Sprilur pabilioi eta bulego berriak eraikitzen hasi da Bergaran

14 September, 2017

Bergarako Larramendi Industrialdean eraikin industrial bat, eraikin komertzial bat eta inguruko urbanizazioa egingo dira. Eraikin industrialak 7.650 m² izango ditu, eta komertzialak 765 m², hiru solairutan banatuta. Inbertsioa 2,76 milioi eurokoa izango da eta eraikuntza-lanak 11 hilabete iraungo du.

Elena Lete, Bergarako alkatea, eta Txaber Ouro, Sprilur-eko zuzendaria, Bergarako Larramendi industrialdean izan dira gaur eta hasiera eman diete 8.415 m²ko lur-azaleraren atontze-lanei, lur horretan Debagoienako industria eta zerbitzu enpresak koka daitezen.

 

Lanen barruan bi eraikin egingo dira, bata 7.650 m²ko eraikin industriala (C lursaila) eta bestea hirugarren sektorerako 765 m²ko bat (K lursaila); orobat egingo dira urbanizazio-lanak, eta horiekin guztiekin eraikin industrial bat lortuko da, 17 pabilioi modular izango dituena: 510 m²ko 9 pabilioi eta 380 m²ko 8 pabiloi, 10 metroko altuerakoak.

 

Bestalde, hirugarren sektorerako eraikinak -eraikin komertzialak- 3 solairu izango ditu (behealdea + 2 solairu), bakoitza 255 m²koa. Beheko solairuak ez du hormarik izango, eta goiko bi solairuetan 100na m² inguruko bulegoak egingo dira.

 

Aurreikusitako exekuzio epea 11 hilabetekoa izango da, lanak 2018ko urte bukaerara arte luzatuko direlarik, eta lokal berriak eraikitzeko inbertsioa 2,76 milioi eurokoa izango da.

 

Larramendi industrialdeko enpresa eta erakundeek Sprilur-i adierazi ondoren industrialde horretan jadanik urbanizatuta dagoen lurzoru eskaintza osatzea nahi zutela, Sprilur-ek erabaki zuen lursail bateko eskaintza mota eta tamaina aldatzea (pabilioiak eta bulego modularrak). Horrela erantzuna emango zaie horrelako espazioak behar dituzten enpresei eta enpresa jarduera desberdinen arteko sinergiak erraztuko dira Debagoiena eskualdean. Pabilioi eta bulego modularren bi eraikin berri horiek aniztasuna eta tamaina desberdinetako espazioak eskaintzen dizkiete Bergaran horrelako azpiegitura industrial eta komertzialak izan nahi dituzten enpresei.

 

2018ko azken hiruhilekotik aurrera, Larramendi industrialdea kokaleku interesgarria izango da bere jarduera gauzatzeko espazio berrien beharra daukan edozein enpresarentzat. Enpresek informazio gehiago jaso dezakete www.sprilur.eus webgunean (Telf.: 94 423 61 18).

 

 

LARRAMENDI INDUSTRIALDEAREN JATORRIA ETA HISTORIA LABURRA

 

Sprilur-ek 2010ean bukatu zituen Bergarako Larramendi industrialdeko urbanizazio-lanak. Larramendi industrialdea nagusiki izaera industrialeko jarduerak biltzen dituen Debagoieneko jarduera-gune bat da. Gaur egun, industrialde horrek lurzoru industrialeko 9 lursail urbanizatu ditu eta 149.352 m²ko azalera erabilgarria. Era guztietako azalerak eskaintzen dira, 510 m²tik gorako lursailetatik hasita, eta mota guztietako erabilpen eta jardueretara zuzenduta daude. Larramendi industrialdea toki estrategikoan kokatuta dago, komunikazio-gune garrantzitsuetatik hurbil –Beasain-Durango ardatza (AP-1) eta Eibarrerako errepidea (AP-8)–, eta distantzia berera hiru euskal hiriburutatik (Bilbo, Donostia eta Gasteiztik).

 

Eusko Jaurlaritzak –Sprilur-en bitartez–, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoiena nahiz Debabarrenako udalek partaidetutako Deba Bailarako Industrialdea S.A.k beste 9 industrialde kudeatzen ditu Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Eskoriatzan eta Mutrikun, industria-lursail urbanizatu, pabilioi eta bulego modularren eskaintza zabalarekin. Herri horietan guztira 8.264,17 m²ko pabilioi eskaintza dago –77 m² eta 1.592 m² artekoak–, bai eta 1.990 m²ko lursail urbanizatuak eta 40 m²tik gorako 4.102 m²ko bulegoak. Bestalde, guztira 284 enpresa daude kokatuta Industrialdeak kudeatutako industrialdeetan, eta 3.267 langile ari dira lanean horietan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow