Sprilur Taldeko bi industrialdek jaso dute kalitatearen Q bereizgarria, enpresa-guneentzako Europako estandar bakarra

19 urtarrila, 2018

Gizaburuagako Okamika eta Arteako Bildosola industrialdeek betetzen dituzte “Kalitatezko Enpresa Parkea” Europako estandar bakarrak eskatzen dituen 171 baldintzak.

Hauek dira ebaluazioan kontuan hartzen diren aldagai batzuk: azpiegituren kudeaketa maila eta kalitatea, mantenimendua, enpresekiko harremanak eta haien arteko sinergiak, arreta eta komunikazioa, baliozko zerbitzuak…

Enpresa-guneen Espainiako Koordinakundeak eta AENORek ebaluatu dituzte enpresa-gune horiek eta erabaki dute kalitatearen “Q” bereizgarri gorena merezi dutela.

 

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak Gizaburuagan (goizeko 10:00etan) eta Artean (eguerdiko 12:00etan) eginiko ekitaldi instituzionaletan jaso du Gizaburuagako Okamika eta Arteako Bildosola enpresa-guneei emandako kalitatearen Europako bereizgarria Espainiako Enpresa-guneen Koordinakundeko (CEPE) presidente Alejandro Sáenz de San Pedroren eskutik. Ekitaldian izan dira orobat Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresen Sustapenerako zuzendari Gorka Estebez, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola, Lea Ibarra Mankomunitateko tokiko ordezkariak eta Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa, Artea eta Arantzazuko alkateak. Bertan izan dira baita ere Txaber Ouro Sprilur-en izenean eta Luz Emparanza AENORen izenean.

 

Gizaburuagako Okamika eta Artea-Arantzazuko Bildosola enpresa-guneek Estatu mailako “Kalitatearen Q” akreditazio gorena jaso dute. Enpresa-gune horiek Industrialdeak Programan integratuta daude, non parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzak (SPRILUR), Bizkaiko Foru Aldundiak (Azpiegiturak) eta eskualdeko udalek. “Polígono Empresarial de Calidad-Kalitatezko Industrialdeak” kalitate estandarrak enpresa-guneen kudeaketako praktika onak saritzen ditu, espreski baloratuz eta baliozkotuz azpiegituren gaitasuna eta kalitatea, zerbitzuak, enpresa-gunearen kudeaketa, sortzen diren jarduera-sinergiak, mantenimendua eta inguruneari egiten dizkioten bestelako ekarpenak.

 

Okamika eta Bildosola enpresa-guneek 171 baldintza bete behar izan dituzte segurtatzeko balio handiko guneak direla eta aberastasuna sortzen dutela lurraldearentzat. Beraz, biak dira Q markadun “Kalitatezko Industrialdeak” eta horixe irudikatu nahi izan da herri bakoitzean egin den ekitaldian, non ziurtagiri eta bandera bana eman baitzaizkie bakoitzaren kalitatearen eta ezaugarrien bereizgarri gisa.

 

Kalitatearen Q bereizgarria lortzeko, Okamika eta Bildosola industria-guneek ebaluazio bat gainditu behar izan dute, zeinetan neurtu diren hainbat arlotako aldagaiak: batetik, azpiegiturak, kontuan hartu direlarik aldagai oinarrizkoenak, hots, enpresa-gune gehienetan aurki daitezkeenak, eta baita ere beste alderdi batzuk, adibidez, euri-urak eta ur beltzak bereizteko sareak, telekomunikazioen kalitatea, suteen aurkako sareak, argiztatze-sistema eraginkorrak, eta tokiko agente eta erakundeekin batera poligonoarentzat diseinatutako larrialdietarako plan berezi bat. Era berean, kalitate marka lortzeko garrantzitsuak izan dira eskaintzen diren mantenimendu-zerbitzuak, gune berdeak, saihesbideak, gune komunak, eta abar. Hau da, poligonoetako lursail eta eremuak usagarritasun eta bizigarritasun estandarren arabera ebaluatu dira, estandar horiek eragozten baitute gune horiek zabortegi bilakatzea. Kalitatearen Q bereizgarriak orobat baloratzen ditu enpresekiko harremanak eta haien arteko sinergiak, laguntza pertsonalizatua eskaintzea, beren premiak asetzea, kontsulta eta eskaerei erantzutea eta prestakuntza nahiz informazio baliagarria eskaintzea. Baliozko zerbitzuei dagokienez, kontuan hartu dira segurtasuna, zaintza pribatua, enpresa-sarearekin dauzkan komunikazio-kanalak, lurraldearekin, mankomunitateekin eta tokiko erakundeekin dauzkan harremanak, interes orokorreko zerbitzuen ekarpena eta inguruko gizarte-, ekonomia- eta ekintzailetza-jardueretan duen eragina.

 

Zer egin behar da “Kalitatezko Enpresa-gune” izateko?

 

Estandar eredu horren bidez segurtatu nahi da jarduera ekonomikoko guneak balio handiko guneak direla eta aberastasuna sortzen dutela kokatuta dauden lurraldearentzat. Espainiako Enpresa-guneen Koordinakundeak (CEPE) erregistratu du marka hori AENORekin batera, eta azken horrek ikuskatzen eta ziurtatzen du baldintza neurgarriak eta bete beharreko helburuak betetzen direla.

 

Ondoko hauek eska dezakete “Kalitatezko Industrialdea-Polígono Empresarial de Calidad” marka edo bereizgarria: udalek, foru aldundiek, erakunde sustatzaileek, kontserbazio erakundeek, jabe komunitateek edota enpresari elkarteek, besteak beste. Baina are gehiago, kalitate eta bikaintasun marka hauek onuragarri izango zaizkie baita ere lurraldeko enpresa elkarteei, langileei, kudeaketa erakundeei, udalei eta oro har erabiltzaileei, denei ekarriko baitie balio erantsia, lehiakortasuna, ongizatea eta garapen ekonomikoa.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak, Sprilur eta Industrialdeak sozietateen bitartez, 2017. urtearen hasieran ekin zion Kalitatearen Q marka eskuratzeko prozesuari, helburutzat harturik indarra ematea Euskadiko enpresa-guneen markari eta eskaintzen dituzten zerbitzuei, ekonomiaren motor baitira kokatzen diren eskualdeetan.

 

 

Zentzu horretan, jardunbide egokiak eta hobekuntzarako eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko neurriak onuragarriak dira lurraldeko ekonomia sustatzeko eta enpresen lehiakortasuna eta posizionamendua hobetzeko merkatu globalean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow