Basque Industry 4.0 ekitaldiaren bezperan egingo dira Basque Cluster Day ekimena eta Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua

10 azaroa, 2016
Basque Cluster Day logoa.

Topaketa hori Basque Industry 4.0 ekimenarekin (azaroaren 16an egingo dena Donostiako Miramar Jauregian) batera antolatu da, biak direlako RIS3 estrategiari buruzkoak.

Azaroaren 15ean, arratsaldez, euskal enpresa elkarteek barne jardunaldi bat egingo dute Basque Cluster Day egitasmoaren barruan.

Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua Donostian egingo da azaroaren 15ean, goizez, bertatik bertara aztertzeko egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen enpresen lankidetza-eredua.

 

Basque Cluster Day klusterrak bultzatzeko ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez antolatzen duena, eta aurten bere baitan hartuko du Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua Donostiako Miramar Jauregian, azaroaren 15ean. Hori guztia Kursaalen azaroaren 16an egingo den Basque Industry 4.0 ekitaldiaren barruan kokatzen da. Basque Industry 4.0-ren hirugarren edizioa izango da, eta bere xedea da foro bihurtzea 4.0 Industriak Euskadin planteatzen duen paradigma berriari buruzko esperientziak trukatzeko eta orobat plataforma izatea etorkizuneko perspektibak aztertzeko.

 

40 bazkide dituen FENAEIC-Enpresa Talde Berritzaileen eta Klusterren Federazio Nazionalak antolatzen du Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua. Kongresu horretan aztergai izango da RIS3, hau da, Europar Batasunak bultzatutako espezializazio adimenduneko estrategia, helburutzat duena eremu bakoitzaren garapen-ahaleginak sektore industrial jakin batzuetan zentratzea. Bestalde, eztabaida bat egingo da klusterrek 4.0 industrian eta enpresetan duten paperari buruz.

 

Arratsaldez, euskal klusterren barne jardunaldia egingo da, eta clusters3 proiektuaren bilakaera aztertuko da. Europak finantzatutako proiektu horren asmoa da eskualdeek klusterren sustapenean izandako esperientzien trukea bideratzea. Gainera, tailer bat egingo da elkarrekin eztabaidatzeko eta kasu praktikoak aurkezteko.

 

Eusko Jaurlaritzak Basque Cluster Day topaketa baliatu du urtero egingo den hausnarketa bati hasiera emateko. Gogoeta horretan aztertuko dira zeintzuk diren klusterren –beren zeregina delarik lankidetzaren bidez lehiakortasuna hobetzea- dinamismoa bultzatzeko funtsezko gaiak, batez ere euskal klusterrek RIS3 espezializazio adimenduneko prozesuaren barruan duten papera.

 

Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua enpresa-lankidetzaren erronkei buruz gogoeta egiteko helburua du

Klusterren IV. Nazioarteko Kongresua dela eta, Donostiako Miramar Jauregian bilduko dira enpresa-elkarte berritzaileen arduradunak eta erakundeen ordezkaritza zabala, enpresa-lankidetzaren erronkei buruz gogoeta egiteko. Gaur egungo testuinguruan sektore guztietan gero eta nabarmenagoa da aliantza-estrategien beharra eta horixe da ekimen honen zio nagusia. Kongresua Cluster.es, (Federación Nacional de Agrupaciones Empresariales Innovadoras y Clúster) erakundeak antolatu du GAIA Klusterra, Eusko Jaurlaritza –Spri, eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankide direla.

 

Aurtengo kongresuaren helburua da praktika onak eta gogoeta partekatzea geure inguruko ekonomia guztiek komunean duten erronka nagusiaren inguruan: nola garatu estrategia berritzaileak Espezializazio Adimenduna (RIS3) delakoaren esparruan, Europar Batasunak  bultzatuta. Testuinguru honetan finkatu ahal izateko, ahalegin publiko eta pribatuak nahitaez lerrokatu egin behar dira, eta beraz, enpresen arteko lankidetza indartu egin behar da. Eragile publiko eta pribatuen arteko topaketarekin, eta egitarauan aurreikusitako gaikako eztabaidekin, proposamen zehatzak eginez ekarpena egin nahi da, honezkero abian diren praktika onak ezagutuz eta aintzat hartuz.

 

Kluster erakundeen ordezkaritza zabala izango da Donostian, eta beraiekin, era guztietako erakundeen ordezkariek ere parte hartuko dute. Horrez gain, lan-jarduna ere antolatu da inter-lankidetzako ekimenetan parte hartzen ari diren enpresekin, “helburutzat” hartu diren merkatuetan negozio-aukerak lantzeko: osasuna eta etxeko asistentzia, talentua eta teknologia digitala, industria-prozesuen automatizazioa, konektatutako produktu eta zerbitzu adimendunak, eta industria-prozesuak laguntzeko zerbitzuak.Kongresuaren agenda biribiltzeko, Enpresen arteko Lankidetzaren III. Saria emango da, Cluster.es erakundeak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow