Basque Industry 4.0 aurten zibersegurtasuna ardatz hartu da

16 November, 2017
Arantxa Tapia sailburua, bere ekipoarekin.

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du 2.000 lagun inguru bilduko dituen jardunaldia. Arantxa Tapia sailburuak Euskadin Basque Industry 4.0 estrategian lortutako emaitzak eta ekimenak aurkeztuko ditu Kursaalen

Jardunaldian osoko saio bat izango da eta hitzaldi nagusi bat Krystyn Van Vliet Massachusetts Institute of Technology instututuko zuzendariaren eskutik. Horrez gain, saio paraleloak izango dira sektoreka, startup-entzako guneak eta erakusketa-eremu bat 43 erakusmahairekin

Javier Diéguez Basque Cybersecurity Centre-ko (BCSC) zuzendariak zentro horren aurkezpena egingo du, etaManuel Salaverria Basque Industry 4.0 pilotatze-taldeko zuzendariak Basque Digital Innovation HUB sarea aurkeztuko du jendaurrean, bi-biak segurtasun informatikoa bermatzeko eta ETE-ei laguntzea xede duen sareko eta fabrikazio aurreratuko komunitate bat sortzeko ekimenak

Biltzarra, orobat, BIND 4.0 ekimenaren 2017ko edizioko startup finalisten eta programa horretan parte hartzen duten industrien arteko topagune izango da. Hala, Kursaalen bertan elkarrizketak egin ahal izango dituzte, eta arrakasta izan duten aliantzen adibideak eta erakuskaldiak erakatsi ahal izango dituzte.

Biltzarrak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean izango du jarraipena biharamunean, teknologia disruptiboei buruzko jardunaldi batekin

SPRIren web-orrian (www.spri.eus) egin daiteke izen-ematea

 

Donostiako Kursaal jauregiak “Basque Industry 4.0” biltzarra hartuko du azaroaren 22an, Euskadin 4.0 Industriaren erreferentziazko ekitaldiaren laugarren edizioa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRIren bidez antolatutako biltzar honetan, laugarren industria-iraultzari buruzko gaiak jorratzen dira enpresa, kluster, teknologia-zentro eta unibertsitateen eskutik, eta, aldi berean, informazioaren teknologia berriak ekoizpen-prozesuetan txertatzea sustatzen da. Bertaratzen diren 2.000 lagunek (duela lau urteko lehen edizioan bildu zirenak baino hiru aldiz gehiago) jardueren egitarau zabala eta osoa izango dute. Aurten, zibersegurtasunari eskainiko zaio arreta berezia.

 

Biltzarra Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du, eta, ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Basque Industry 4.0 estrategiaren azken berrikuntzak aurkeztuko ditu. Urterik urte topagune hau sendotzen ari da, bertan biltzen baitira industria-iraultza berri honen eragile eta protagonista guztiak, eta, horri esker, Euskadi munduko eskualde erreferenteen artean sendotzen ari da teknologia berriek fabrikazio-prozesuetan eskaintzen dituzten ahalmenen aprobetxamenduan.

 

Zibersegurtasunari buruzko master class-a

Aurtengo biltzarrean herrialde mailako estrategia horren barnean bi ekimen garrantzitsu aurkeztuko dira, asmo handiko bi proiektu: Basque Cybersecurity Centre (BCSC) eta Basque Digital Innovation HUB. Beraz, bertaratzen direnek lehen eskutik jakin ahal izango dute horien berri. Lehena SPRIk kudeatutako zentro bat da, eta bertan bilduko dira zibersegurtasun arloko jarduera-ildo guztiak: prestakuntza, ekintzailetasuna, berrikuntza, homologazioa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak. BCSCk Jaurlaritzako hainbat sail biltzen ditu (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Hezkuntza eta Gobernantza Publikoa), bai eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak ere (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa BCAM). Javier Diéguezek zuzenduko du gorabehera informatikoei erantzuteko lantalde hori; hain zuzen, aurtengo topaketa itxiko duen master classa emango du Diéguezek.

 

Digital Innovation Hub, euskal enpresa txiki eta ertainen zerbitzura

Bigarren ekimena, Basque Digital Innovation HUB, I+Gko azpiegiturek, lantegi pilotuek eta fabrikazio aurreratuko esparruetan espezializatutako teknikari adituek osatutako sare bat da (modu digitalean lotua). Industria-enpresak, eta bereziki enpresa txiki eta ertainak 4.0 Industriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun teknologikoz hornitzeko xedearekin eratu da sare hori. Fabrikazio Aurreratuko estrategiaren esparruan eta RIS3ren babesean jarri da martxan ekimena. Basque Industry 4.0 pilotatze-taldeak koordinatuko du fabrikazio aurreratuko komunitate hori; hain zuzen, talde horren zuzendari eragileak ere, Manuel Salaverriak, hitzaldi bat emango du biltzarrean.

Zerbitzu berritzailea eta garrantzi handikoa da abangoardiako teknologiak garatzen dituzten enresa txiki eta ertainentzat.

 

Krystyn Van Vliet, MIT institutuko berrikuntza arloko arduraduna, Kursaalen

Horrez gain, biltzarrean aukera izango da nazioarteko entzute handiko zentroen esperientzia eta garapenen berri jakiteko. Esaterako, Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuko Berrikuntza arloko arduradunak, Krystyn Van Vlietek, lantegi adimenduna egunerokotasunean nola txertatuta dagoen eta horrek zer eragin duen azalduko du. Horixe da, hain zuzen, hitzaldiaren izenburua: ‘Fabrikazio digitalak nola aldatzen du gure lan egiteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua?’.

 

Hainbat aditu, hala nola Jorge Arévalo, Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordea; Álvaro Fraile, ITS Security enpresako zuzendari nagusia; Pablo García, Deustuko Unibertsitateko industria digitalari buruzko katedraren zuzendaria eta Beatriz Ruiz, S21sec enpresako giza baliabideetako zuzendaria, mahainguru batean ariko dira lanbide-profilak industriaren erronka berrietara egokitzeari buruz.

 

Aurten, lehen aldiz, biltzarraren egitaraua hiru adarretan banatuko da, jardunaldi berean esparru eta teknologia estrategiko espezializatuak aztertzeko. Alde batetik, kubo txikiko areto banatan lau sektore hauek aztertuko dira: energia, automobilgintza, makina-erraminta eta aeronautika. Beraz, sektore horietan interes berezia dutenek aukera izango dute puntako enpresen arrakasta-kasuen berri jakiteko. Besteak beste, enpresa eta kasu hauek aztertuko dira: Soraluce (Danobat taldea), Ekin, Ona Electroerosión, Ingeteam, Microdeco, Lazpiur, ITP, Aernnova, Siemens-Gamesa, Nem Solutions eta Ormazabal.

 

Hurrenez hurren, honako aditu hauek izango dira saio horietan moderatzaile: José Ignacio Hormaeche, Energiaren Klusterreko zuzendari nagusia; Mikel Lorente, Euskadiko Automozio Klusterreko (Acicae) eta Automotive Intelligence Centerreko (AIC) zuzendari teknikoa; Patricia Tames, AFMko zuzendariondokoa; eta Ana Villate, Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterreko (Hegan) zuzendaria.

 

Horien ondoren, 4.0 Industriarako teknologia bideratzaileei buruzko saioak hasiko dira. Hitzaldi horietan, puntako enpresetako ordezkariek cloud computingean, robotika kolaboratiboan, sistema ziber-fisikoetan, errealitate birtual eta areagotuan, zibersegurtasun industrialean, gizona-makina interfaze aurreratuetan, big datan eta fabrikazio gehigarrian sortu diren azken berrikuntzak jorratuko dituzte. Zehazki, Irontec Internet y Sistemas, Tecnalia, Nextel, Ulma Handling, Nuavis, Sariki, Sarenet, Gaiker-IK4, Dimensión Data, Ikusi, Cartonajes Igamo eta Zylk enpresetako ordezkariek azalduko dituzte kasuok.

 

Bind 4.0: Start up-ak eta enpresa trakziogileak uztartzen

Programaren bigarren adarra, Brokerage BIND 4.0 izenekoa, BIND 4.0 programaren 2017ko edizioko startup finalisten eta ekimenean parte hartzen duten industrien topagune izango da. Enpresen azeleratzaile publiko-pribatu hori ere biltzarrean izango da, ohiko industrien eta gora bidean diren enpresen arteko aliantzaren bidez arrakasta izan duten kasu batzuk aurkezten. Ekimen honen baitan, Bihartech, Decidata, Innovae eta Algo Engines startup-ek, hurrenez hurren, TRENASA (CAF taldea), Euskatel, ABB eta Nabla Wind Power (Alcor taldea) enpresentzat garatu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte azken hauek.

 

Bind 4.0 azelerazio-programa honen nazioarteko bigarren deialdian 385 startup aurkeztu dira, eta horiek guztiak aztertu ondoren, 50 finalista hautatu dira lanerako. Hain zuzen, aurrez hautatutako startup horiek aukera izango dute Kursaaleko jardunaldian ekimen honetan esku hartzen duten Euskadiko enpresa industrialekin bertatik bertara biltzeko eta elkarrizketatzeko, modu horretara 4.0 proiektuen inguruan txikien eta handien uztarketa hauek ixteko.

 

 

Hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak eta erakusketa-eremua paraleloan

Bestalde, aurreko urteetako arrakastaren ondoren, GAIA Telekomunikazio Klusterrak, Basquegame Lab-ekin elkarlanean, gamifikazio-teknologiei buruzko tailer praktikoak antolatuko ditu aurten ere (Errealitate birtuala, Errealitate areagotua, Simulazioa…). Aurten, Fagor Arrasate, Ibérmática, Gestionet, Virtualware, Ideable, Binary, Innovae, Solid Virtual, Tak Learning eta beste hainbat enpresa izango dira laguntzaile tailer horietan.

 

 

Erakusketa-eremua kubo txikian

Ekitaldia osatzeko, erakusketa-eremu bat izango da; gune horretan, 4.0 Industriarako soluzioak eskaintzen dituzten 44 euskal enpresek beren proposamen teknologikoak eta zerbitzuak aurkeztuko dizkiete bertaratuei, eta aukera izango dute enpresa-lankidetzarako hartu-emanak bideratzeko edo aliantzak hitzartzeko. Orobat, ekitaldi osoan egokiera izango da networkingerako, ikuspegiak partekatzeko, aurkezpen-txartelak trukatzeko eta kontaktuak egiteko.

 

Biltzarrera bertaratzeko interesa duten pertsonek Basque Industry 4.0. The Meeting Point 2017 web-orrian eman dezakete izena.

 

Kursaaletik Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkera

Azaroaren 22ko Kursaaleko biltzarra izango da aurtengo BASQUE INDUSTRY 4.0 edizioaren jardunaldi nagusia, baina hori amaituta, biharamunean, hitzaldi interesgarri bat izango da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean: “2020tik harago: Teknologia disruptiboak”. Hain zuzen, azaroaren 23an APTE Espainiako Parke Teknologikoen Elkartearen XV. Nazioarteko Biltzarra egingo da Gipuzkoako Parkean, eta horren harira antolatu da aipatutako hitzaldia. Ekitaldi horretan, hainbat arlotako adituek gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dituzte: 3D inpresioko azken garapenak, nanoegiturak, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, big data, Gauzen Internet, terapia genikoak eta energia berriztagarriak, besteak beste.

 

Halaber, teknologia horietako bakoitzari buruzko aurkezpenez gain, lehen mailako bi hizlari ere izango dira hilaren 23ko jardunaldian, teknologia horiek eguneroko bizimoduan duten presentzia gero eta handiagori buruz eta teknologia horien alderdi nagusiei buruz hitz egiteko. Batetik, Barack Berkowitz, MIT Media Lab enpresako Operazio eta Estrategia zuzendaria eta MarketCentrix enpresaren sortzailea (kontsumo-estrategien aholkularitza-enpresa hori Apple, Sony, Fujifilm eta beste hainbat enpresarentzat aritu izan da lanean) berrikuntzek enpresetan duten eraginari buruz ariko da. Beste hizlaria, Silvia Leal, ekintzailetza digitala eta beste zenbait gaitan Europar Batzordeko aholkularia eta IEko teknologia-programen zuzendaria, berriz, teknologia horiek pertsonengan duten eraginari buruz ariko da.

 

Espainiako Parke Teknologikoen Elkartearen (APTE) XV. Nazioarteko Biltzarra ekitaldi irekia da, eta izen-ematea doan da. Beraz, pertsonen bizitza aldatzen ari den berrikuntzei buruz, ekoizteko, kontsumitzeko, erlazionatzeko eta bizitzeko beste modu bat ekarri duten teknologia horiei buruz gehiago jakiteko interesa duten pertsona guztiek aukera izango dute bertaratzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow