Adimendun estaldurak nanofilmei buruzko ECNF 2016 biltzarrean

26 urria, 2016
Nanofilms conferencia

Lodiera txikiko estaldurak dira nanofilmak, eta materialen azaleko propietateak aldatu eta material horiek zeregin berriz hornitzeko erabiltzen dira. Askotariko ezarpenak dituzte irtenbide horiek, eta europar ekonomiarako oso garrantzitsuak diren sektoreetara hedatzen da horien erabilera; esaterako, eguzki-energiara, automobilgintzara edo sektore oftalmikora.

 

Arlo horretako ikerketa bultzatzeko xedez, Bilbok nanofilmei buruzko ECNF 2016 biltzar europarraren laugarren edizioa hartu zuen pasadan astean UPV/EHUko Bizkaia aretoan.

 

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolatu zuen konferentzia, eta zientifikoen, erakunde ikertzaileen eta sektore pribatuko ordezkarien artean ezagutzak partekatzeko foroa eratu nahi izan zuen. Era berean, nanofilmen eta estaldura aurreratuen ikerketan eta garapenean sartuta dauden eragile ezberdinen arteko loturak indartzeko xedea ere bazuen biltzarrak, etorkizunera begirako lankidetza-bide berriak esploratzeko.

 

Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendariak ireki zuen ekitaldia, eta Wolfgham Diehl Fraunhofer IST institutuko zuzendariaren hitzaldia entzuteko aukera izan zen. Estaldurei eta nanofilmei zuzendutako munduko ikerketa-zentro nagusiaren burua da Wolfgham Diehl.

 

Hitzaldi-hautapen oparoa jaso zuen egitarauak, eta honelako gaiak jorratu ziren: estaldura tribologikoak, nanopartikuletatik nanoegituratutako estalkietara abiatzeko prozesuak edo litiozko ioiak dituzten baterietan aplikatzeko material berriak, besteak beste.

 

“Eguneroko bizitzan aurki ditzakegu nanofilmak. Gure betaurrekoen leiarretako islen aurkako estalduretan, patata frijituen zorroen metalizatuan, eguzkiaren energia energia elektriko bihurtzen duten modulu fotovoltaikoetan, motordun osagaien marruskadura gutxiko estalduretan…”, baieztatu zuen Javier Barriga IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak, irtenbide horien garrantzia erakuste aldera.

 

Ikerketa-xede zabalaren barruan, IK4-TEKNIKER 1990etik ari da lanean nanofilmen karakterizazioan. Aldi horretan, energia berriztagarrien edo motorraren sektorerako ikerketak egin ditu, bai eta hainbat garapen lortu ere; adibidez, eguzki-estaldura xurgatzaileak, islen aurkako estaldurak eta estaldura hidrofoboak edo babesgarriak, beste ezarpen batzuen artean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow