Basque Industry 4.0 estrategiak tresna berri bat abiarazi du enpresei laguntzeko beren digitalizazio prozesuetan

16 maiatza, 2018

ETEek aukera dute Basque Digital Innovation Hub-ek eskaintzen dituen prestakuntzako, aholkularitza teknologiko-ekonomikoko, diseinuko eta prototipatze eta baliozkotzeko zerbitzuak eskuratzeko Basque Industry 4.0 atarian

Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen esku jartzen ditu 4.0 Industriaren erronkei aurre egiteko gaitasun teknologikoak

Basque Digital Innovation Hub sei gune teknologiko hauen inguruan antolatzen da: robotika kolaboratibo eta malgua, fabrikazio gehigarria, zibersegurtasuna, datuen analitika, makina adimendun konektatuak eta material berriak.

Basque Industry 4.0-k, Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko estrategiak -zeinaren helburua baita ezagutzan intentsiboa den fabrikazioa bultzatzea eta, bide horretatik, Euskadiren posizionamendua indartzea oinarri industrialeko ekonomia gisa-, tresna operatibo berri bat du, ETEei 4.0 teknologien ezarpena errazteko. Basque Digital Innovation Hub-en bidez, fabrikazio aurreratuan eta digitalizazio prozesuetan interesatutako enpresek askotariko zerbitzuak eskuratu ditzakete, hala nola, prestakuntza, aholkularitza teknologiko-ekonomikoa, diseinua, prototipatzea eta baliozkotzea, horretarako espreski baliatuz BDIH izeneko aktiboen sare konektatua.

SPRIk bultzatu du BDIH tresna berri hori, lankidetza publiko-pribatuaren bidez inplementatutako Basque Industry 4.0 Estrategiaren markoan. Hala, BDIHk 100dik gora aktibotan oinarritutako zerbitzuak eskainiko dizkie enpresei, esaterako, azpiegiturak, laborategiak, ekipamenduak, softwarea eta fabrikazio aurreratuaren arlo desberdinetako gaitasun zientifiko-teknologikoak. Hauxe esan du Cristina Oyónek, SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen arduradunak:

“Espero dugu tresna berri hau bereziki baliagarria izango dela eskaintza teknologikoa eskuratzeko zailtasunak dituzten enpresentzat. Tresna horri esker modu zuzen, sinple eta abegitsuagoan iritsiko dira beren digitalizazio prozesuak bultzatzeko baliabide guztietara”.

Basque Industry 4.0 estrategiak gaitasun eta teknologia gorakorrak aprobetxatzen ditu, besteak beste, hauek: fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratiboa, datuen analitika, adimen artifiziala, gailu adimendun eta konektatuak edota zibersegurtasuna. Teknologia horiek konbinatzen badira produktu berrien fabrikazioarekin, material aurreratuen integrazioarekin, produkzio prozesuen hobekuntzarekin, energia eraginkortasunaren optimizazioarekin, sostengarritasunarekin eta balio erantsi handiko zerbitzu berriak martxan jartzeko prozesuekin, konbinazio hori funtsezkoa gertatuko da euskal industria lehiakortzeko eta kalitate handiagoko produktuak egiteko. Bestalde, euskal enpresek laguntza behar dute baita ere beren berrikuntza teknologikoak industrialki eskalatzeko.

“Laguntza handia behar da prototipo industrial batetik merkaturatzeko moduko produktu batera igarotzeko, batik bat produktu horiek fabrikatzeko teknologia eta prozesuak baliozkotzeko orduan”, azaldu du Cristina Oyónek.

Basque Industry 4.0 estrategiak alderdi hori ere artatu nahi du, eta horregatik eskaintzen ditu 4.0 teknologiak baliozkotzeko behar diren azpiegiturak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileen laguntzarekin. Baina ez ditu haatik ahaztu enpresen funtsezko gainerako premiak, adibidez, langileen edo 4.0 Industriako etorkizuneko profesionalen prestakuntza. Hala, Basque Digital Innovation Hub-ek fabrikazio aurreratuari buruzko prestakuntza espezifikoa ere eskainiko du.

Basque Digital Innovation HUB

Basque Digital Innovation Hub  Basque Industry 4.0 estrategiaren markoan sortutako ekimen bat da eta bere helburua da erraztasunak ematea euskal ETEei  4.0 teknologiak ezar ditzaten. Horretarako, BDIH ekimenak aktiboen sare konektatu bat jarriko du ETEen zerbitzura, ondoko hauez osatua: azpiegiturak, laborategiak, ekipamenduak, softwarea eta fabrikazio aurreratuaren inguruko gaitasun zientifiko-teknologiko berritzaile eta bikainak.

“Basque Digital Innovation Hub ekimenaren helburu nagusia da azpiegitura bat jartzea enpresen eta batik bat ETEen esku, azpiegitura horren bidez aukera izan dezaten prestakuntza jasotzeko eta fabrikazio aurreratuko 4.0 teknologiak probatu eta baliozkotzeko” azpimarratu du SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen arduradunak.

“Lehenik eta behin, euskal sektore industrialen egoera aztertu genuen klusterren bitartez. Haien laguntzari esker sei arlo teknologiko handi edo sei gune identifikatu genituen, zeintzuetan Euskadik badituen gaitasun zientifiko-teknologikoak, eta sei horien artean momentuz hiru lehenetsi ditugu: fabrikazio gehigarria, robotika malgu eta kolaboratiboa eta zibersegurtasuna. 2017an eta 2016aren amaieran katalogazio-lana egin dugu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak lehentasunezko arlo horietan dauzkan aktiboak identifikatzeko.

ZTBESeko kideei eskatu diegu dokumenta ditzatela beren ekipamendu fisikoen eta langileek dituzten gaitasunen funtsezko ezaugarriak. Gero nazioarteko adituen kanpo-ebaluazio baten pean jarri ditugu aktibo horiek,  euren laguntzaz ebaluatu dugularik beren bikaintasuna.

Azken urratsa izan da BDIHk aktibo horiek erabiliz eskain ditzakeen zerbitzuak definitzea eta gune bakoitzaren koordinatzaileak izendatzea, ETEek aukera izan dezaten koordinatzaile horiekin harremanetan jartzeko, eta, haien laguntzarekin, beren premia teknologikoentzako konponbide onena zein den jakiteko.  Lehenengo hiru gune horiek errealitate bat dira jadanik eta martxan daude; orain lortu behar duguna da enpresek jakin dezatela existitzen direla eta orobat jakin dezatela nolako zerbitzuak eskain ditzaketen” dio Cristina Oyónek.

Guneak

Fabrikazio Gehigarriko Gunean -Basque Digital Innovation Hub ekimenean integratua eta IK4-Lortek zentroak koordinatua- parte hartzen dute arlo horretako gaitasunak dituzten ZTBESeko eragile garrantzitsuenek, ETEen premiak aseko dituen zerbitzu onena eskaintzeko. Fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa da material bat manipulatzea eskala mikrometrikoan eta oso modu zehatzean ezartzea objektu solido bat eraikitzeko. Fabrikazio gehigarrian ez da tresnarik behar, eta posible da gizakiak diseinatu dezakeen edozein geometria erreproduzitzea, aukera handiak eskaintzen dituelarik kustomizaziorako. Hori dela eta, industriaren etorkizuneko funtsezko pieza izango da herrialde garatuenetan.

Basque Digital Innovation Hub ekimenak Robotika Malgu eta Kolaboratiboko Gunearen sorrera bultzatu du (kasu honetan Tecnaliak koordinatua), non parte hartzen duten arlo horretako gaitasunak dituzten ZTBESeko eragile guztiek, eta helburutzat dauka erantzuna ematea enpresek aplikazio robotizatuen esparruan dituzten premiei. Enpresen -eta bereziki ETEen- lehiakortasunerako palanketariko bat bihurtu da robotika, zeren enpresek beren prozesuak automatizatu behar baitituzte, fabrikazio aginduen aldaketetara azkar egokitzen diren konponbide malguekin. Etorkizunean, robot industrial, mugikor, malgu eta kolaboratiboek (cobot-ak) ordezkatuko dituzte eskuzko prozesuak.

Basque Digital Innovation Hub ekimenak hirugarren gune bat ere bultzatu du, Zibersegurtasunarena alegia (SPRIk koordinatua). Basque CyberSecurity Centre (BCSC)-Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa martxan jartzeak aukera emango du, batetik, enpresei laguntza eta alerta zerbitzu bat eskaintzeko zibersegurtasunarekin lotutako gertakarien inguruan. Bestetik, BCSCren helburua izango da orobat Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzea zibersegurtasunaren arloko teknologiak industrian aplikatzeko orduan, topagune bilaka dadila tokiko zibersegurtasun eskaintzaile eta eskatzaileentzat eta zuzendu ditzala tokiko zein nazioarteko lankidetzako ekimen publiko-pribatuak. Bere ekimen guztiak lerrokatuta daude Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileekin eta Eusko Jaurlaritzako beste eragile publiko garrantzitsu batzuekin (besteak beste, EJIE, Ertzaintza eta Hezkuntza Saila).

 

Basque Industry 4.0 eta RIS3

Basque Industry 4.0 lehentasunezko hiru esparruetako bat da Euskadiko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan (Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio/Osasuna). Gidaritza Taldeak zuzendutako lankidetza publiko-pribatua baliatuko da estrategia hori inplementatzeko, eta helburu nagusitzat izango du ezagutzan intentsiboa den fabrikazioa bultzatzea eta, bide horretatik, Euskadiren posizionamendua indartzea oinarri industrialeko ekonomia gisa. Horretarako, nano-teknologian, fabrikazio aurreratuko teknologietan eta IKTetan eginiko aurrerapenak eramango ditu euskal ekonomiako sektore industrial garrantzitsuenetara, hala nola metalera, makina-erremintara, garraiora, ingurumenera edo zerbitzu aurreratuetara.

4.0 teknologia ezagutu, probatu edo garatu nahi duzu?
Basque Digital Innovation Hub, martxan dagoen  errealitate bat  gaitasuna duena ezagutza eta zerbitzu zehatzak eskaintzeko Fabrikazio Gehigarri I Robotika Malgu I Zibersegurtasun sektoreetako enpresei

100dik gora 4.0 aktibo

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow