ez da bakarrik enpresentzat, nahi genuke erreferentziazko puntu izan dadila bideojokoen sektorean sartu nahi duten gazte guztientzat”.

 

Bestalde, Unai Extremok, BasqueGame elkarteko presidenteak, hauxe nabarmendu zuen: “Bideojokoen alderdi garrantzitsuenetako bat da gai dela gizartearen eta produkzio prozesuen premia guztiei egokitzeko. BasqueGame Lab espazioan frogatu dugu bideojokoak baduela gaitasun hori joera teknologiko berriak integratzeko eta arrakastaz aplikatzeko industrian, osasunean, prestakuntzan eta hezkuntzan”.

 

Bai Echezarrak eta bai Extremok adierazi zuten zein garrantzitsua izan den lankidetza publiko-pribatua espazio berri hau martxan jartzeko. BasqueGame Lab espazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza du.

 

Gaur egun, hauek dira BasqueGame Lab espazioan dauden enpresak: AgLa4D Construction Technology, Binary Soul, Digipen, Gestionet, Ideable Solutions, Innovae, Ludus, Solid Virtual, Tak Learning, Todologic eta Virtualware. Laborategian dauden garapenen artean aipatzekoak dira, esaterako, prestakuntzarekin eta gaikuntzarekin lotutakoak, laguntza adimenduneko sistemak, talde profesionalei urruneko laguntza emateko sistemak, fabrikako informazio sistemak, datuak bistaratzeko eta datuekin elkarreragiteko sistemak, interfaze aurreratuak, ergonomia eta laneko osasunerako konponbideak eta zerbitzu industrialen esparruko beste aplikazio batzuk.

 

BasqueGame elkartean bideojokoen sektorearekin lotutako 38 enpresa, prestakuntza-zentro eta teknologia-zentro daude, zeintzuek Euskadi osoko 300 pertsona enplegatzen baitituzte. 2016an 16,5 milioi euroko negozio-bolumena izan zuten.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow