Basque Cybersecurity Centre-k ezagutzera eman ditu zein negozio-aukera dakartzan zibersegurtasunak euskal industriarentzat

12 abendua, 2017

BCSCko zuzendari Javier Diéguezek esan du Europako fabrikatzaile urritasunari etekina aterako diola Euskadi bezalako komunitate berritzaile eta lehiakor batek.

 

Bilbon eginiko jardunaldi batean, euskal enpresei esan die barneko segurtasun azterketa bat egin behar dutela.

 

Eraso informatikoak gero eta ugariagoak dira eta enpresak gero eta kezkatuago daude segurtasunarekin, baina egoera horrek aukera berriak ere badakartza berekin. “Negozio-eredu berriak ari dira sortzen. Europar Batasunean kezka sortu da zibersegurtasun arloko fabrikatzaile ezagatik. Aukera paregabea da Euskadirentzat, erakutsi ahal izango baitu komunitate berritzaile eta lehiakorra izan dela betidanik”, adierazi du astearte honetan Bilbon Javier Diéguezek, Eusko Jaurlaritzak sortutako Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zerbitzu berriko zuzendariak.

 

Diéguezek Bilboko Merkataritza Ganberak eta IBM enpresak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, non hizpide izan baitu zibersegurtasunak enpresen kudeaketan duen inpaktua. Honelaxe definitu du Basque Cybersecurity Centre: “zibersegurtasuneko eskaintza eta enpresak elkarrekin harremanetan jarriko dituen zerbitzua. Ez dugu industriarekin lehiatu nahi. Euskadin badugu zibersegurtasuneko enpresaz osatutako sare bat, eta hori ez da oso ohikoa inon, salbu eta Estatu Batuetan, Israelen eta Erresuma Batuan”.

 

BCSCk Eusko Jaurlaritzako lau sail barne hartzen ditu  (Gobernantza, Segurtasuna, Hezkuntza eta Ekonomi Garapena eta Azpiegiturak), eta zuzendariak esan du urteko 1,5 milioi euroko aurrekontua duela.

 

Diéguezek azpimarratu du gaur egungo industrian eszenatoki berriak daudela. “Robotak pertsonen ondoan bizi dira, eta gai dira elkarreragiteko eta ikasteko. Eta ez da erasotzen dibertsioagatik, baizik eta arrazoi geopolitiko eta ideologikoengatik.  Benetako industria profesional bat sortu da hortik. Ziber-gerra errealitate bat da”.

 

Hauxe esan zuen Wannacry-ri buruz (joan den maiatzean mundu osora zabaldu zen eraso informatikoa) : “proba moduko bat izan zen, gauzak nola zeuden aztertzeko”. Horregatik, enpresei eskatu die “definitu ditzatela barne- eta kanpo-perimetroak, eta bereiz ditzatela. Oro har uste da zibersegurtasuna oso zaila dela ezartzeko, baina gauzak ez dira horrela. Ez dugu beldurrik izan behar. Ez da hain konplexua, ezta horren garestia ere, eta ez dauka halako inpakturik”. Aipatu du gero eta gailu integratu gehiago dauzkagula, “eta oso jatorri desberdinetakoak gainera. Arrisku horrekin bizitzen eta hori kudeatzen ikasi behar dugu”.

 

Javier Diéguezek azpimarratu du gero eta zailagoa dela eraso informatikoak detektatzea. “Sofistikatuagoak dira” adierazi du. Enpresei esan die argi eta garbi mugatu behar dutela beren segurtasun perimetroa, jakiteko “non dauden arrakalak. Egin dezatela barne-errekonozimendu bat. Horixe da Basque Cybersecurity Centre-k datorren urtean bultzatuko duen proiektuetako bat”.

 

Baina zibersegurtasunaren munduak aukera eta merkatu nitxo berriak ere ekarri ditu berekin. Diéguezek azpimarratu du zibersegurtasun-fabrikatzaile gutxi daudela, eta daudenak AEBetan edo Israelen daudela, “eta gutxi batzuk Erresuma Batuan. Europan oso gutxi daude, eta Europar Batasuna kezkatuta dago gabezia horregatik”. Euskadi oso posizio onean dago, hemen baitaude Panda Security eta Sealpath, adibidez. Hala, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroko zuzendariak ziurtatu du aukera bikaina dela Euskadirentzat, beti izan baita “komunitate berritzailea eta lehiakorra”.

 

IBM taldeko Viewnext enpresako zibersegurtasun zuzendari Antonio Navasek esan du erasoen %25 antolakundeen barrutik datozela eta kanpotik datozen %75 horien barruan, “%80k zerikusia dutela pasahitzekin”.

 

Bere esanetan, mundu osora zabaldu zen Wannacry erasoak argi utzi du “beharrezkoa dela sistema bat sortzea, zeinak automatikoki ezarriko baititu partxe kritikoak, hau da, mehatxuak ez zabaltzeko segurtasun geruzak, edo halakorik ezean, segurtasun gertakariei erantzuteko lantalde bat behar dugula”.

 

Enrique Serranok, IBMko segurtasun arduradunak, aipatu du 2020an ia 21.000 milioi euro egongo direla inbertituta babesa behar duten gailuetan eta 8.000 milioitik gorako galerak sortuko direla. Eta beste datu argigarri bat ere eman du: “Narkotrafikoak ziber-krimenak baino diru gutxiago ematen du iaztik”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow