Bi enpresa berri instalatu dira Eibarko Matsaria industrialdean

16 June, 2017

 

Sprilur-ek 526 eta 891 m²ko bi nabe industrial esleitu dizkie beren jarduera Eibarren garatzen duten bi enpresari.

Espazio zabalkuntza horri esker, Boj Olañeta, S.L.U. eta Olalsa, S.L.enpresek beren produktu-eskaintza zabalduko dute nazioarteko merkatuan eta 4.0 Industriako teknologiak erabiltzen hasiko dira etorkizunean.

Sprilur-ek 2011n amaitu zuen Matsaria industrialdea. Gaur egun 4.268 m² okupatzen dituzten 7 enpresa daude instalatuta, eta oraindik libre geratzen dira 3.477 m² pabilioi eta 4.280 m² lokal/bulego.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita eta SPRI Taldean integratuta dagoen Sprilur sozietateak Eibarko Matsaria industrialdeko 891 eta 526 m²ko bi lokal berri esleitu dizkie beren jarduera Eibarren garatzen duten bi enpresari.

Boj Olañeta, S.L.U.eta Olalsa, S.L.enpresek asmoa dute beren produktu-eskaintza handitzeko, eta horregatik bi nabe industrial eskatu zizkioten Sprilur-i, egun dauzkaten instalazioak handitu ahal izateko. Azken bi horiekin, zazpi izango dira Matsaria industrialdean kokatutako enpresak, zeintzuek 2.851 m²ko azalera okupatzen duten eta 80 langile inguru enplegatzen dituzten.

Enpresa bakoitzaren jarduera partikularrari dagokionez, Boj Olañeta, S.L.U.ehun urtetik gorako famili enpresa bat da, 1905ean sortua. Hasieran eskuzko estanpazioan jarduten zuen, eta ondoren bestelako produktuak fabrikatzen hasi zen, hala nola sarrailak, bizarra egiteko makinak, latak irekitzekoak, kortxoak ateratzekoak… Bere jarduera-esparrua nazioarteko merkatura zabaldu da, eta marka nahiz patente ezagunak ditu bost kontinenteetan. Asiako merkatua da enpresa honen produktuak inportatzeko interes handiena azaldu duenetako bat. Azken hamarkadetan, enpresaren negozio-planak helburutzat hartu du bere produktuak egokitzea teknologia berrietara eta eskaeraren premia berrietara, eta horregatik egin du diseinu berritzaileagoen aldeko apustua (hornidura, ardoa dastatzeko tresnak, ostalaritza…).
Horretarako, tokiko diseinatzaileekin kolaboratzen du, zeintzuei esker bermatzen baitu merkatu globalera zuzendutako kalitate handiko amaierako produktua lortuko duela.

Exclusivas Olalsa, S.L. enpresari dagokionez, kalitate handiko ekipoak, tresnak eta artikuluak ekoizten ditu erabilpen industrial-profesionalerako, eta segurtasun arloko material oso espezializatua ere bai. Bigarren fasean, enpresak bere material-eskaintza zabaldu nahi du beste sektore batzuetara, hala nola, hauetara: eraikuntza, erreformak, dekorazioa eta higiezinak. Horretarako, 4.0 industriako azken belaunaldiko teknologiak erabiltzen hasi nahi du, besteak beste, 3D diseinua, errealitate handitua, edota fabrikazio gehigarria.

Sprilur-ek 2011n bukatu zituen Matsaria industrialdea osatzen duten 3 eraikinak, 14,4 milioi euroko inbertsioa egin zuelarik horretarako. Asmoa zen tokiko enpresei espazio bat eskaintzea, hirigunetik kanpo koka zitzaten beren jarduera ekonomikoak. Hala, aukera eman zitzaien enpresei beren premietara hobeto egokitzen diren guneetan kokatzeko.

Eibarko Matsaria industrialdean libre daude oraindik 3.477 m² pabilioi (beheko solairuan) eta 4.280 m² lokal-bulego. 570 eta 987 m² bitarteko 4 nabe industrial, eta erabilpen mistoko 28 lokal (industria arina eta bulegoak), 105 eta 244 m² bitartekoak.

Informazio gehiagorako, jo www.sprilur.eus webgunera eta jarri harremanetan sprilur@spri.eus helbidean. Telf: 944236118.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow