“4.0 Industria funtsezko inbertsioa da etorkizunerako”  

27 urria, 2017
Gestamp-ko instalazioak.

 

Gestamp enpresak “smart data” teknologiak, robotika kolaboratiboa, fabrikazio gehigarria edo errealitate birtuala erabiltzen ditu bere fabrikazio prozesuetan

 

Gestamp bere 20. urteurrena ospatzen ari da aurten eta automobilaren sektoreko mundu mailako erreferentziazko multinazional bihurtu da. 36.000tik gora langile enplegatzen dituzten 100dik gora lantegi industrial dauzkalarik 21 herrialdetan, ibilgailu arin eta seguruagoak ekoizteko osagaien diseinu, garapen eta fabrikazioan espezializaturik dago.

 

Konpainiak hazkunde azkarra izan du, besteak beste, progresiboki aplikatu dituelako produktu eta teknologia berriak. Horri esker, lider bihurtu da automoziorako osagaien diseinu eta fabrikazioan, eta automobilaren sektoreko munduko fabrikatzaile garrantzitsuenetakoa da. 2017ko lehen seihilekoan Gestamp-ek 4.131 milioi euro fakturatu zituen, 2016ko lehen seihilekoan baino %10,4 gehiago, eta 452 milioi euroko ustiapen-irabazi gordina (EBITDA) erregistratu zuen, hau da, aurreko urtean baino %11,1 gehiago.

 

Gestamp konpainiak esperientzia handia dauka 4.0 Industriako teknologiak aplikatzen bere fabrikazio prozesuetan, dela energia aurrezteko konponbide adimendunak, dela “big data” edo dela sentsorikaren arloko beste teknologia batzuk.  “Detektatzen dugu zein eremutan sor dezakegun balioa, aztertzen dugu zein den ekimena aurrera eramateko modurik onena, eta horrela aukeratzen ditugu proiektuari ongien egokitzen zaizkion lantegi eta ekipoak, eta beharrezko bada, baita ere bazkideak. Azkenik, pilotuak emaitza onak ematen baditu, antzeko beste lantegi batzuetara eramaten dugu programa” azaldu du Beatriz González Ciordiak, Gestamp enpresako Europa Iparraldeko Dibisioko operazio-zuzendariak.

 

“Smart data”

Teknologia bideratzaileen arloan, azken urteotan Gestamp datuen analitikan zentratu da, eta multinazionaleko arduradunak esan duenez: “Gestamp-ek datu kopuru handiak erabiltzen ditu bere fabrikazio prozesuetan; datu horiek monitorizatu egin daitezke eta informazio garrantzitsua eman dezakete. “Big data” baino gehiago  esango genuke “Smart data” dela.  Nahiko erraza da prozesu industrialetatik datu kopuru handiak lortzea. Zailagoa da, ordea, datu horiek erabiltzea prozesuak, eraginkortasuna, produktuaren kalitatea, malgutasuna, e.a. hobetzeko.  “Big data” “Smart data” bihur dadin, ezinbestekoa da operazioen munduaren kolaborazioa eta inplikazioa lortzea, eurek dutelako prozesuei buruzko ezagutza. Behin barne-ezagutza digitalizatu ondoren hasten dira garrantzia hartzen analitika aurreratuko teknikak, eta teknika horiei esker posible da gauza konplexuagoak egitea, benetako aurrerapenak ekarriko dituztenak egun daukagunarekin alderatuta”.

 

Gestampek datuen analitika erabiltzen du zenbait piezaren fabrikazioa hobetzeko, baina, horrezaz gain, lehenengoetakoa izan da “big data” erabiltzen prozesuetan kontsumitzen den energia kopurua murrizteko. “Gure lineak monitorizatu ditugunez, hainbat inefizientzia detektatu ditugu, eta horri esker %15 murriztu dugu energia kontsumoa  proiektua ezarri den 14 lantegietan.  Energia eraginkortasunarena izan zen 4.0 Industriari buruz garatu genuen lehen proiektua. 2014aren amaieran hasi zen programa, eta 2015aren hasieran pilotu izateari utzi zion, berehala ikusi genuelako bazuela potentziala. Erabaki genuen Europan dauzkagun 14 lantegietan ezartzea, nahiz eta garatzen jarraitu dugun beste lantegi batzuetara zabaltzeko” jakinarazi du Beatriz González Ciordiak.

 

Datuen analitikarekin jarraituz, badugu 4.0 Industriaren arloko beste adibide bat: beroko estanpazio lineen monitorizazioa. “Beroko estanpazioa da gure teknologia garrantzitsuena -75 linea baino gehiago ditugu munduan-, eta mantenimendu prediktiboa aplikatu nahi dugu gure produkzio-lineetan, monitorizazioari esker, sor daitezkeen arazoei aurre hartzeko. Geldialdiak saihestuz denbora eta diru asko aurrezten dute bai bezeroek eta bai Gestamp-ek berak” azaldu dute enpresako arduradunek.

 

Enpresen arteko lankidetza

Egoitza Euskadin duen konpainia horrek pentsatzen du badirela garrantzi bereko beste teknologia batzuk, beren fabrikazio edo prototipatu prozesuei balio erantsia eman diezaieketenak. “Baditugu zenbait proiektu, zeintzuetan robotika kolaboratiboa den teknologia garrantzitsuena; fabrikazio gehigarria ere erabiltzen dugu serieko fabrikazioarekin funtzionatzen ez duten prozesuetan; eta errealitate birtuala ere bai mantenimenduarekin edo prestakuntzarekin zerikusia duten proiektuetan, adibidez.  Nolanahi ere, proiektu guztietan erabili behar izaten dira elkarren osagarri diren hainbat teknologia, finkatuta dauden helburuetara iristeko” azpimarratu du Beatriz González Ciordiak.

 

Gestamp konpainiak badaki zein garrantzitsua den eraldaketa digitalean inplikatutako sektore desberdinen arteko lankidetza. “Aurrera bagoaz ere, klusterren eta proiektu publiko-pribatuen bitartez, are gehiago bultzatu behar da trakzio indarra egiten duten enpresa handien, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta ETEen arteko lankidetza. Eta Euskadin badago makina-erreminta sektore indartsu bat, aukera berri hori ongi aprobetxa dezakeena industrian balioa sortzeko” nabarmendu du Gestamp enpresako arduradunak.

 

4.0 Industriari lotutako erronkei dagokienez, González Ciordiak azpimarratu du sektoreko egungo nahiz etorkizuneko langileen hezkuntza eta prestakuntza dela erronka garrantzitsuenetako bat: “Garrantzitsua da talentu berria aurkitzea eta lehendik dagoena garatu eta prestatzea, gure premiak garatzen diren erritmo esponentzial berean. Enpresako sail guztietan saiatzen gara prozesuak hobetzen eta baliabideak optimizatzen, betiere teknologia arloko azken nobedadeak erabiliz. Beti ahalegintzen gara kostuak aurrezten, lehiakor izateko behar ditugun bitartekoak kaltetu gabe. 4.0 Industria funtsezko inbertsioa da etorkizunerako eta horregatik arlo horretara bideratzen ditugu gure ahalegin guztiak”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow